Aitziber Alonso

Euskal ilustratzailea

Aitziber Alonso Pikabea (Donostia, 1971) euskal ilustratzailea da, orain arte, batez ere Haur eta Gazte Literaturako liburuak ilustratu izan ditu. Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta marrazkilaritzan espezializatu zen. Bestalde, argazkilaritza, infografia eta multimedia bezalako arloak ere sakondu ditu.[1]

Aitziber Alonso

Bizitza
JaiotzaDonostia, 1971 (52/53 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakilustratzailea
aitziberalonsoilustracion.blogspot.com.es

Ilustratzaile ibilbidea aldatu

1994an Arte Ederrak bukatu zituen EHUko Leioako fakultatean.[2] 1997an, Xenpelarren tailer bat gauzatzen ari zela, ilustrazioaren munduan murgildu zen. Ordutik, bere ilustratzaile lana finkatzen joan da Artelekun gauzaturiko serigrafiaren inguruko eta BalentziagaMuseoan gauzaturiko moda-ilustrazio ikastaroen bitartez.

Bere ilustratzaile lana beste lan batzuekin uztartzen du. Besteak beste, 2011. urtetik 2014. urtera arte Galtzagorri Elkarteko lehendakari izan da. Bertako kide zen lehenagotik ere eta hainbat lan egin ditu elkartean, besteak beste, Itziar Zubizarretarekin batera, Areto Literarioak prestatzea edota Aiete Kultur Etxean (Donostia) dagoen Ilustratzailearen Txokoa sortu eta koordinatzea, baita Marraz(i)Oak jardunaldiak koordinatzea ere, 2009tik. Gainera, Etxepare Sarien epaimahaikide ere izan da. Patxi Zubizarretarekin batera Irria aldizkarian parte hartzen du, hark idatzitako ipuinari irudia jartzen.[3]

Bere lehenengo lanetako bat Talaia aldizkariarentzat irudiak egitea izan zen Alberdania argitaletxearekin (1999).[2]

Arte Ederrak ikasi eta pinturako espezialitatea egin zuenean, ez zekien ilustratzaile izan nahi zuenik, eta ikasketak amaitzerakoan konturatu zen bere marrazkiek betidanik izan zutela ilustrazioaren kutsua, marrazki bakoitzak istoriotxo bat kontatzen baitzuen. Beraz, bere iturriak pintura aldetik datoz; Gustav Klimt, Alfons Mucha eta Aubrey Beardsley-k, erromantizismoz, erotismoz eta detailez beteriko irudiak lantzen zituzten, eta handik edan izan du asko Alonsok.[4]

Umetako ikasliburu eta marrazkiak eta hainbat euskal ilustratzaile, Asun Balzola eta Antton Olariaga, esaterako, ditu erreferentetzat. Eta erronka berrien aurrean aurkitzen da bere aurreko ilustratzaileekin alderatuz. Albumaren kasuan adibidez, idazle eta irudigileen lana berdin berdina dela dio, gehienetan tandem bat dela, elkarlana, edo hala izan beharko lukeela behintzat, eta, hala ere, oraindik badirudiela albuma idazlearena dela bakarrik, eta irudiak apainketa soila direla. Hitz gutxitan esateko, ez zaiela albumaren kultura iritsi oraindik.[4]

Baliabideei dagokienez, presarik gabe lan egitearen hutsunea nabaritzen du. Bere arabera, «dena oso azkar doa, gaur ateratzen dena bi hilabetera ahaztua dugu». Berak, ahal izango balu, "Liburu objektuak", "altxor txikiak", presarik gabe egindako lanak, detaile guztiak zainduz, kolekzio edo sailetatik kanpoko liburuak, eskuetan eduki eta zentzumen guztiekin disfrutatzeko liburuak egingo lituzke.[4]

Ilustrazio teknika aldatu

 
Aitziber Alonsok sortutako irudia: hiri bat gauez

Bere ilustrazioak asko kargatzen ditu, estilo barrokoa duela aitortzen du Alonsok berak. Modernizazioa bilatzen duen arren, oso modu klasikoan egin ohi du lan, arkatza eta margoak dira bere tresna nagusiak eta ordenagailua oso gutxitan erabiltzen du.[5]. Bere ilustrazioak molde jakin batekoak badira ere, hau da, gehiengoak ildo jakin bati jarraitzen badio ere, batzuetan aldatu izan ditu molde horiek. Honen adibide da Errepidea deritzon narrazioa. Lana osatzeko bi molde erabiltzen ditu: hegaztien erretratuak txorizaleen erara eginda daude, oso era errealistan, hegaztien berezko ezaugarri guztiak erakutsiz. Gainerako marrazkiek Alonsok ohituta gaituen ildotik jarraitzen dute: errealismoaren eta ikonografiaren erdibidean, errepresentazio sinpleetara jotzen du, margo-gaia komunikazioa errazten duten formetan adieraziz.[6].

Bestalde, koloreen aukeraketa beste ezaugarrietako bat izango litzateke. Tita tirita liburuan, adibidez, bere ilustrazioak ezinbestekoak izan dira istorioa ondo ulertzeko, ausartak dira, koloretsuak, biziak oso.[7]

Testua izaten da, askotan, bere inspirazio iturri, eta horietariko askok hasiera-hasieratik erakartzen dute ilustratzailea. Elur antzara liburua ilustratzeko aukera Aritz Bratonen eskutik (liburuaren itzultzailea) jaso zuen. Testua irakurtzen hasi bezain pronto konturatu zen oso liburu ederra zela, baita estetikoki ere. Kolore eta paisaia aldetik oso erakargarria egin zitzaion hasiera-hasieratik.[8].

Hainbat bilduma edo sailetan ere hartu izan du parte, eta horietako bat berezia izan da oso. 2010ean, Erein argitaletxeak ereiNESKATILAK saila jarri zuen martxan. 8-10 urte bitarteko haurrentzako 8 liburuk osatzen duten bilduma bat da. Sortzaileei dagokienez, zortzi bikote osatu ziren, liburu bakoitzarentzat idazle eta ilustratzaile bat izanik. Guzti-guztiak, idazle zein ilustrazaile, emakumezkoak izateak egin zuen berezi sail hau. Guztiak elkartu eta horrelako lan bat egiteak.[9]

Galtzagorri Elkartearen areto literarioak aldatu

Haur eta Gazte Literatura suspertzeko eta irakurzaletasuna sustatzeko helburuz, Galtzagorri Elkarteak urtero areto literario bat sortu du azken urteetan. Arrakasta handiko egitasmoak izan dira beti eta tradizio ere bihurtu dira hainbat herritako liburutegietan.[10]

Areto hauetan, Aitziber Alonsok 2006.urtetik aurrera behin baino gehiagotan hartu izan du parte, besteak beste, ondorengo aretoak sortuz:

  • Itsaspeko bihotzak (2014)-(2016): Aitziber Alonsok, Mireia Delgadok eta Miren Guillok diseinatu eta zuzendutako areto honek irakurtzeko zaletasuna sustatzeaz gain, genero berdintasuna eta hezkidetza lantzea du helburu, euskarazko haur literatura oinarri hartuta.[11]
  • Labirintoaren erbestean (2009)-(2010): Jolas literario honetan, bidaia bat proposatzen zaie parte hartuko duten bisitariei; bidai bat eremu arrotz batzuen barrenean. Labirinto bat sortu da bidai hori egiteko, labirintoaren sinbologiaz baliatu dira bidai iniziatiko bat edota abenturazko esperientzia bat proposatzeko. Beraz ekintza honek elementu desberdinak elkartzen ditu eta bizi-esperientzia bat eskainiko dio parte hartzen duenari.[12]
  • Animaliek hizketan zekiten garaian (2006)-(2010):Literatur tradizioan betidanik animaliak erabili izan dira giza sentimenduak aztertu, aurkeztu eta jarrera ereduak eskaintzeko. Haurrek gainera animaliengan islatzen dituzte sarri beren sentimenduak. Hori dela eta Galtzagorrik 2006an Animaliek hizketan zekiten garaian aretoa sortu zuen.[13]
  • Adur, adur ez naiz zure beldur (2007)-(2012): Jonas eta hozkailu beldurtia ipuina aitzakiatzat hartuz, haur literaturan beldurraren trataera aztertzea interesgarria iruditu eta Galtzagorritik Adur, Adur, ez naiz hire beldur aretoa sortu du.[14]
  • Haur poesia aretoa (2006)-(2008): Haur poesiaren erakusketara hurbiltzen den edonor baso batean murgilduko da. Zuhaitzez, ibilbidez, fruituz... beteriko baso honetan poesia liburuak, poema pusketak nahiz errezitaldiak entzuteko aukera izango du. Diskman desberdinak ere eskuragai egongo dira bertara hurbiltzen denak poema-zuhaitz baten magalean eserita poemak entzuteko aukera izan dezan.[15]

Lanak aldatu

Asko dira Aitziber Alonsok ilustratutako Haur eta Gazte Literaturako liburuak. Hauek dira azken urteetan argitaratu dituenak:

Erakusketak aldatu

  • 2014 — Ilustratzailearen txokoa: Aitziber Alonso., Aiete Kultur Etxea , 2014ko martxoaren 15tik ekainaren 15ra, Donostia[20]

Erreferentziak aldatu

  1. Ilustratzailearen Txokoa. .
  2. a b www.galtzagorri.eus.
  3. Berria.
  4. a b c Behinola 21.
  5. ««Erretiratzeko aukera izango banu ere, marrazten jarraituko nuke gustura»» Berria.
  6. «Txorien hegaldi infinitua» Berria.
  7. Agiriano, Asun. (2009). «Ausardiaren aldarrikapena» Gara.
  8. «Aitziber Alonso: “Helduak ez gaude irudiak dituzten liburuak erostera ohituak”» Irutxuloko Hitza.
  9. Azurmendi, Nerea. (2010). «Neskatilen hitzak eta marrazkiak» El Diario Vasco: 54..
  10. Galtzagorri Elkartea. Aretoak. .
  11. Itsaspeko bihotzak. .
  12. Labirintoaren erbestean. .
  13. Animaliek hizketan zekiten garaian. .
  14. Adur, adur ez naiz zure beldur. .
  15. Haur poesia aretoa. .
  16. .
  17. «Nemo kapitainaren azken bidaia» erein.eus.
  18. «Nemo Kapitainaren azken bidaia.Xabier Etxaniz» CLIJ, 280, 64 orr. (280): 23..
  19. «Galtzagorri. Behinola. Iruzkinak» Behinola aldizkaria ISSN 1575-8168. 37.zkia (2018ko ekaina) 54 orr.
  20. .

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Aitziber Alonso