Araxes paper-fabrika

eraikitako euskal ondare nabaria

Araxes paper-fabrika, Gipuzkoako Tolosa udalerriko lursailetan dagoen paper-fabrika bat da. Tolosan egonagatik, Leaburuko Txarama auzoko hirigunetik gertu dago, Tolosako Amarotz auzotik Lizartzara doan errepidean eta Araxes ibaiaren bazterrean.

Araxes paper-fabrika
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaTolosa
Koordenatuak43°07′14″N 2°04′29″W / 43.1204777°N 2.0748033°W / 43.1204777; -2.0748033
Map
Historia eta erabilera
IrekieraXIX. mendea
Suntsipena1990
Ondarea
EJren ondarea68

XIX. mendean ireki zen, aurre errota bat zegoen lekuan. Latengiak auzoaren etorkizunean eragin zuen, Txarama baserri giroko auzoa izatetik, gaur egun ere hala izaten jarraitzen du, nolabaiteko industria-kolonia izan zen; lantegia ezarri zutenean enpresak berak etxebizitza batzuk eraiki zituen, argia jarri zuen, eta paper fabrikan lan egiteko biztanleak erakarri zituen.

1980ko hamarkadara arte lantegiak herritarrentzako eraikin publikoak izan zituen, alegia, paper fabrikak eraiki eta ondoren langileen esku geratutako etxebizitzak, lantegiak egindako kapera bat, kultur etxea, zine areto txiki bat, etab. Halere, 1990eko hamarkadaren hasieran Tolosaldean parper-fabrikek jasandako krisi latzaren eragina izan zuen, eskualde honetako paper-fabrika ugari itxi baitziren.

1990ean behin betiko itxi zen, baina eraikinak bertan dirau.

2017ko uztailaren 18an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Historia aldatu

Araxeseko paper-fabrikaren multzoa Araxes ibaiaren meandro batean dago, Txarama auzoan, Tolosaren eta Leabururen arteko mugan. Fabrika zaharraren instalazioak eta industria-koloniaren gainerako elementuak Tolosa-Lizartza GI-2135 errepidearen bi aldeetan daude. Nolanahi ere, multzoaren barruan dagoen azpiegitura hidraulikoetako bat hiru kilometrotan baino gehiagotan luzatzen da, Lizartzako Mekolalde auzoan dagoen presatik, Altzotik eta Leaburutik doan ubidean aurrera, errepidearen ezkerraldean, fabrikaren nukleotik 170 kilometrora, gune goratu batean dagoen deposituraino.

Paper-fabrika 1856an sortu zuen Jose Antonio Irazustak, «La Confianza» izenarekin, eta eraiki zen tokian, burdinola bat, Txaramako irin-errota eta beste industria-instalazio batzuk (koltxoi-fabrika bat eta pilategi bat) egon ziren aurretik. XIX. mendearen amaieran, modernizatu eta handitu egin zen, eta jabearen senidea zen José Eugenio Ribera bideetako ingeniariak lagundu zuen proiektuan. Hark azpiegitura hidraulikoak hobetu zituen eta, horrez gain, ubideko akueduktua hormigoi armatuzko zutabeekin eraiki zuen, berak patentatu zuen teknika erabiliz. Hormigoi armatuz egindako mota honetako lehen lanetako bat izan zen Estatuan.

1900ean, fabrikaren izena aldatu zen, eta «Papelera del Araxes, S.A.» izena hartu zuen; handitzen joan zen, harik eta eliza, eskola, etxebizitzak eta abar zituen kolonia txiki bat eratu arte. 1920an sute garrantzitsu bat izan zen, eta, horren ondoren, birmoldaketa bat egin zen, Antonio Garmendia ingeniariaren zuzendaritzapean. Fabrikak XX. mende osoan funtzionatu zuen, eta paper fina, zetazko papera, erretzeko papera, komuneko papera, serpentinak eta beste batzuk ekoizten espezializatu zen. Historian zehar, aldaketak egin dira ekoizpen-prozesuan, eta sektoreak XX. mendearen amaieran bizi zuen krisia gainditu zuen, harik eta 2006an behin betiko itxi zen arte.

Araxeseko paper-fabrikaren multzoa Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ondarearen ordezkari nabarmena da, Oriaren arroaren paper-fabrika Gipuzkoako industrializazioaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen sektore hori garrantzitsuenetako baten historiaren lekuko izan baita, eta interes tipologiko bikaina izan baitu industria-kolonia txiki gisa (XX. mendearen lehen erdian garatutako industria-asentamenduen eredu bereizgarria); gainera, ekoizpen-espazioen diakronia- eta egokitze-berrerabilpenaren erakusgarri bikaina da; izan ere, bere historiaren ondoz ondoko etapen irizpide funtzional eta teknikoak sartu ditu industria-garapenean.

Instalazioak aldatu

Fabrikaren historia eta funtzioak ulertzeko funtsezkoak diren paper-fabrika zaharraren instalazioen elementuak kontserbatzen direnak sartu dira multzo babestuan. Elementuok ondokoak dira:

Fabrikaren nukleoa aldatu

Fabrikaren nukleoa zenbait eraikuntzak osatzen dute. Eraikuntzok hainbat etapa kronologikokoak dira, eta hainbat eraikuntza- edo estilo-erreferente dituzte, zer garaitan eraiki ziren. Multzoak hainbat bolumenetako continuum bat hartzen du, errepidearen eta ibaiaren artean, Usabalgo zubitik Leaburuko mugaraino. Industria-eraikinak dira, etxea/bulegoa izan ezik, eta ezaugarri hauek dituzte: hormigoizko egiturak, adreiluzko, hormigoizko edo bloke moduko kanpo-hormak, erabat edo partzialki zarpiatuak, eta estalki laua. Batzuek goi-urtegia dute.

Oreen biltegian eta ondorengo eraikuntzatan sartu ziren zati zaharrenetako batzuetan (ekoizpen-eraikuntzak), eraikuntza zaharren aurreizateak daude: jatorrizko eraikinaren harlangaitzezko hormak eta galdaketa-zutaberen bat.

Baoak nolabaiteko ordena bati jarraikiz daude jarrita fatxadako aurrealdeetan, zatien arabera, zuzen edo eskartzanon irekita, hormigoizko markoarekin edo metalezko edo egurrezko arotzeriarekin; asko panelatuak dira eta gillotina-leihoak dituzte.

Usabalgo zubiaren ingurutik hasita, hauek dira multzoa osatzen duten eraikuntza nagusiak:

  • Galdaren eraikina: L motako planta du, ibairantz orientatuta, eta bere bi zatiek altuera ezberdina dute. Baoen kokapena nabarmentzen da; hots, horizontalak fatxadetan eta horma-atal bertikal luzea karga-jasogailuaren dorrean, 1960ko hamarkadaren estetika funtzionalistaren arabera.
  • Etxebizitzaren/bulegoen eraikina: ondoko eraikinetik bereizita dago hormatxoz eta hesiz mugatutako espazio baten bidez. Planta angeluzuzeneko eraikuntza bat da, bi isurkiko estalkia du, goiko pisuak irtenda daude eta kanpoaldea neoeuskal estiloko bilbadura faltsuarekin dekoratuta dago; hasiera batean, jabeen etxebizitza izan zen eta, gero, bulegoak. Etxeak ez du zerikusirik jatorrian zuen formarekin; izan ere, 1930eko hamarkadan birmoldatu egin zen, eta gaur egun duen itxura hartu zuen. Atzealdean, ekoizpen-eraikina dago; solairu bakarreko bolumen betetik sartzen da bertara; etxearen alboaren eta finketa-eraikinaren artean dago bolumen hori, arku nabarmenduko baoak ditu, eta adreilu kalatuzko baranda duen terraza moduko estalkia.
  • Fintzeko eraikina eta biltegia: eraikuntzaren fatxadak erremate mailakatua du, eta erlaitza estalkia baino altuagoa da. Gainera, txandakako tamainetako baoak ditu, horizontalki jarrita, bai eta ate handiak ere, beheko solairuan.
  • Prestatzeko eta ekoizteko eraikinak: Hainbat bolumenetako eraikuntzen multzoa da; ibairantz garatzen dira, etxebizitza/bulegoaren, fintzeko eta biltegiratzeko eraikinaren eta zamalanetarako biltegiaren atzealdean; eta errepiderantz, azken bi eraikin horien artean. Errepiderantz ematen duen fatxadaren aurrean, altura ezberdinetako bi zati bereiz daitezke:
    • Ezkerreko zatia, lau bao-ardatzetan ordenatuta dago eta inposta koloreztatu bidez bereiztuta dago horizontalki hiru zatitan: erdisotoaren beheko zatiak leiho angeluzuzen txikiak ditu; erdiko zatian, beheko eta lehen solairuen bao-ardatzak kokatzen dira; eta goiko pisua, geroago gehitu zena. Erdiko zatian, horma-zati bertikaleko bao-ardatzak daude; adreiluzko uztaiak eta giltzarri nabarmendua dituzten arku eskartzanoko leihoek osatzen dituzte, eta adreiluzko horma-zatiak irtengunea du bi mailen artean. Hirugarren zatian, bao sinple eskartzanoak daude.
    • Eskuineko zatia ez da hain altua, eta bi zati bitu: erdisoto trinkoa, arku motako aireztapen-bao bat duena, eta bigarren zatia, ezkerreko aldeko bi bao-ardatz berdin eta erlaitzean amaitzen den fatxada dituena.

Eraikuntzak ibairantz lerrokatzen dira, meandroaren formara egokituz; alegia, horizontalean jarritako baoen fatxadak dituen lerro okerrean. Horien zirrikituetan, bada, interes handirik ez duten eraikuntza txikiak daude atxikita. Erdisotoan, «katakonbak» daude; fabrikaren zati interesgarrienetako batzuk dira. Ekoizpen-espazioak izan ziren, bertan baitzeuden turbinak; baliteke hasierako burdinola zegoen tokian kokatuta egotea. Eraikinen multzoa konplexua da eta hainbat bolumenetako eta hainbat etapatako eraikuntzak biltzen ditu, bai eta harlangaitzezko hormak zituen fabrika zaharraren zatiak ere.

  • Zamalanetarako biltegia: Erremate mailakatuko eraikuntza da, fintzeko eraikinaren antzekoa, eta ate handiak ditu beheko solairuan. Goialdean, enpresaren izenaren errotulua dago: «Celulosas del Araxes, S.A». Antonio Garmendia ingeniariak 1930eko hamarkadan egin zuen handitze-proiektuaren zatia da.
  • Oreen biltegia: planta angeluzuzeneko eraikuntza, Leaburutik gertuen dagoen zatian; bao eskartzatuen bi lerro ditu lehen eta bigarren solairuetan, eta bao etzanak goiko solairuan.

Azpiegitura hidraulikoak aldatu

Bi azpiegitura hidraulikoren saltoek makinen turbinei eragiteko eta fabrika urez hornitzeko balio zuten:

  • Mekolaldeko azpiegitura hidraulikoa, Lizartzako presatik 3 kilometro baino gehiago luzatzen dena: 25 metroko luzerako aurrealde okerreko presa du, harlangaitz- eta harlandu-lanekoa, eta ezponda-paramentua du ibaian behera. Ubidea bere ezkerraldetik abiatzen da eta Altzotik eta Leaburutik igarotzen da. Urkolan, estalita dago eta akueduktuan zati goratua du. Leaburun dagoen deposituan amaitzen da, fabrikaren nukleotik 170 metrora dagoen mendi-bizkar batean, errepidearen beste aldean. Azpiegitura honen elementu oso nabarmen bat ibaiaren eta errepidearen gainetik igarotzen den akueduktua da, Altzo eta Leaburu artean dagoena. Luzeran 58 metro dituen gaineko pasabide bat da, eta hormigoi armatuzko sekzio karratuko 5 zutabe-bikotek eusten dute harri-lan hidraulikoko harroinen gainean. José Eugenio Ribera ingeniariak proiektatu zuen 1902an hormigoi armatuaren erabilera bultzatu zuen ingeniarietako bat izan zen. Estatuan halako ezaugarriekin eta hormigoi armatuz egin zen lehen lana izan zen akueduktua.
  • Beste azpiegitura hidraulikoa Txaramakoa da. Ez da babes-araubide honen barruan sartzen, fabrikaren ondoan dauden depositu/ubideak izan ezik. Harlangaitzezko eta hormigoizko aurrealde okertuko presa bat du, Leaburun dagoena, instalazioetatik 135 metrora. Ubidea presaren eskuin-ostikotik abiatzen da, lurpeko zati bat du (etxebizitza-eraikuntzen azpian) eta bi depositu/ubidetan banatzen da.

San Luis eliza aldatu

Eliza paper-fabrikaren koloniaren kapera zen. Estilo neogotikoko eraikin bat da, eta errepidearen ezkerraldean dago, pixka bat goragoko mailan, eta hormatxoa eta burdinazko baranda ditu errepidearen aldean. Harlangaitz-lan luzitua du, eta kuxindura-harlandua imitatzen duten plakak oinaldean, eta moldura-dekorazioa iskinetan; bi isurkiko estalkia du, teilatu-gailurra fatxada nagusiarekin paraleloan dago, eta teilatu-hegalak maileta-babesekin apainduta daude. Fatxada nagusiak arku konopialeko sarbidea du, eta konopioen moldura, ojiba-bao handia eta kanpai-horma. Alboetan, ojiba-baoak daude, eta argizuloa absidean. Barnealdean, egurrezko ganga du.

Espazio libreak eta aisialdikoak aldatu

Fabrikaren inguruan, espazio libreak daude: fabrikaren hegoaldean, Txaramako azpiegitura hidraulikoaren depositu/ubideen gunean eta Mekolaldeko azpiegitura hidraulikoaren deposituaren eta errepidearen artean; hainbat erabilera izan dituzte: zerbitzu- eta aparkamendu-guneak, tenis-zelaia, lorategi-espazioak, baratzeak, eta abar.

Erreferentziak aldatu


Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa