2009ko urtarrileko Bizkaiko uholdeak

2009ko urtarrileko Bizkaiko uholdeak 2009ko urtarrilaren 27ko gau eta goizean, Bizkaia mendebaldean kaosa eragin zuten uholdeak izan ziren.

San Vizente errepidea Trapagarango industrialdetan.

Hiru orduko epean 60 litro jausi ziren Bizkaia mendebaldeko hainbat tokitan.

Ezaugarriak aldatu

Prezipitazioa Urtarrilaren 27an
Euria mmtan Estazioa

62,9mm Otxandio
61,3mm Zaratamo
60,3mm Zorrotzaurre, Deustu (Bilbo)
58,3mm Abusu (Arrigorriaga)
53,9mm Zugaztieta (Trapagaran)
50,5mm Laudio

Iberiar penintsularen ekialdean zegoen borraska bati lotutako fronte okluitua Bizkaiko golkoan indarra hartu eta atmosferaren goiko geruzetako aire hotzari esker, prezipitazio handiak utzi zituen Bizkaiko kostaldean eta lurraldearen mendebaldean. Goizeko ordu biak aldera hasi zen euritan, hasieran indar gutxirekin, baina orduek aurrera egin ahala, indartuz joan zen. Frontearen ibilbide geldoak prezipitazioen eragina areagotu zuen.

Eragina aldatu

Bilbo aldatu

Euriateen intentsitaterik handiena goizeko jendetza orduarekin bat egin zuen, eta goizeko zortzietatik aurrera arazo handiak izan ziren Bilborako autobide bidezko sarbideetan. A-8 autobidetik igarotzea ezinezkoa izan zen autoentzat Zorrotza parean, bidean metro erdi ur zegoelako. Horrez gain, lurjausiek bidea oztopatu zuten Zorrotzan bertan eta Muskizen.

Bilboko Errekalde barrutian, inguruetako mendietatik zetozen errekastoak euren bideetatik irten eta auzoa urez bete zuten. Auzoaren ardatz den Gordoniz kaletik igarotzea ezinezkoa izan zen goiz osoan. Garaje eta denda askotan ura sartu zen eta Peñascal auzoko biztanleek, Errekalde barrutiaren mendebaldeko muturrean 1983ko uholdeek auzoan utzi zuten eragin latza izan zuten gogoan.

Bestalde, hiriaren hegoaldean, Abusu auzoan, Ibaizabal ibaiaren hazteak, ibai inguruko eskolak itxiarazi zituen eta Bilboko udaltzaingoak, larrialdi plana jarri zuen martxan. Ibaiaren maila azkar batean hazi zen eta goizeko 8etan 2,20 metrokoa bazen, eguerdiko ordu bietan 4,67 metrora igo zen, bere bidetik irtetzetik zentimetro gutxira.

Trapagaran eta Barakaldo aldatu

Barakaldon uholdeen eragina, herriaren behekaldeko merkatal-gune eta industrialdeetan nabarmendu zen batez ere. Carrefour supermerkaturako eta Max Center merkatal-gunerako sarbideak itxi egin behar izan zuten, bertara heltzeko biribilgunearen uholdeagatik. Horrez gain, Bilbao Exhibition Centrerretik gertuen dagoen gunean, uholde txikiak izan ziren kale batzuetan.

Barakaldo eta Trapagaran elkartzen dituen San Vizenteko errepidea ere itxi egin behar izan zuten, Trapagarango Aurrera eta Trapaga-Causo industrialdeen artean igarotzen den erreka bat bere bidetik irtetzean. Ibaitik gertuen zeuden enpresa batzuetan ura sartu zen eta kalteak handiak izan ziren.

Bestelakoak aldatu

Ur-putzu handiengatik Maruri-Jatabe eta Mungia elkartzen dituen errepidea moztu behar izan zuten.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu