Weimarko Errepublikako hiperinflazioa

Weimarko Errepublikako (gerrarteko garaian Alemaniak hartutako izena) hiperinflazio-aldia 1921 eta 1923 bitartean gertatu zen. Garrantzitsua da aipatzea ez zela 1920an Europa suntsitu zuten hiperinflazio-serieko lehena ezta indartsuena izan. Hala eta guztiz ere, historiako kasurik nabarmenena da, batik bat prezioen zein interes-tasen gorakada, kanbio-tasen aldaketa eta truke-unitate gisa erabilitako moneta bertan behera uztea eragin baitzuen.

1923ko uztailaren 28ko egunkarian, titularrak dio aldaketaren ondorioz dolar estatubatuar bat milioi bat markoren baliokidea dela.

Jatorria

aldatu

Lehen Mundu Gerratik, Alemaniako Inperioko moneta zenak, hau da, Goldmarkak, balio errealaren eta erosteko ahalmenaren galera larria pairatu zuen. Izan ere, gobernu germaniarrak gerratik eratorritako beharrizanei erantzun nahian, Papiermark izendatutako diru-paper jaulkipenak berriak egin zituen. Gatazkak sortutako larrialdiaren ondorioz, jaulkipen hauek urrearekiko zuten bihurgarritasuna galdu zuten. Egoera honek urrezko patroiaren eskema apurtzen zuen, herrialdeak diru-paperean egindako jaulkipen guztiak ezin baitzituen haren balioa bermatzen zuen metal preziatuarekin babestu.


1918ko azaroan Lehen Mundu Gerra amaitu ondoren, potentzia irabazleek, hala nola Frantziak eta Britainia Handiak, gerra-konponketen ordainketa ezarri zioten Alemaniari, batez ere Belgikan eta Frantziako iparraldean izandako suntsipenaren harira. Horrela, Alemaniari zegokion erantzukizuna 1919ko Versallesko Itunean ezarri zen.

Kalte-ordainen zenbatekoa handia bazen ere (milaka milioi marko alemaniar, zehazki), ez ziren Alemaniako gobernuaren diru-sarrera guztiak aintzat hartu, eta ordaintzeko epeak eta kopuruak eztabaidatu ziren. Hala ere, Weimarko Errepublikak gobernu inperialeko moneta balio-galdua jarauntsi zuen, eta ez zuen behar adinako urrezko erreserbarik. Gauzak horrela, babesik gabeko dirua bazen ere, gobernuak Papiermark jaulkipenak erabiltzen jarraitu zuen.

Kalte-ordainek suposatutako exijentziaren kontra, Papiermarken kanbio-tasa egonkor samar mantendu zen hasieran, 1921eko lehenengo erdian zehar estatubartuar dolar bakoitzeko 60 markoko trukea onartzen baitzen. [1] Hala eta guztiz ere, Londresko ultimatumak 1921eko maiatzeko gerrako konponketengatik 2.000.000.000 urrezko marko eskatu zituen urtean, kantitatea Alemaniako esportazioen balioaren %26 baino gehiago izanik. Aurrekaririk gabeko zenbateko honen lehen ordainketa 1921ko abuztuan gauzatu zen. [2]


Urrezko markoen ihesak (gobernu germaniarraren urrezko babesa zuen moneta-jaulkipenaren zatiak) kalte handia egin zion ekonomiari. Izan ere, Weimarko Errepublikak presaka inprimatutako papera erabili behar izan zuen gainerako beharrak asetzeko, tokiko ekonomiak sortutako aberastasunaren zati bat gerra-konponketak ordaintzeko erabili baitzen. Alabaina, konponketa horien kostu erreala Alemaniako defizit nazionalaren herena baino ez zen, eta, beraz, gobernuak haren barne-beharrei aurre egiteko diru-papera jaulkitzea erabaki zuen. Biztanleriaren artean diru zirkulatzailearen fluxua neurriz kanpo handitzean, monetaren debaluazio ekidiezina eman zen.

Hiperinflazioaren garapena

aldatu
 
Markoaren balio galera absolutuak irudi honetako kasuak ekarri zituen: alemaniar batek diruaren debaluazioa erakusten du horma bat marko bateko billeteekin papereztatuz, horma-papera baino merkeago baitzen markoa .
 
Reichsbanken egoitza Berlinen, 1923ko ekainean: erabiltzaileek maletak erabiltzen dituzte bankutik jasotako dirua garraiatzeko.

1921eko abuztuan urre-markoetan egindako lehen ordainketak monetaren debaluazio esponentzialaren abiapuntu izan ziren, eta 1921eko azaroan 330 markoko kanbio-tasa ezarri zen dolar estatubatuar bakoitzeko. Kalte-ordainen zenbateko osoa 132.000.000. 000.000.000 urrezko-markokoa zen, Alemaniako urrezko erreserba guztiak erraz gainditzen zirelarik. Egeora honetan, Weimarko Errepublika nazioarteko finantza merkatuetan dibisak erosten saiatu zen.

Urrearekin bihurgarritasuna bermatzen ez zuten diru-paperaren jaulkipenek arrakasta handia izan zuten, Weimarko Errepublikak potentzia irabazleei diru debaluatuarekin egindako konponketak ordaintzea ahalbidetu baitzioten. Aitzitik, 1922ko hasieran nazioarteko finantza-merkatuek markoak pairatutako debaluazio bizia antzeman zutenean, frantsesek, belgikarrek eta britainiarrek baliabide naturaletan oinarritutako (batik bat egurra, ikatza eta garia) ordainketa eskatu zuten.

1922ko lehen erdian, markoa egonkortu egin zen, dolar estatubatuar bakoitzeko 320 marko onartzen baitziren. Horrekin batera, gerra-konponketei buruzko nazioarteko hitzaldiak eman ziren, 1922ko ekainean J. P. Morgan, Jr. bankari estatubatuarrak antolatutako bat barne.[3] Topaketa horietan ez zen, batetik Frantzia eta Britania Handia eta bestetik, AEB, gerra-zorren ondorioz Alemaniaren hartzekodunik handienetarikoa, gogobetetzen zituen irtenbiderik erdietsi. Ondorioz, inflazio germaniarra era nabarmenean igo zen, hiperinflazio izatera helduz, eta kanbio-tasa areagotu zen, dolar estatuar bakoitzeko 8.000 markoko bihurgarritasuna eman baitzen 1922ko abenduan. Gainera, Weimarko Errepublikako gobernuak haren diru-sarreren zatirik handiena Britania Handiari zein Frantziari egin beharreko ordainketetara bideratu zituen. Diruaren zirkulazio ugari honek balio-galera azkarra eragin zuen urte hortan, bizitza-kostua bi milloitan biderkatuz.

Horren ondorioz, kontsumo-artikuluen prezioak egun gutxiren buruan bizkor handitzen hasi ziren, eta Berlingo gobernu-agintariek emandako dirua alferrikakoa zen. Bizitzeko soldata baten menpe zegoen biztanleriak zailtasun handiak izan zituen, elikagaien eta oinarrizko zerbitzuen prezioak aste batzuen buruan igotzeaz gain, aurreztea ezinezkoa baitzen. Era berean, konponketak ordaintzeko premiaren eraginez, Estatuko bonoekin erositako ia dibisa guztiek inflazioa sustatu zuten. Horiek Estatuaren esku geratu zirenez, biztanleriak atzerriko dirua eskuratzeko ezintasuna pairatu zuen, inflaziotik babesteko zuten aukera hura deuseztatuz.

Inflazioak euren dirua banku gordailuetan inbertitutako milaka aurreztaileren hondamena eragin zuen. Arrisku horretatik at biztanleriaren gutxiengoa egon zen, batik bat inflazioaren eraginaren menpe ez zueden ondansunen (metal preziatuko bitxiak, higiezinak edo antzekoak) jabeak zirenak. Hortaz, klase ertainaren zati handi batek bizi-mailaren gainbehera garrantzitsua bizi izan zuela ondorioztatu daiteke. Halaber, Berlin, Hanburgo, Munich eta beste hiri handi batzuetan, baita Ruhr ibaiaren arroan kokatutako industriaguneetan ere, elikagai-eskasia jasan zen (eta horren ondoriozko prezio-igoera), nekazaritza-ekoizleek eskaintzen zitzaien diru debaluatua baztertzen zutelarik.

 
Alemaniako etxekoandre baten gastu-liburua 1923an. Ezkerreko orrian adierazitako diru-kopuruak eta eskuineko orrian zeroak nola baztertzen diren adierazita.

Ekonomia eusteko premia zela eta, hiri txikietako udalek, aurrezki-kutxek eta merkataritza- zein industria-enpresek Notgeld izeneko paperezko dokumentuak eman zituzten (alemanez, larrialdiko dirua). Hasiera baten, horien bitartez dirua ordezkatu nahi zen, eta ondoren, ekonomiaren narriadura handitzean, kontsumo-artikuluak irudikatzeko (hala nola egurra, haragia, garia edota zekalea) erabili ziren. Notgelda tokian tokiko diru gisa erabiltzeak trukearen erabilera ahalbidetu edota erraztu zuen, Alemaniakoaren moduko ekonomia industrializatu batean trukeak zuen praktikotasuna eztabaidagarria bazen ere. Hala ere, Notgeldek ez zuen konponbide handirik ematen, eta ez zuen konpontzen funtsezko arazoa: nazio-mailan moneta fiduziario indartsurik ez izatea eta markoaren balio-galera azkarra.

923ko urtarrilean, egoera are estuagoa bihurtu zen Frantziako eta Belgikako tropek Ruhr-a okupatu zutenean. Neurri hori bi herrialdeetako gobernuek zehaztu zuten, markoaren ordainbidea arbiuagarria izanik, ikatza, burdina, altzairua edo zura bezalako ondasunen bidezko gerrako konponketen ordainketa ziurtatu nahi baitzuten. Horren aurrean, Ruhrko langileek frantsesen aurkako greba orokorra deitu zuten, eta Berlingo gobernuak diru-paper gehiago jaulki zuen grebalariei soldatak ordaintzeko asmotan. Egoera horrek inflazioa larriagotu zuen, jaulki berri zen dirua Alemanian geratu baitzen.

Gerrako konponketak Alemaniako 1920tik 1923ra bitarteko aurrekontuaren defizitaren herena besterik ez baziren ere [4], gobernuak ekonomiaren narriadura justifikatzeko erabili zituen hauek. Honi guztiari bankari zein espekulatzaileen mozkin bilaketak eragindako inflazioaren areagotzea gehitu behar zaio.

Hiperinflazioaren amaiera

aldatu
 
Funtzionario alemanak diru-papera biltzen, 1924ko urtarrilean

Hiperinflazioa 1923ko azaroan haren maximoa erdietsi zuen, baina moneta berri batekin deuseztatu zen: Rentenmark, 1923ko azaroaren 15ean zirkulazioan sartu zena. Gobernuak balio finkoa zuen moneta berri horren alde egin zuen, billeteen jaulkipena eten zen bitartean.

Banku Zentraleko presidentearen, Hjalmar Schacht ekonomialariaren, arabera, baliorik ez zuen diru-papera inprimatzen jarraitzea ez zen bideragarria. Izan ere, ekonomiaren gainbeherak hainbat herri behartu zituzten truke-mekanismoak ezartzera, diruak balioa galtzen jarraitzen baitzuen.

Irtenbide gisa Schachtek gobernuak herrialdeko industria-lurren eta industria-ondasunen gaineko lege-hipoteka baten ezarpena egitea proposatu zuen. Hipoteka hori moneta berriaren babes gisa arituko zen, Rentenmark-en 3,2 bilioi balio zituelarik. Konbertsio horrek babesik gabeko diru-paper gehiago jaulkitzea galarazi zuen, eta diruaren bihurgarritasaunari dagokionez, urre-gabeziaren arazoa konpontzen zuen, egoera hura 29ko Kraxaren aurretik mundu osoan ohikoa bazen ere.

Ondorioak

aldatu
 
Inflazioa oroitzeko domina. Alemanez, hauxe irakur daiteke: 1923ko azaroaren 1ean, ogi-libra batek 3.000 milioi marko balio zituen, haragi-libra batek 36.000 milioi, garagardo-edalontzi batek 4.000 milioi.

Inflazioa Rentenmark moneta sartu zenean amaitu eta Weimarko Errepublika hamarkada bat gehiago mantendu bazen ere, autore batzuen arabera, nazismoa igotzeko arrazoietako bat hiperinflazioa izan zen. [beharrezko [erreferentzia behar]. Hala ere, beste autore batzuen arabera, naziek hiperinflazio hori gertatu eta 10 urtera lortu zuten boterea (1933ko urtarrilean). Hiperinflazioaren ondorengo hauteskundeetan, hala nola 1928koetan, botoen %3 baino gutxiago lortu zuten. Hala ere, Adolf Hitlerrek, Mein Kampf liburuan, erreferentzia ugari egiten dizkio Alemaniako zorrari eta horrek ekarri zituen ondorio negatiboei.

Inflazioak erakunde liberalen eraginkortasunari buruzko zalantzak areagotu zituen, batez ere aberastasunaren zati handi bat galdu zuen klase ertainaren artean. Izan ere, biztanleriaren zati horrek banku gordailuetan eta gobernu-bonuetan inbertitu zuen haren aberastasuna, debaluazioaren biktima nagusiak izanik. [5] Era berean, erresumin handia eragin zien bankari alemanei eta espekulatzaileei, horietako asko juduak zirelarik, eta gobernuak eta prentsak haiei egotzi zieten inflazioa.[6] Metal preziatu eta higiezinetako espekulatzaileen oparotasunak eta dirua esku-dirutan gordetzen zuten aurreztaileen finantza-hondamendiak eraginda, azken horietako asko demokraziarekiko eta kapitalismoarekiko fedea galtzen hasi ziren, ezin izan baitzituzten zorigaitz horretatik babestu.

Weimarko Errepublikako hiperinflazioak frogatzen duenez, truke-ekonomikorako ohiko bitartekoetan konfiantza galtzeak gizarte-ordenaren galera dakar . Modu hoetan, diru-sistemaren gainbeherak biztanleria germaniarraren denbora-muga aldatu zuen (orainaren inguruko kezka etorkizunaren ingurukoa baino handiagoa baitzen). Onrdorioz, ekonomiaren egonkortasunerako funtzionalak diren balioek, hala nola aurrezkiak, maileguak eta kredituak, zentzua galtzen dute. Horregatik, hiperinflazioak erasandako belaunaldia abenturazaletzat jo zen, Hirugarren Reicheko politika espantsionistekin batera ezarritako Indar Militarren erreklutamenduaren oinarria izango zirelakoan.

Erreferenziak

aldatu
  1. Laursen and Pedersen, pág. 134
  2. The Great Inflation, William Guttmann, Gordon & Cremonesi, London, 1975, pág. 21-26.
  3. Balderston, pág. 21
  4. Costantino Bresciani-Turroni, pág. 93
  5. «Hitler's rise to Power» BBC.
  6. Mein Kampf ("My Struggle"), Adolph Hitler (originally 1925-1926), Reissue edition (September 15, 1998), Publisher: Mariner Books, Language: English, paperback, 720 pages, ISBN 0-395-92503-7

Bibliografia

aldatu
  • Bernd Widdig, Culture and Inflation in Weimar Germany, University of California Press, 2001, ISBN 0-520-22290-3
  • Gerald D. Feldman, The Great Disorder, Oxford University Press, 1997, ISBN 0-19-510114-6
  • Theo Balderston, Economics and Politics in the Weimar Republic, (chapter 3 covers 1918-1923), Cambridge University Press, 2002, ISBN 0-521-77760-7
  • Costantino Bresciani-Turroni, The Economics of Inflation (English transl.), Northampton, England: Augustus Kelly Publishers, 1937, on the German 1919-1923 inflation.
  • Karsten Laursen eta Jorgen Pedersen, The German Inflation, North-Holland Publishing Co., Amsterdam, 1964.
  • Max Shapiro, The Penniless Billionaires, 170-224. orrialdeak, New York Times Books, 1980, ISBN 0-8129-0923-2
  • When Money Dies: The Nightmare of the Weimar Collapse, Adam Fergusson-en eskutik

Kanpo estekak

aldatu