Art Nouveau

Art nouveau» orritik birbideratua)

Art Nouveau (frantsesetik arte berria) XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran Europan eta Ipar Amerikan garatu zen arte, arkitektura eta diseinua mugimendua da. Herrialdearen arabera izen ezberdinak hartu zituen: Art Nouveau (Frantzia eta Belgikan), Modern Style (Ingalaterran), Secession (Austrian), Jugendstil (Alemanian), Liberty edo Floreale (Italian) eta Modernisme (Katalunian). Dituen izen guztiek, arte berri bat sortzeko asmoa adierazten dute, garai hartan nagusi ziren eklektizismo eta historizismo estiloekiko haustura bat sortuz. Estetika berri bat sortzean datza, naturan oinarritzen den inspirazioa eta Industria Iraultzetik eratortzen diren berrikuntzak uztartuz. Arkitekturan beraz, beira eta burdinaren erabilpena ohikoa da. Baina era berean ere, garai hartan oso erabilia zen eta horren estetika pobrea zuen burdinazko arkitekturarekiko erreakzio bat da.

Wikiproiektu bat abian da
Arkitektura gaiari buruz.
Art Nouveau estiloko hainbat sorkuntza (arkitektura, diseinua, ilustrazioa...).

Historia

aldatu

Art Nouveau estiloa arkitekturan eta dekorazioan nabarmendu zen, eta sortu eta handik oso denbora gutxira zabaldu zen hainbat herritara hitzaldi, erakusketa eta, batez ere, munduan zehar argitaratzen ziren hainbat aldizkariren bitartez; industrializazioak ekonomiaren oparotasuna eta burgesiaren nagusitasuna ekarri zuen, eta hari esker ezagutu ziren munduan zehar berrikuntza tekniko eta esperientzia artistiko berriak. Horrela lortu zen oinarrian bateratua izango zen estilo berri bat sortzea; arte berriaren xedea, beraz, estilo bateratu bat finkatzea zen, nahiz eta herrialde bakoitzean ezaugarri bereziak hartu zituen.

Art Nouveauak ordu arte aintzat hartu izan ziren antzinateko estilo historiko guztiak baztertu eta izadira jo zuen, izadia hartu baitzuen inspirazio iturri nagusitzat. Ikonografia modernistan sinbolismoarekin loturiko erreferentziak agertzen dira, batez ere lerro bihurgunetsuez marrazteko aukera ematen duten landare zurtoin-luzeenak (eguzki-loreak, sahatsak, etab.), animalienak (herensugeak, tximeletak, beltxargak, etab.) edo emakume irudi sentsual, misteriotsuenak; horren ondorioz da estilo lineala, metamorfikoa eta apaindura dotoreekikoa. Alde horretatik arte berriaren oinarriak zeintzuk diren zehazterakoan, bereziki kontuan hartzekoak dira garai hartan eskola inpresionistak aldarrikatzen zuen errealismoaren kontra margolaritzan hedatu ziren mugimenduak, batez ere arte grafikoetan nabarmendu zirenak, eta irudiak izaera sinbolikoz eta apaindurazkoez hornitzeko joera. Pintura modernistari dagokionez, maisu ospetsuenak Khnopff, Beadsley, Toorop, Hocller, Klimt eta, bere karrerako aldi sinbolistan, Munch izan ziren.

Baina Art Nouveauak pinturari baino garrantzi handiagoa eman zion eraikinen barnealdeko dekorazioari eta arte aplikatuei, eta orobat arkitekturari, edo, hobeki esan, artearen alor guztiak eraikinetan koherentziaz bateratzeari; oro har, alor guztietan azpimarratu zuen apainduren eta sinbolismoaren garrantzia. Estetika modernistaren ezaugarri nagusietakoa obraren kanpoaldearen eta barnealdearen arteko batasuna izan zen, eta egituraren, dekorazioaren eta apainketaren arteko koherentzia, arkitekturan batez ere; arte aplikatuetan, berriz, eguneroko bizitzan erabiltzen diren gauzakiei duintasuna eta kalitate hobea emateko joera nagusitu zen, XIX. mendearen bigarren erdialdeko merkataritzak ekarri zuen arrunkeriari aurre eginez.

Ingalaterran Morrisek eta Arts and Crafts mugimenduak produkzio prozesu behiek arte aplikatuen alorrean sortu zuten gainbehera estetikoari kontra egin zion; Art Nouveauak ere ez zuen atsegin egunerako bizitzarako egiten ziren gauzakien estiloa, haina industriaren kontra eta teknika berrien kontra azaldu ordez eta gauzakiak kopuru handietan ekoizteko prozesuak zuzenean kritikatu ordez, arreta handiz aztertu zituzten teknika eta material berriek eskaintzen zituzten aukerak, arkitekturan batez ere, horrela lortuko zelakoan artearen eta industriaren arteko bateratzea; honela azaltzen zuten edertasuna eguneroko bizitzara eramateko helburu utopikoa, artea guztien esku jartzeko helburua. Dena dela, eta zuzenean prozesu behien kontra azaldu ez ziren arren, helburu utopiko hori lortzeko bidean estilo berri honen arabera egiten ziren gauzakiak hain ziren material eta kolore oparoez eginak, hain ziren forma berezi eta bihurrikoak, ezen ezin baitziren egin eskuz baino; alegia, industria ez zuten baztertzen, baina beraiek aldarrikatzen zuten arte estiloa eskulangintzako tekniken bidez bakarrik gauza zitekeen estilo bat zen ia, eta hortaz, obra garestiak ekoizten zituen. Esan bezala, herrialde askotara zabaldu zen estiloa, baina bereziki garrantzitsua izan zen Europako kontinenteko herrialdeetan, 1890etik hasi eta Lehen Mundu Gerra bitartean.

Herrialdeka

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Art Nouveau Euskal Herrian»

Ingalaterra

aldatu

Estilo honenen ezaugarriak Ingalaterran hasi ziren finkatzen, hura izan baitzen industrializazioaren kontrako erreakzioa lehenengo zabaldu zen herrialdea. Joera modernistan bereziki azpimarratzekoa izan zen William Morris (1834-1896). Morrisek bere garaiko artelanen itsuskeria eta ustelkeria salatu zuen, salatu zuen, halaber, hirien bilakaera neurrigabea, eta makinari leporatu zion horren guztiaren errera; lan banaketa kritikatu zuen, langilea automata soil bihurtzen omen zuelako banaketa horrek, eta Erdi Aroko eredura itzultzeko beharra aldarrikatu zuen artea eta, aldi berean, gizartea eraberritzeko bide gisa.

Belgika

aldatu
 
Tassel etxearen barnealdea (1893) Victor Hortak eraikia, Bruselan.

Belgikan Victor Horta hartzen da Art Nouveauaren ezaugarriak bere obretan islatu zituen lehen artistatzat. Aipagarriak ditu Tassel etxea (1892-1893), Solvay etxea (1895- 1900) eta batez ere, Belgikako alderdi sozialistaren Herriko etxea (1896-1899). Horta arkitektoaz gainera, Van de Velde nabarmendu zen, teorialari eta artista gisa. Eztabaida latzak sortu zituen bere teoriekin, ez bakarrik Belgikan, baita Alemanian ere, han jardun baitzuen 1899az gero, baina bere teoriak praktikara eraman eta tapiz, altzari, bitxi zein dekorazio bikainak osatu zituen.

Alemania

aldatu

Alemanian artista gazteen belaunaldi bat sortu zen, Eckmann eta Obrist zituela kide besteak beste. Talde hark zenbait aldizkari sortu zituen, eta Van de Velderen bideari heldu zioten, nahiz eta apaingarri naturalistak erabili zituzten. Obrei dagokienez, bereziki aipagarria izan zen A. Endellek Munichen sorturiko Elvira argazki estudioa (1898); izan ere, estudio haren fatxadan oskol asimetrikoko erraldoi bat dago apaingarri moduan jarria, eta obra hori hartzen da Art Nouveauaren maisulantzat.

Austria

aldatu

Austriako Art Nouveauaren aitzindariak Ver Sacrum taldearen inguruan bildu ziren, 1897an. Izen hori bera jarri zioten estilo honen teoriak aldarrikatzeko sortu zuten aldizkariari ere. Modernista austriar nagusietan aipagarriak dira Gustav Klimt margolariaz gainera, Olbrich (Sezesioko jauregia; 1898, Viena), Hoffmann (Stoclet jauregia; 1905- 1911, Brusel) eta Wagner (1841-1918) arkitektoak, nahiz eta Wagnerrek hasierako obretan tradizio historizistei jarraitu zien. Apaingarrien alorrean Loos nabarmendu zen (1870-1933).

Frantzia

aldatu

Frantzian hainbat jarraitzaile izan zituen Art Nouveauk, batez ere arte aplikatuen alorrean. Kontuan hartu beharrekoak dira Galle, beiragintzan, Delaherche, zeramikan, de Feure eta Gaillard altzarigintzan, etab.

Arkitekturan Guimard izan zen artista handiena, besteak beste Parisko metroko geltokiak egin zituena (1899-1900). Obra horietan burdina eta beira agertzen dira elkarri loturik, burdina bihurriturik agertzen da, eta teknologiaren eta artearen, abstrakzioaren eta izadiaren arteko halako batasun bat nabarmentzen da, Art Nouveauari zegokion bezala.

Espainia

aldatu

Espainian Katalunia izan zen Art Nouveauak jarraitzaile gehien izan zuen lurraldea, hura baitzen garai hartan Europako joera berrien aurrean jarrera irekiena zuena. Arkitektura modernistaren erakusgarri bikainak osatu ziren han Domenech i Montaner (Castell dels Tres Dragons, 1888) eta Puig i Cadalfachen (Casa de les Punxes, 1903-1905) eskutik eta, batez ere, Antoni Gaudíren eskutik (Güell parkea, Familia sakratuaren eliza...). Apaingarrien alorrean, berriz, aipagarriak izan ziren Masrieraren bitxiak eta Homarren altzariak.

Artista garrantzitsu batzuk

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu

Erreferentziak

aldatu