Migel Joakin Eleizegi

Erraldoitasun eritasuna izan zuen Altzoko bizilaguna
Altzoko Handia» orritik birbideratua)

Migel Joakin Eleizegi Arteaga, ezagunagoa Altzoko Handia edo Altzoko Erraldoia ezizenarekin[1]Goierriko gipuzkeraren ezaugarriak dituen Altzoko hizkeran, Altzoko Aundie; Beterriko gipuzkeran, Altzoko Aundiya[2][3] (Altzo, Gipuzkoa, 1818ko uztailaren 10a1861eko azaroaren 20a) oso gizaseme garaia izan zen; akromegalia deritzon gaixotasunaren ondorioz, 2,41 metro garai izatera heldu zen.[4] Ospe handia izan zuen, eta handiki ugari ezagutu zuen Europan zehar, baita garaiko europar monarka zenbait ere.[5] Haren bizitzako gertakarietan inspiratuta, 2017an Handia filma estreinatu zen.

Migel Joakin Eleizegi
Altzoko erraldoiaren marrazkia, Frantzisko Lopez Alenek 1846an egina. Bertan ikuskizun baterako espainiar armadako jeneralez jantzita agertzen da. Irudi gehiago
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMiguel Joaquín de Eleicegui y Ateaga, Migel Joakin Eleizegi Arteaga
JaiotzaAltzo1818ko uztailaren 6a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntzaeuskara
HeriotzaAltzo1861eko azaroaren 20a (43 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jardueraknekazaria eta zirkuko artista
Altuera2,42 metro
Izengoitia(k)Gigante Guipuzcoano, Altzoko Erraldoia, Altzoko Handia, Gigante de Alzo eta El Gigante Eleizegui

Ezaugarriak aldatu

Gorpuzkera aldatu

Egin zioten azken neurketan, 2,41 metro garai izatera heldu zen, eta besoak horizontalean zabal-zabal jarriz gero esku bateko hatz puntetatik bestekoetarainoko distantzia 2,42 metrokoa zuen. Pisu handiena zuenean, 203 kilo pisatzen zuen. Inguruko zapata-dendetan haren oinen neurriko zapatarik saltzen ez zutenez, espresuki beretzat egindako 39 zentimetro luzeko zapatak janzten zituen. Gaur egun oraindik ere Paris hirian berak erabiltzen zituen ahuntz larruz egindako eskularruak gordetzen dira, hatz loditik txikira 31 zentimetrokoak. Berak jantzi eta gaur egun arte gorde izan diren bi kapela luzeetako bakoitzak 7,5 puntu neurtzen du, hau da, 62 zentimetroko zirkunferentzia.[4]

Bere erraldoitasuna hipofisiaren gaixotasun baten ondorio zuzena zen: akromegalia. Eritasun hori 20–40 urte bitartean agertzen da, eta haren ondorioz ohikoak dira honako osasun-arazo hauek: giharretako mina, artikulazioetakoa, ibiltzeko makulu baten beharra eta osteoporosia, besteak beste.[6]

Nortasuna aldatu

Gizon ona, apala eta langilea zela deskribatu dute. Gizatasun handiko pertsonatzat zuten, ezagutu zutenek. Ez zen harroputza, lotsatia baizik, bere altuera zela eta. Esate baterako, bai bere azken testamentuan bai Isabel II erreginari igorritako instantzia batean, bere burua naturaren abortutzat jo zuen.

Bestetik, bere erlijiotasuna nabarmendu izan da. Bere testamentuan aldez aurretik ordaindutako 500 mezak utzi zituen.[4]

Bizitza aldatu

Lehen urteak aldatu

Tolosatik gertu dagoen Altzo herriko Ipintza Zar baserrian jaio zen (egun Ipintza Haundi izenez ezaguna),[4] bederatzi seme-alabako familia batean. Haren haurtzaroaz ez dago datu askorik: berak 10 urte zituela, ama hil zitzaiola baino ez. Gaztaroa, berriz, oso arrunta izan zuen: pilota partidak, igandetan mezatara, nekazari... Baina lasaitasun hura Migel Joakinek 20 urte bete zituenean desagertu zen. Orduan akromegalia gaixotasun larria jasan zuen, eta asko hazi zen denbora gutxian. Dirudienez, bizilagunak, sarritan ikusten zutelako edo, ohituta zeuden mutilaren tamainarekin. Tolosara joaten zenean, ordea, benetako ikusmira sortzen zuen, eta guztien ahotan egoten omen zen haren handitasunari buruzko aipamenen bat. Horrek zeharo lotsarazten omen zuen Joakin. Ikusmira haren ondorioz, geroago bere familiak «10 xentimoko museoak» direlakoetan sartu zuen, alegia, ezohiko ezaugarri fisikoak zituzten gizakien ikuskizunetan.[4]

Egindako bidaiak eta ikuskizunak aldatu

Garai hartan, Phileas Taylor Barnum izeneko gizon iparramerikarra oso ospetsua egin zen mundu osoan, zirkuan akromegaliak desfiguratutako pertsonak ikusgai jartzen zituelako eta horrek eraginik izan zuen Lekunberriko Jose Antonio Arzadunen egitasmoan, elkarte bat osatu baitzuen, erraldoia herriz herri eraman eta dirua egiteko. Kontratuan, besteak beste, Migelek erretzeko behar zuen tabako guztia elkartearen gain egongo zela eta zegoen lekuan egonda ere, Elkarteak mezara joateko aukera eman beharko ziola zehazten zen. Bere anaia zen Juan Martin lagun izan zuen bidaietan.

Migel bidaiak egiten hasi zen, turkoz eta espainiar armadako jeneralez mozorrotuz. Lehendabiziko ikuskizuna Bilbon egin zuten.[7] Ondoren, Espainian (1841ean Madrilen egon zen) eta gero Europan zehar bidaiatu zuten, eta han «euskal herritar erraldoia» izenaz aurkeztu, zenbait grabatuk erakusten dutenez.

29 urte zituenean Portugal eta Frantzia bisitatu zituen eta Madrilen Elisabet II.a, Frantzian Luis Filipe erregea, Portugalen Maria de la Gloria erregina eta Viktoria I.a Ingalaterran bisitatu zituela egiaztatzen duten agiriak daude. Emakume ingeles batekin ezkondu nahi izan zuten ekonomikoki onura ekar zekiokeelako, baina Joakinek benetan nahi zuena etxera itzultzea zen. Ezkongabe iraun zuen bizitza osoan zehar.

Heriotza aldatu

1859an makaltzen hasi zen, akromegaliaren ondorioz, eta ikuskizunetan parte hartzeari utzi behar izan zion. 1867an, 43 urte zituela, hil zen, jaiotetxean, biriketako tuberkulosi baten eraginez eta Altzoko hilerrian lurperatua izan zen. Migel Joakin zendu eta denbora batera, etnologo batzuek bere sendiarengana jo omen zuten Joakinen hezurrak erosteko asmoz, ohikoa baitzen XIX. mendeko antropologoen artean gizaki «ez arrunten» gorpuak aztertzea. Familiak ezezkoa eman zuen.[4]

Handik gutxira, hilobitik haren hezurrak lapurtu zituztela zabaldu zen halako batean, hobitik ateratzerakoan ez zeudela han zioen herriko jendeak.[8] Bi hipotesi nagusi aztertu ziren. Luis Angel Sanchez Gomez madrildar antropologoaren ustez, seguru asko osteoporosiak jota zegoen Joakin, eta, beraz, oso litekeena izango zen lur azpian berehala eta erabat desegin izana haren hezurrak. Beste hipotesia, Pako Etxeberria forentsearen ustez erabat baztertu ezin zena, hau zen: hezurrak Londresko laborategiren batean gordeta zeudela[7].

Azkenean eta hezurren paralekuari buruz hipotesi ezberdinak egon ziren arren, 2020ko abuztuaren 16an topatu zituen Aranzadi Elkarteak. Izan ere, Altzoko hilerrian aurkitu zituzten hezurrak. Pilar Unsain, Altzoko Handiaren ondorengoak baieztatu zuen albistea. Hilobian ez baina hezurtegian aurkitu zituzten[9].

Erreferentziak aldatu

  1. Torrecilla Lezeta, Fernando. (D.L. 2016). Altzoko Erraldoia. [F. Torrecilla] ISBN 978-84-617-5165-5. PMC 1107205714. (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
  2. «Altzoko 'Aundiya' 'Handia' izango da», Berria, 2017ko uztailaren 13a.
  3. «Altzoko Handia», Altzo.eus (Altzoko Udalaren webgunea).
  4. a b c d e f Nerea Santxo: Altzoko erraldoia: Migel Joakin Eleizegi Ateaga (1818-1861).
  5. (Gaztelaniaz) «Miguel Joaquín Eleicegui» Auñamendi Entziklopedia. .
  6. Iñaki Lasa Etura: «Altzotik mundura», Gipuzkoako Hitza, 2017-10-15
  7. a b Gotzon Aranburu: «Altzoko handiaren arrastoari segika», Naiz, 2017-10-15.
  8. Zumalakarregi Museoaren webguneko artikulua, CC-BY-SA lizentziapean argitaratua.
  9. https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/amarauna/osoa/7432034/aurkitu-dituzte-altzoko-handiaren-hezurrakaltzo-azpiko-hilerrian-daude-/

Ikus gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu