Azpeitiko danborrada San Sebastian egunean (urtarrilaren 20) eta bezperan ospatzen diren jai eta desfileak dira. San Sebastian Azpeitiko zaindaria da.

2017ko Azpeitiko helduen danborrada

Ospakizuna urtarrilaren 19an hasten da, San Sebastian bezperan, gaueko hamarrak aldera. Helduen danborradako 27 taldek herriko kaleak zeharkatzen dituzte danborra jotzen eta Soreasuko San Sebastian elizan galdialdia egin ondoren, gauerdian denak plazan elkartzen dira. Momentu horretan, San Sebastian eguna eta 24 orduko ospakizuna hasten da. Tradizioz betetako ospakizuna da, momentu, lekuek eta abestiek esanahi handia dute herritarrentzat.

Historia aldatu

Azpeitiko danborrada XIV.mendean herrian egin zieren hainbat Alarderen haritik sortu zela uste da. Hala ere, Soreasuko San Sebastian donearen eguna ospatzeko eta hau omentzeko sortutako ikuskizun honen aurrekari bakarra 1953koa da, herriko plazan danborrada antzeko bat egin zutenean (Donostian 1836az geroztik ospatzen zuten danborrada).

Azpeitira bidalitako bi apaiz donostiar danborradaren eragile nagusiak izan ziren eta gazteen laguntzarekin lehen danborrada antolatu zuten. 1957ko urtarrilaren 19an egin zen lehen danborrada, haurrena. Helduen danborrada lehenengoz 1959an ospatu zen (hiru talderekin) eta ordundik arrakasta handitzen eta ikuskizun bilakatzen joan da. Partaidetza ere urtez urte handitzen joan da.[1]

Helduen Danborrada aldatu

Urtarrilaren 19ko gaueko hamarrak aldera hasten da helduen danborrada. Gastadoreek irekita eta talde guztiak jarraian, herriko kaleak zeharkatuz Soreasuko San Sebastian parrokian geldialdia egiten da eta beste abesti batzuen artean, Soreasuko Sebastian eta 'San Sebastian martxa jotzen dira. Ondoren, kalez kale herriko Enparantza Nagusian elkartzen dira talde guztiak, gauerdia baino lehen.

Gauerdian, kanpaiekin batera, San Sebastian martxa hasten da, eta omenduek bandera igotzen dute udaletxeko balkoian. Balkoi horretan egoten dira elkarte bakoitzeko banderadunak beraien elkartea irudikatzen.

Herriko Enparantza Nagusian talde guztiak batera abesti guztiak jotzen dituzte eta amaitutakoan bakoitza bere elkartera joaten da.

Taldeak aldatu

30 taldek parte hartzen dute helduen danborradan[2]. Talde bakoitzaren aurretik, irekitzen, banderaduna eta bi kantinera joaten dira. Hauen atzetik joaten da zuzendaria eta taldea.[3]

 
Azpeitiko Danborrada, helduen taldeak
Taldea Urtea Jantzia
Gastadoreak 1959 Militar frantsesa
Egizale -Landeta 1966 Baserritarrez
Gure Ametsa 1966 Sukaldariz
Alkartasuna 1967 Eskoziarra
Zezenzaleak 1967 Landetako euskal toreatzailez
Arrantzaleak 1969 Arrantzalez
Arauntza 1970 Kosakoz
Ardo-Zaleak 1971 Napoleonez
Mendizaleak.Lagun Onak M.B 1974 Tiroldarrez
Irrintzi 1975 Sukaldariz
Txalintxo 1979 Pilotariz
Harkaitza 1979 Husarren tronpetajolez
Barratsu 1981 Antzinako euskal meatzariak
Amnistia Taldea 1981 Baserritarrez
Itsasi Dantza Taldea 1984 Mutilak- soldadu frantziar

Neskak- urketariz

Sanjuandegi 1992 Karlistaz
Zokoa 1992 ‘The Royal Scots’ britaniar erregimenduko jantzi militarra
Barrenetxea 2003 XVII.mendeko musikariak
Oilo-Soro 2004 Nafarroako Erriberako artzainak
Izarraitz Txoko 2007 Txistularien ohorezko jantzia
Basazabal 2008 Sukaldariz
Ziripot 2008 Mikeletez
Ollagorra 2011 Tranpanero (Kanada aldeko ehiztaria)
Loiolatxo 2011 Militarrak eta zibilak
Loiolabide zahar 2011 Sukaldariz
Zulozabal 2011 Londresko dorreko zaintzaileak
Iraurgi Saski Baloi Taldea 2017 Sukaldariz
Ilunpe 2020 Maskaradako jantzia
Inpernue 2020 Gipuzkoako Tertzioa
Izarraitzpe 2020 Urolako treneko langileak

Diana aldatu

Azpeitiko parrokiak, Soreasuko San Sebastian, bere patroiaren omenezko ospakizun erlijiosoa izaten du urtarrilaren 20ko eguerdian. Meza nagusia bandarekin eta bi danborrada talderekin (danbor eta barrikak) ospatzen da parrokia barruan. Meza hasi aurretik, parrokia barruan, San Sebastian martxa jotzen dute.

Parrokiara bidean, diana abestia jotzen dute. Eta meza amaitutakoan, Enparantza Nagusian elkartu eta San Sebastian martxa eta Soreasuko Sebastian jotzen dute.

Dianan jotzen duten bi taldeak: Ardo-Zaleak eta Gure Ametsa.

Haurren Danborrada aldatu

Haurren danborrada izan zen Azpeitiko lehen danborrada. Hasieran bi talde ateratzen ziren, herrian deialdia egin eta atera nahi zuten haurrek osatzen zituzten taldeak. 1986an herriko ikastetxeei egin zitzaien deialdia, bakoitzak bere taldea edo bi talde ateratzeko. Deialdia onartu eta urte horretatik aurrera ikastetxeek pisu garrantzitsua dute danborrada honetan.

Urtarrilaren 20ko eguardian hasten da haurren danborrada, talde guztiek herriko kaleak zeharkatzen dituzte eta herriko Enparantza Nagusian amaitzen dute, udaletxeko balkoian talde bakoitzeko banderaduna egoten da eta abesti denak jotzen dituzte.

Haurren danborrada osoan zehar karroza joaten da atzetik, eta honen atzetik haurrak inudez jantzita.

Taldeak aldatu

Taldea Urtea Jantzia
Itsasi Dantza Taldea 1984 Mutilak- soldadu frantziar

Neskak- urketariz

Betharram Ikastetxea Iraurgi Ikastetxea

2003tik

1986 Gipuzkoako mikeleteak
Milagrosa Ikastetxea 1986 Zumalakarregi
Jesusen Alabak Ikastetxea 1988 Ezpatariak
Karmelo Etxegarai 1986 Napoleon gorriak

Napoleon urdinak

Bizkaitarren Tertzioa

Ikasberri Ikastola 1996 Gipuzkoako Tertzioa: Enparan jenerala eta bere soldaduen jantzia

Sukaldariak

J. Antxieta Musika Eskola 2004 Soldaduz

Karrozak aldatu

Karrozak Azpeitiko haurren danborradaren ikur bat dira, ikusmina sortzen baitu urtero egiten den karrozak. 1957tik 1987 arte karrozen gainean erreginak eta damak joaten ziren, eta erreginari Azpeitiko ederra deitzen zitzaion. 1987tik aurrera, ikastetxeak haurren danborradan sartu zirenean, erregina eta damen ordez haurrak ateratzen hasi ziren. Urtero karrozak gai zehatz eta puntual bat izaten du ardatz bere diseinuan.

Bandera Jaitsiera aldatu

Urtarrilaren 20ko gauean amaiera ematen zaio San Sebastian festari. Hainbat danbor taldek herriko kaleak zeharkatu eta gauerdian plazan elkartuta bandera jaisten da. Abesti guztiak jo eta talde bakoitza bere elkartera joaten da.

Abestiak aldatu

Badira abesti batzuk Azpeitiko danborradan bakarrik jotzen direnak, ospakizun honetarako bereziki sortutako edo moldatutakoak. Herriko abesti berezi hauek Jose Luis Frantsesenarenak dira.[4]

  • Soreasuko Sebastian
  • San Sebastian martxa
  • Txokolo diana-txikia
  • San Sebastian diana
  • Alardea
  • Agurra
  • Mandioko polka
  • Hau dek, hau
  • Idiarena
  • Tatiago
  • Goizeko Izarra
  • San Sebastian diana
  • Batasuna

Bitxikeriak aldatu

  • Lehen urteetan, San Sebastian bezperako helduen danborradak gaueko 10etarako amaituta egon behar izaten zuen. Udaletxeko argiak itzaltzen zizkieten, bestela.
  • 1960an, helduen danborrada bi aldiz egin zen. Haurren danborrada ez zen egin, jantziekin arazo bat egon zelako, eta helduek San Sebastian egunaren egueardian ere atera egin behar izan zuten.
  • 1981ean, lehen emakume danbor jotzaileak irten ziren, Arrantzaleak taldean. 2021ean, dokumental bat egin zen urteurren hori ospatzeko.[5]
  • 2009ko helduen danborradan, lehen aldiz talde guztietan emakume danbor jotzaileak izan ziren.[6]
  • 2015eko San Sebastian bezperako helduen danborradan, Gure Esku Dagoren abestia jo zuten danbor jotzaileek, herriko abeslariek kioskoan abesten zutela eta udalak bandera igoerarekin plataformako kideak omentzen zituela. Azpeitiko Gure Esku Dagok egin zuen proposamena, eta bai danbor taldeek eta bai udalak bat egin zuten proposamenarekin.[7]
     
    Sansebastianak bai elkarretaratzea, 2022
  • 2017ko udan, Azpeitiaren eta Hazparneren arteko senidetzaren 30.urteurrenaren ospakizunen barnean, danborradako hainbat taldetako 60 lagun inguru joan ziren Lapurdiko herri hartara, danborrada egitera.[8]
  • 2021eko San Sebastian festak bertan behera gelditu ziren, COVID-19 pandemiak eraginda. Azpeitiko Udalak danborrada etxeetatik egiteko deialdia egin zuen eta gauerdian herritarrek balkoietatik jo zuten danborrada.[9][10][11]
  • 2022ko San Sebastian festak ere bertan behera gelditu ziren azken unean, COVID-19 pandemiak eraginda. Danborrada egitea bideragarria zela aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zen arren, festak bertan behera uztea adostu zen.[12][13][14]
  • 2023ko danborradan Pantxoa eta Peioren Batasuna kanta jo zen lehen aldiz.[15]
  • 2024an, lehen aldiz, bi gizonek kantinera tokia hartu zuen helduen danborradan, Arrantzaleak taldean.[16]

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu