Wikipedia:Bazenekien/2010
2010 aldatu
- ... Europan izen luzeena duen udalerria Galesko Anglesey uhartean dagoen Llanfairpwllgwyngyllgogerychwyrndrobwllllantysiliogogogoch dela, (ⓘ, euskarazko ahoskera gutxi gorabehera "San-bairr-pux-guin-gix-go-ge-ra-jiern-drob-uhl-san-ti-si-lio-go-go-goj" litzateke) eta galesezko izen horrek «Haize zurrunbilo azkar batetik gertu dagoen urrondo huts zurian dagoen Santa Mariaren eliza eta leize gorritik gertu dagoen San Tisilioren eliza» esan nahi duela?
- ... Umberto Eco italiar idazlearen Foucaulten pendulua eleberrian aipatzen den Foucaulten pendulua Parisko Panteoian dagoela eta izena Léon Foucault asmatzailearen oroimenez daramala?
- ... 2006. urtean Galesko Cardiff hirian dagoen Millennium Stadium zelaian Biarritz Olympique euskal errugbi taldeak Munster talde irlandarraren aurka Europako Heineken Koparen finala jokatu zuela?
- ... Napoleon Bonaparteren benetako bataio izena Napoleone di Buonaparte zela eta jatorri italiar-korsikarra zuela?
- ... 1571ko irailean Arroxelan Joanes Leizarraga idazleak bere Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria idazlana argitaratu zuela, euskaratu eta inprimatu den lehenbiziko Itun Berria eta Biblia izan zela, eta Nafarroako Joana III.a Albretekoak Euskal Herrian protestantismoa zabaltzeko asmoz idazteko eskatu ziola?
- ... Francisco de Goya aragoiar margolariaren birraitona 1578an Zerain udalerriko Mantxola baserrian jaioa zela eta Goia euskal abizen bat dela?
- ... 1610eko azaroak 7 eta 8 artean Zugarramurdiko sorginkeria prozesuan Espainiar Inkisizioak 300 herritar ingururi sorginkeria egitea eta Zugarramurdiko leizeetan akelarreak ospatzea egotzi ziela, eta horietako 40 Logroñora atxilotuta eraman eta hauetatik 11 sutan erre zituztela?
- ... Frank Gehry kanadar arkitektoak Guggenheim Bilbao Museoa diseinatzeko berak diseinatutako Los Angeles hiriko Walt Disney Concert Hall eraikina hartu zuela oinarritzat?
- ... Auñamendi mendia gaur egun Biarnon oso-osorik kokatuta dagoela, baina XIX. mendearen hasieran Frantzia eta Espainiako estatuen behin-behineko muga ezarri arte, Nafarroa eta Biarnoren mugan kokatuta egonik, bere 2.507 metrorekin Euskal Herriko mendirik garaiena zela?
- ... Euskal Herrian sagardoari buruzko lehenbiziko aipamen idatzia jada 1014eko apirilaren 17an idatzitakoa dela, Iruñeko Erresumako Antso III.a Nagusia erregeak Leireko monasterioari emandako dohaintza bati buruzko agiri bat dela, eta bertan Donostia inguruko sagarrondo batzuk aipatzen direla?