2014ko Kataluniako Egun Nazionala

2014ko Kataluniako Diada Nazionala» orritik birbideratua)

2014ko Kataluniako Egun Nazionalean 300 urte bete ziren 1714ko irailaren 11an setiaturiko Bartzelona hiriaren erorketatik Espainiako Ondorengotza Gerratik. Urteurren adierazgarria izateaz gainera, 2014ko azaroaren 9an ospatzekoa den Kataluniaren autodeterminaziorako erreferendumaren aurreko Kataluniako Egun Nazionala izan zen, Kataluniako subiranotza-prozesuaren baitan.

Testuinguru soziala eta politikoa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Kataluniar independentismoa»
Sakontzeko, irakurri: «Via Catalana»

Diadaren aurreko ekitaldiak aldatu

Irailaren 9an, CiU, Esquerra Republicana eta Iniciativa per Catalunya Verds alderdiek Diputatuen Kongresuaren aurrean elkarretaratzea egin zuten, Diada zela eta Bartzelonan V formako manifestazioan parte hartzeko deia egiteko, eta azaroaren 9an galdeketan parte hartzea eskatu zieten herritarrei. 30 ordezkari politiko baino gehiago -tartean EAJ, Amaiur eta BNG alderdietakoak- Lehoien Ateko eskaileretan elkartu ziren Ara és l´hora. Units per un país nou zioen pankarta bat eskuan zutela[1].

Irailaren 10ean, 530.000 inguruk emana zuten jada izena Bartzelonan egingo zuten V erraldoian parte hartzeko; 2013an baino 80.000 gehiagok. BERRIAri eginiko adierazpenetan, 2014ko Diadaren garrantzia azpimarratu zuen Jaume Marfany ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko lehendakariordeak; "azken hiru mendeetako garrantzitsuena" zela uste zuen, "azaroaren 9an bozkatzeko borondatea berretsi" egingo zutelako.

Egun berean, Fossar de les Moreres izan zen aldarrikapen gune. Lore eskaintza egin zuten 1714n Bartzelonako setioan hildako "heroien" omenez, eta horretan parte hartu zuten Artur Mas Kataluniako presidenteak, Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta Xavier Trias Bartzelonako alkateak. CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdietako ordezkariek lore-eskaintzan parte hartu zuten. Ekitaldian ez ziren izan PSC, PP eta Ciutadans alderdietako ordezkariak. Gune horretan independentistek egin ohi zuten urtero ekitaldia. Masek berretsi zuen galdeketa egiteko konpromisoa "irmoa" zela, eta haren arabera, "akatsa" zen hura debekatzea[2].

Diada aldatu

Goizeko ekitaldiak aldatu

Goizetik ekitaldi gehiago egon ziren. Diadako ekitaldi instituzionalean parte hartu zuen Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak, eta bertan mintzatu zen azaroaren 9ko galdeketaz. Esan zuen gobernua "prest" zegoela galdeketa egiteko[3].

Goizean, hainbat lagunek martxa bat egin zuten Bartzelonan, Independentistak sarearen banderak eta ikurrinak eskuan. Udalbiltzako, EAJko, EH Bilduko eta Independentistak sareko kideak zeuden. Gainera,, hainbat herritar joan ziren Euskal Herritik Bartzelonara, besteak beste Independentistak sareak antolatutako autobusetan[4].

Aliantza Nazionalak manifestazioa egin zuen Ravalen; faxismoaren aldeko banderak atera zituzten 30 bat lagunek. Ez zen izan istilurik. Manifestazio horri aurre egiteko, faxismoaren kontrako elkarretaratze bat ere egin zuten. Ekitaldi hori CUP eta EUiA alderdiek babestu zuten[5].

Arratsaldeko ekitaldiak aldatu

 

Diagonalen eta Kale Nagusian bi zutabe zituzten dituzte parte hartzaileek, eta, 17:14an V erraldoi bat bistarazi zuten. Hamaika kilometroko V bat izan zen. Momentu horretan, Ara és l'hora abestu zuen abesbatza batek, eta, jarraian, neska gazte batek azaroaren 9ko galdeketa irudikatu zuen hautetsontzi sinboliko batean botoa emanez, bi zutabeak elkartzen ziren tokian, Les Glories plazan. Va desegiten hasi zenean hiru agertokiak ireki zituzten: Votar (Bozkatu), Voluntad (Borondatea) eta Victoria (Garaipena). Hitzaldiak egin zituzten horietan, erabakitze eskubidea ardatz. 1,8 milioi izan ziren Udaltzaingoaren arabera; Espainiako Gobernuak Katalunian zuen ordezkaritzaren arabera, 470.000 eta 520.000 artean[5].

Kataluniako Batzorde Nazionalak eta Omnium Kultural erakundeak antolatutako manifestaziora CiU, ERC, ICV, EUiA eta CUP alderdietako buruak joan ziren. Manifestaldiko erpinean Frances Homs Presidentetzako kontseilaria, Ferran Mascarell kulturakoa eta Xabier Trias Bartzelonako alkatea izan ziren[6].

Bestalde, milaka manifestatzaile bildu ziren Tarragonan, azaroaren 9ko kontsultaren aurka eta “adiskidetzearen” alde, "recuperem el seny, recuperem la senyera" lelopean. 'Senyera' aldarrikatu zuten 7.000 lagunek, Udalaren arabera. Bandera Kataluniaren eta Espainiaren arteko "adiskidetzearen" ikurra zela defendatu zuten. Kontsultak zatiketarekin eta liskarrarekin "senidetasuna" hautsi nahi zuela salatu zuten. Protesta 18:40 aldera abiatu zen Rambla Vellatik. 50 metroko 'senyera' eraman zuten manifestariek hiriko Zirku erromatarreko biribilgunera arte. Bertan elkarretaratzea egin zuten[7].

Tarragonako manifestazioak Kataluniako PPren eta Ciutadansen babesa jaso zuen, PSCk militanteei joateko aukera eman zien bitartean. Buruzagien artean, Alicia Sanchez-Camacho PPSCko presidentea, Carme Chacon ministro sozialista ohia, Albert Rivera Ciutadanseko presidentea eta Ramon de Veciana Katalunian UPyDko burua izan ziren[6].

Erreakzioak aldatu

Kataluniako erreakzioak aldatu

Diada 2014ko ekitaldietan, Artur Mas Kataluniako presidenteak “adostasunerako” eta Diadako iritzi guztiak errespetatzeko deia egin zuen. Halaber, “guztia prest” zuela nabarmendu zuen, eta kontsulta egiteko “dispositiboa pronto” zegoela gaineratu zuen[6].

ANC, Omnium Cultural eta AMIko ordezkariekin bildu zen Artur Mas Kataluniako presidentea. Bileraren amaieran, hiru mezu igorri zituen[8].

  • Vrako mobilizatu zen jende kopurua nabarmendu zuen, baita haien jarrera ere.
  • Beharrezkotzat jo zuen batasuna, prozesu subiranistarako. Horren alde ahal zuen guztia egiteko konpromisoa hartu zuen.
  • Antolatzaileak zoriondu zituen, lortutako arrakastagatik.

Oriol Junqueras ERCko presidenteak nabarmendu zuen Kataluniako herritarrek lau haizetara zabaldu zutela beste behin bozkatzeko "nahia"[8].

Irailaren 12an, Masek berak hitz egin zuen, RAC1 irrati katean. Galdeketaren inguruan, Masek esan zuen "ziurra" zela kataluniarrek bozkatuko zutela, baina "beste kontu bat zen zein baldintzatan"; izan ere, argudiatu zuen hainbat gai ez zeudela Kataluniako Gobernuaren esku. Oriol Junqueras ERCko burua ere RAC1-n mintzatu zen. Esan zuen "pentsaezina" zela ez bozkatzea, argudiatuta ez bozkatzeak ez zuela arazorik konpontzen[9].

Irailaren 14an, Francesc Homs Presidentetzako kontseilariaren ustez, “Espainiako gobernuak Kataluniako herritarren aldarria entzun nahi ez izatea kezkagarria da”. “Estatu demokratiko batek ez du botoa eman nahi dutenei Kode Penala ezartzeko jarrera hartzen”, gaineratu du. Homs “arduratuta” agertu zen Mariano Rajoyk zuzentzen zuen Espainiako Gobernuaren “erantzun ezagatik”. Presidentetzako kontseilariak irailaren 11ko Diadan herritarrek izan zuten parte hartzea gogora ekarri zuen[10].

Euskal Herriko erreakzioak aldatu

Udalbiltzako Maite Iturrek Kataluniako gizartea zoriondu zuen parte hartze zabalagatik, baita arratsaldean izandako giroagatik ere. LABeko Ainhoa Etxaide idazkari nagusiaren arabera, kaleak bete ziren kataluniarrak konturatu zirelako "beraien etorkizunaren jabe egiten ari den herri bat direla". ELArentzat "mugarri historiko bat" zen eguna[8].

Irailaren 12an, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Diadako ekitaldietan Kataluniako gizarteak subiranotasun prozesu bat eskatzeko egindako "aldarri ozena" txalotu zuen, eta horren aurrean Espainiako Gobernuak "erantzun argia, demokratikoa eta sakona" eman behar ziola azpimarratu zuen, dagoeneko ez zutelako balio "topikoek. "Atzokoak muga guztiak gainditu zituen", gaineratu zuen[11].

Egun berean, Kataluniarekin eta Euskal Herriarekin hitz egiteko eskatu zion Urkulluk Madrili. Lehendakariak zion EAEko eztabaida «autogobernuari» buruzkoa zela. Sortuk eskua luzatu zien jeltzaleei, elkarrekin «bide berri bat partekatzeko»[12].

Irailaren 13an, EH Bilduk "lidergoa eta konpromisoa" partekatu nahi zituen autodeterminazio eskubidea defendatzen zuten beste eragile politiko eta sozialekin, Euskal Herrian burujabetza prozesua abiatu ahal izateko. Diadan parte hartu zuten EH Bilduko ordezkariek eskainitako prentsaurrekoan adierazi zuten Sorturen Bilboko egoitzan, eta Katalunian bizitakoaz hausnarketa egiteaz gain, beren ustez Euskal Herriak abiatu beharreko bideaz iritzia eman zuten[13].

Egun berean, Laura Garrido (PP) legebiltzarkideak esan zuenez, Diada "nahiz eta oso jendetsua" izan zen, "ezin du inoiz legearen kontrako ekimen bat justifikatu, esaterako, galdeketa". Gainera, bere ustean, "onartezinak" ziren "desobedientziarako" deiak eta, esan zuenez, Katalunian hauteskundeak aurreratzeak "haustura soziala areagotuko du"[14].

Irailaren 14an, Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak eta Sortuko presidenteak azpimarratu zuenez, euskal alderdiek, erakundeek eta herritarrek euskaldunen eta kataluniarren erabakitzeko eskubidearen aurkako “erasoei erantzun bateratua eman behar diete”. Eusko Alderdi Jeltzaleari ere zuzendu zitzaion Hasier Arraiz, eta “Rajoy da Euskal Herriko agenda demokratikoan ez dagoena”, azpimarratu zion[15].

Espainiako erreakzioak aldatu

Irailaren 11ean, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak organoak ematea jarri zuen batasuna eta elkartasuna ematen zuten emaitzen eredutzat. ‘V’ erraldoiari ekin baino lehen, Rajoyk esan zuen andaluziar batek ahal zuela katalan baten bihotzarekin bizi[6].

Irailaren 12an, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak hausnartzeko eskatu zion Kataluniako Parlamentuari, Kontsulten Legearen inguruan. "Zalantzak" zituen konstituzioaren aldekoa ote zen. Berretsi du ez zutela jarrera aldatuko, gobernu guztiek zutelako legea bete eta betearazteko "obligazioa". Saenz de Santamariaren arabera, Espainiako Gobernuak "errespetatu" egiten zuen Kataluniako kaleetara irten zirenen "eskubidea", baina aldi berean, gogorarazi zuen gobernuak ezin zuela bere jarrera "apetagatik" aldatu[16]. Halaber, Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak Gobernuak indarrean sartzea galaraziko zuela azaldu zuen, helegitea Auzitegi Konstituzionalean aurkeztuta. Saenz de Santamariak esan zuen Gobernu zentralak Generalitatearekin dituen elkarrizketek jarraitu egingo zutela, katanalei eragiten zieten arazoei irtenbidea jartzeko[17].

Sare sozialak aldatu

Ara és l'horak, galdeketaren aldeko kanpainaren sustatzaileak, prest zuen erronka 20:14erako: Diadako V erraldoia trending topic bihurtu nahi zuen Twitterren, #CatalansVote9N traola erabilita. Txio hori argitaratu zuenetik hamar minutu igaro zirenean, boladako gaien artean zegoen traola, mundu mailako joeretan[18].

Diada Euskal Herrian aldatu

Irailaren 9an, entsegua egin zen Bilbon Euskal Herriko ANC Biltzar Nazional Katalanak antolatuta, 18:30ean egin zuten Va Albia Lorategietan. Ondoren, 20:00etan, ANCren aurkezpena eta mahai ingurua izan ziren Kafe Antzokian[19][20].

Egun berean zabaldu zenez, Udalbiltzak Kataluniako Diadako ekitaldi nagusian parte hartuko zuen. Maite Iturre Udalbiltzako lehendakariorde eta nazioarteko harremanetarako arduraduna, Iratxe Lopez de Aberasturi lehendakariordea eta Xanti Kiroga erakundeko zuzendaria Bartzelonako V mobilizazioan izango ziren, ANC antolatzaileak gonbidatuta. Irailaren 10ean, berriz, Kataluniaren independentziarako udalen elkarte AMIrekin bilduko ziren, Montblanc herrian (Tarragona, Katalunia)[21]. Egun berean zabaldu zenez,Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea izango zen EAJk Diadaren ospakizunak zirela eta, Kataluniako Generalitatak eta Parlamentuak deitutako ekitaldi ofizialetara bidaliko zuen ordezkaritzaren burua. Bartzelonaren erorketaren 300. urteurreneko ekitaldi instituzionalean hartuko zuen parte[22].

Irailaren 9an zabaldu zenez, Diada. Ara és l'hora' saio berezia emango zuen Hamaika TBk zuzenean irailaren 11n. Bartzelonako irudiak zuzenean eskainiko zituen Hamaika Telebistak TV3 katearen laguntzarekin[23].

Irailaren 10ean zehaztu zenez, EAJ, EH Bildu, Udalbiltza eta LAB Diadan izango ziren[24].

Erreferentziak aldatu

  1. «CiU, ERC eta ICV Kongresuaren atarian, Diadaren ekimenaren alde», EiTB, 2014-09-09
  2. «ANC: "Azken hiru mendeetako Diadarik garrantzitsuena da"», Berria, 2014-09-10
  3. «Dena "prest" du Kataluniako Gobernuak azaroaren 9ko galdeketarako», Berria, 2014-09-11
  4. «Euskal herritarrek ere ekarpena egin diote Diadari», Berria, 2014-09-11
  5. a b « 1.800.000 kataluniar kalean galdeketaren alde», Berria, 2014-09-11
  6. a b c d «Erabakitzeko eskubidearen aldeko beste Diada historiko bat Katalunian», EiTB, 2014-09-11
  7. «Sanchez-Camacho: 'Isilean izan den Katalunia ahotsa goratzen hasi da'», EiTB, 2014-09-11
  8. a b c Oihan Vitoria, «Mas: "Ezin da hitz egin nahi duen herri bat isildu"», Berria, 2014-09-11
  9. Jon Olano, «Mas: "Ziurra da bozkatuko dugula; beste kontu bat da zein baldintzatan"», Berria, 2014-09-12
  10. «'Gobernuak Kataluniako aldarria entzun nahi ez izatea kezkagarria da'», EiTB, 2014-09-14
  11. «Erkorekak Kataluniaren 'aldarri ozenari' erantzuteko esan dio Rajoyri», EiTB, 2014-09-12
  12. «Kataluniarekin eta Euskal Herriarekin hitz egiteko eskatu dio Urkulluk Madrili», Berria, 2014-0913
  13. «Subiranotasunaren bidean lidergoa 'partekatu' nahi du EH Bilduk», EiTB, 2014-09-13
  14. «Garrido:'Jendetsua izan arren, ezin du ekimen ilegal bat justifikatu'», EiTB, 2014-09-13
  15. «'Erabakitzeko eskubidearen aurkako erasoei erantzun behar zaie'», EiTB, 2014-09-15
  16. Jon Olano, «Legea bete eta betearazi behar duela ohartarazi dio Espainiako Gobernuak Masi», Berria, 2014-09-12
  17. «Gobernuak kontsulten legea indarrean sartzea galaraziko du», EiTB, 2014-09-12
  18. «Sare sozialetan, 'trending topic' mundu mailan», Berria, 2014-09-11
  19. «Gaur egingo dute Bilbon Kataluniako V-ren aurrekoa», Berria, 2014-09-09
  20. «Kataluniako V-ren aurrekoa egin dute Bilbon», Berria, 2014-09-09
  21. Enekoitz Esnaola, «Diadan eta Eskozian izango da Udalbiltza», Berria, 2014-09-09
  22. «Ortuzar izango da EAJren ordezkaritzaren burua Diadan», EiTB, 2014-09-09
  23. «'Diada. Ara és l'hora' saio berezia emango du Hamaika TBk zuzenean irailaren 11n», Berria, 2014-09-09
  24. Aitziber Laskibar Lizarribar, «EAJ, EH Bildu, Udalbiltza eta LAB Diadan izango dira bihar», Berria, 2014-09-10

Kanpo estekak aldatu