Burgosko katedrala
Burgosko katedrala tenplu katoliko gotikoa da, Espainiako Burgos hirian dagoena. 1221ean ekin zieten lanei, Frantziako ereduari jarraiki, eta XVIII. mendera arte ez ziren amaitu lan nagusiak. UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen 1984ko urriaren 31n. 10 urte geroago, berriztatze lanak hasi zituzten. Hiriko erdigunean dago eta 300.000-400.000 bisitari jasotzen ditu urtero.[1]
Burgosko katedrala | |
---|---|
Catedral de Burgos | |
UNESCOren gizateriaren ondarea Kultura ondasuna | |
Frantses Bidea Burgosko probintzian | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Espainia |
Autonomia | Gaztela eta Leon |
Probintzia | Burgosko probintzia |
Udalerria | Burgos |
Koordenatuak | 42°20′27″N 3°42′16″W / 42.34081°N 3.70447°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1221 |
Erlijioa | katolizismoa |
Elizbarrutia | Burgosko artxidiozesia |
Izena | Maria |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura gotikoa Spanish Gothic architecture (en) |
Azalera | 1,03 ha |
Gizateriaren ondarea | |
Irizpidea | (ii), (iv) eta (vi) |
Erreferentzia | 316 eta 669-986 |
Eskualdea[I] | Europa eta Ipar Amerika |
Izen-ematea | 1984 (VIII. bilkura) |
BIC | RI-51-0000048 |
986 | |
Webgune ofiziala | |
|
Historia
aldatuXI. mendean Burgos apezpiku-hiritzat izendatu zuen Alfonso VI.a erregeak. Honek sustatu zuen Andra Mariari dedikatutako katedrala eraikitzea, erromaniko estiloa zuena eta Jacako katedrala edo San Martín de Frómistako elizaren estilokoa zena.
Hala ere, bi mende geroago eraikin handiagoa behar zutela jabetu ziren, Erresumako hiriburu sinbolikoa zenez, aurreko tenplua eraitsiz eta 1221ean berriari ekinez. Fernando III.a Gaztelakoa eta Maurizio apezpikua izan ziren sustatzaileak, eta lanen zuzendariaren identitatea ezezaguna da, aditu batzuk Johan de Champagne arkitekto eta eliz-gizon frantziarra zela pentsatzen dutelarik. 1240an zuzendari moduan beste frantziar bat ibili zen, Enrique maisua izenekoa, Reimseko katedralak inspiraturik. Lanek azkar egin zuten aurrera eta 1260an kontsakratu zuten.[2]
XIII. mendeko bigarren erdialdetik XIV.eko hastapenak arte, alboko nabeetako kaperak osatu zituzten eta klaustro berria eraiki zuten. XV.enean Coloniatar familiak fatxada nagusiko dorreen orratzak gehitu zituzten, gurutzaduraren gainean zinborioa eta Kondestableen Kapera. XVI. mendean, kapera batzuen aldaketez gain, Juan de Vallejok zinborio berria altxatu zuen, aurrekoa urakan batek hondatu zuenez. XVIII.enean Santa Teclaren Kapera, Erlikiena eta Sakristia egin zituzten.
XIX. mendeko amaieran azken aldaketak egin zituzten, 1994an hasitako zaharberritze handiari ekin baino mende bat lehenago.
Egileak
aldatuAparteko artistek parte hartu zuten lanetan, Colonia familiaren arkitekto eta eskultoreek bezala (Juan, Simón eta Francisco), Juan de Vallejo arkitekoak, Gil de Siloé, Felipe Bigarny, Rodrigo de la Haya, Martín de la Haya, Juan de Ancheta eat Juan Pascual de Mena eskultoreek, Cristóbal de Andino burdin saregileak, Arnao de Flandes beiragileak edo Alonso de Sedano, Mateo Cerezo, Sebastiano del Piombo edo Juan Ricci margolariek, beste askoren artean.
Kanpoko arkitektura
aldatuSanta Mariaren fatxada
aldatuMendebaldeko fatxada Paris eta Reimseko katedraletan inspiratuta dago.[3]
Beheko aldean hiru arku zorrotz ditu, txaranbelduak. Arku bakoitza atari bati dagokio: erdikoa, Barkamenaren Atea, eta alboetakoak, Jasokundearena eta Sorkunde Garbiarena. Atari hauek Gaztelako gotikoaren erakusgarri garrantzitsuena ziren, baina oso kaltetu zeuden eta berritu egin ziren (1663an Juan de Pobresek albokoak berritu zituen eta 1790ean erdikoa berritu zuten, estilo neoklasikoan, frontoi eta guzti).[4]
Atari honen goiko aldean arrosa leiho bat dago, sei puntuko izar batekin. Eta gorago bi leiho eta zortzi irudi, Gaztelako lehen zortzi erregeenak. Azkenik, Amabirjinaren eta Jesusen irudia dago, eta alboetan Pulchra es et decora idatzita dauka. Irudi hau XV. mendean egin zuen Juan Koloniakoak.
Fatxadaren alboetan bi dorre daude, ia berdinak direnak. Dorre hauen gainean, Juan Koloniakoak bi orratz eraiki zituen XV. mendean.[5]
Sarmental atea eta fatxada
aldatuHegoaldean dauden Sarmental atea eta fatxada 1230 eta 1240 urteen artean eraiki ziren gutxi gora behera.
Atariko tinpanoan Pantokratorra ageri da, alboan lau ebanjelariak dituela (bai pertsona bezala, ebanjelioak idazten ari direla, eta baita Tetramorfo gisa). Azpian, dintel batek banatuta, Apostoluak ageri dira. Tinpanoaren alboan hiru arkibolta daude, eta han Apokalipsiko 24 agureak agertzen dira, Erdi Aroko musika tresnak jotzen. Aingeruen koruak ere ageri dira, eta arteei buruzko alegoriak. Uste da eskultura hauek bertako artisauek tailatu zituztela, maisu frantsesen gidaritzapean.
Atariaren gainean arrosa leiho bat dago.
Coroneria atea eta fatxada
aldatu1250 eta 1257 urteen artean egindakoa da. Erabat gotikoa da, baina eskulturek lantzen dituzten gaiak erromanikoaren tradiziokoak dira. Tinpanoan Azken Epaiketa ageri da. Arkiboltetan, aldiz serafinak, aingeruak eta hildakoen berpiztea ikus daitezke.
Atea 1786an berritu zuten, puntu erdiko arkua erabiliz eta estilo barrokoan.
Atearen alboetan apostoluen irudiak ageri dira. Eskultura hauek tamaina erreala dute ia-ia.
Atearen gainean hiru leiho daude, arku formakoak. Eta gorago beste hiru arku, galeria bat osatuz. Hemen eskultura batzuk ikus daitezke, Gaztelako erregeekin zerikusia dutenak.
Pellejeria atea
aldatuGurutzaduraren iparraldeko besoaren ekialdeko horman dago, eta 1516an agindu zuten egitea.
Arbotanteak
aldatuErdiko nabeari eusteko, alboko nabeek arbotante bikoitzak dituzte. Eredu hau Saint-Deniseko basilikatik edo Parisko Notre-Dame katedraletik kopiatu zuten.
Barruko arkitektura
aldatuKatedralak gurutze latindar oinplanoa dauka, nahiz eta gero beste eraikin batzuk gehitu zaizkion. Hiru nabe ditu eta erdikoa zabalagoa eta garaiagoa da. Alboko nabeak eta burualdea batuta daude deanbulatorio baten bidez. Erdian transeptua dauka. Gangak gurutze estilokoak dira. Hormen goialdean leiho zabalak ditu, beirateekin. Hiru arrosa leiho ere baditu.
Gurutzaduraren gainean zinborio bat dago, 1460 eta 1470 urteen artean eraiki zen lehenengoz eta 1539an erori egin zen.[6]
Literaturan
aldatuBurgosko katedrala fikziozko lan batean baino gehiagotan agertzen da eszenatoki moduan, besteak beste: "El número de Dios" (José Luis Corral), "Los umbrales del templo" (Francisco Javier Tabares), "Inquietud en el Paraíso" (Óscar Esquivias), "La extranjera" (Astrid Nilsen), "El jardín de la Oca" (Toti Martinez de Lezea), "El enigma del Cid" (María José Luis), "La piscina de Bethesda" (Roberto Llorente), "Y pasó en tiempos del Cid" (José Enrique Gil-Delgado), "¿Quién mató al gobernador?" (Joaquín García Andrés) eta "El reino de los hombres sin amor" (Alfonso Mateo-Sagasta) liburuetan.
Agertzen da halaber Benito Pérez Galdós, Victor Hugo, Alexandre Dumas, Gustavo Adolfo Bécquer, Federico García Lorcaren lanetan.
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) Burgos, Diario de. (2014-06-29). «La Catedral multiplica por diez las visitas desde que es Patrimonio de la Humanidad» Diario de Burgos (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) Catedral de Burgos. Pagina Oficial | La Catedral de Burgos. Su Historia. (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) Burgos, Diario de. (2021-04-01). «La fachada principal (II): Un gran pedigrí» Diario de Burgos (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) Burgos, Diario de. (2021-03-04). «La fachada principal (I): La triple portada» Diario de Burgos (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) Burgos, Diario de. (2021-04-29). «La fachada principal (III): Las agujas caladas de la catedral de Burgos» Diario de Burgos (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) Burgos, Diario de. (2013-09-19). «Juan de Langres le quita a Vigarny la autoría del cimborrio de la catedral» Diario de Burgos (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu