Augustin jauregia Gasteizen dagoen jauregia da, egun Arabako Arte Ederretako Museoaren egoitza da.

Augustin jauregia
Kultura ondasuna
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaGasteiz
Koordenatuak42°50′30″N 2°40′47″W / 42.841619°N 2.679699°W / 42.841619; -2.679699
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1912
Arkitektura
ArkitektoaJulian Apraiz Arias
Francisco Javier de Luque (en) Itzuli
Ondarea
BICRI-51-0001300

2003ko maiatzaren 20an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena aldatu

Gasteizko erdi-erditik ibilbide-sail batek Armentiako elizaraino egiten du, kale eta landa arteko batzearen bila. Eta bila ibiltze horren ondorioz, horra hor, etxe familiabakarrekoak, villak, hotel koxkor eta landa-etxeak, XX. mende hasieran jasoak ibilbide horien bazterretan.

Inguru horretan, Frai Francisco ibilbidean, jaso zuen etxea Ricardo de Augustinek, 1912an. Egitasmoa Julian Apraiz eta Javier Luke arkitektoek idatzi zuten. Horiexek diseinatu zuten Gasteizko katedral berria eta horiexek berritu zuten Burgoskoa.

Egitasmoak joera historiazale garbia zuen. Mende hasiera hartako azturen haritik, bertako baloreei gorazarre egin nahi izan zieten, baina geometriaren argitasuna eta bolumenen garbitasuna bazterrean utzi gabe. Begira jarrita, zehaztasunen definizio arrandiak erakarriko du gure begirada, eta obra konplexu baten itzala geratuko zaigu gogoan, konplexua, baina, beste alde batetik, marra sinple eta eskematikokoa.

Eraikina ia kubikoa da bolumenez, sarrera nagusi moduko beste atal bat dauka erantsita, eta beste bat, askoz txikiagoa, lorategira ateratzeko.

Atal nagusiak tarteko soto bat eta hiru solairu ditu. Solairuak banatzeko, moldura handi batzuk daude, perimetro osoan, altueren erakusgarri. Tarteko sotoko kanporako leihoak binakako arkuak dira, oso molduratuak. Beheko solairuak, berriz, hainbat balkoi du, kanpora zabaltzeko. Dintela arkitrabatua dute, mentsula gainean jarria. Lehen solairukoak konplexuagoak dira, eta frontoi okerrak dituzte gainean. Azkeneko solairuak binakako leihoak ditu berriz ere.

Eta eraikin kubikoaren gandorrean, balaustrada bat, nabarmenagoa alde banatara eta izkinetan. Erpin gotikoak dakartza gogora balaustrada horrek, pinakuloak eta guzti, baina, hori bai, XX. mendeko erara ulertuak.

Sarrera nagusiko eranskina aurreko behebarru bat besterik ez da beheko solairuan, harrizko hiru arku handiz eraikia. Goiko solairua galeria bat da, eta, hor, harrizko pilastren artean, leiho handiak ageri dira nabarmen.

Ate-leihoak ardatzez bertikalean daude antolaturik, aldaketa txiki batzuk izan arren. Erritmo-aldaketa horiei esker, nagusiarazi nahi diren areto edo elementuak nabarmentzen dira. Mendebaldeko fatxadan, esate baterako, zirkulu erdiko eskailera ondratu bat dugu, lorategira irteteko. Ekialdekoan, berriz, bada leiho altu-altu bat, etxeko kaperarako egina.

Oina oso sinplea eta eskematikoa da, lauki soil bat. Lauki horren ardatz nagusian, eskailera bat sarreraren aurka. Goiko solairuan, laukiaren erdialdea bi solairutan zabalik dago, forja eta egurrezko balkoi bat erabilita, oso landua gainera. Bi altuera horiek luzernario batek argitzen ditu, eta argia beirate batetik datorkio.

Beste gela guztiak erdiguneko horren inguruan daude antolaturik.

Apainketarik handienak bigarren garaiera horretan daude: eskailera, hainbat egur motako zoruak, erdi parerainoko zokaloak, sabaiak konposizio geometrikoz apaindurik, eskaiolazko moldura polikromatuak eta abar.

Beheko eta lehenengo solairuetako gainerako egur-lana ere primerakoa da. Deigarriak dira ateak, janbak, zokaloak. Geletako zoru guztiak ezberdinak dira baina irizpide bakar bati jarraituz eginak, eta hainbat koloretako egurrez egindako forma geometrikoak osatzen dituzte.

Beheko solairuan, garaieraz bitan banaturik, kapera zegoen, egurrez goitik behera apaindurik. Aulkiak dira gauzarik nabarmenena, hormen beheko aldean.

Eta sail guztiaren buelta osoan, hesi ederra, forjaz eta harrizko pilastraz egina eta bina burdin langa handi eta pabilioi dituela, ondoko sailekiko mugagarri.

Arabako Foru Aldundiak eraikina 1941ean erosi eta Arte Ederretako Museorako egokitu zuen. Geroago beste pabilioi bat eraiki zuten museoa zabaltze aldera. Jesus Guinea jaunak idatzi eta zuzendu zuen egitasmoa.

Atzetik beste eraikin bat erantsi zioten, erakin nagusira eskailera aldean bakarrik loturik. Eraikin berria ez da zaharrarekin ezertarako nahasten, bien artean tarte bat geratzen da-eta. Bi solairu ditu, eta, lehenengo hormartean, erlaitzen lerroek beren horretan diraute, baina gero galdu egiten dira.

Fatxadaren akabera jauregikoaren antzeko harriz dago eginda.

Diseinuz neutroa dela, landare eta arbola artean dagoela, eta, azkenean, eranskina ondo oharkabean geratzen da.

Gerora, museoa behin baino gehiagotan berritu izan dute, baina eraikina bera ondo zainduta beti, eta, horregatik, hartarako edo honetarako egokitu izanagatik ere, erakinak bere lehengo hartan dirau.

Duela gutxi, ondoko lur-saila gehitu diote, eta etxe familiabakarreko bat zereginez museora bildu. Villa Sofiako lur-saila ere erantsi zioten. Eraikin hori ere –ez hain interesgarria- historiazalea, eta Julio Salazarrek egin zuen egitasmoa, mende hasieran. Mila gau eta bat gehiago ditu gogoan, adreiluak, azulejoak, harria eta antzeko materialak erabiliz. Minarete, arku peraltatu, leiho gotiko eta halakoei itxura ematen saiatzen da.

 
Sarrerako pabiloi berria.

2000. urtean jada, museorako sarbideak egokitzeko beharra gertatu zen, bai kontrola dela-eta, bai mugitzeko arazoak dituztenei bidea errazteko beharra dela-eta. Lehengo eraikinera sartzeko, bederatzi edo hamar eskaloi igotzeko beharra zegoen.

Beste behin ere handiagotu dute eraikina, hartarako beharrezko lanak eginda, baina jatorrizko etxeari ezer jan gabe. Pabilioi txiki bat egin zuten, sarbiderako, egurrezkoa eta kristalezkoa, bere soilean egina, solairu bakarrekoa eta aldi baterako itxuraz nolabait, eta ezin, bada, eraikin nagusiarekin alderatu.

Inguru guztira sartzeko bide nagusia denez pabiloi hori, ikusteko moduan egon behar du. Horregatik, jauregi ondoan jarri zuten, pixka bat atzerago, lotuta daudela ezkutatzeko moduan, eta, hala, Jesús Guineak diseinatu zuen diafragma hiru guneetako komunikazio-zentro modura erabiliko dute berriz ere. Egitasmo hori José Luis Catón probintziako arkitektuak diseinatu zuen.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa