👨👨👦👦 Biztanleak 41.167.335 |
🔎 Azalera 603.550 km² |
🏙️ Hiriburua Kiev |
📷 Argazkiak ikusi |
🗺️ |
Ukraina Europako bigarren herrialderik handiena da, Errusiaren ondoren. Ukrainako hiriburua Kiev da.
Ukrainak ondoko herrialde hauekin egiten du muga: Moldavia, Errumania, Hungaria, Eslovakia, Polonia, Bielorrusia eta Errusia; gainera, Itsaso Beltza eta Azoveko itsasoa ditu hegoaldean.
Ia lurralde osoa da laua. Ukrainiaren erdialde eta hegoaldean dauden zelaiei estepak deitzen zaie. Ukrainako iparraldean Pripeteko padurak daude, Europako ingurune hezeenetako bat. Mendebaldean Karpato mendiak daude. Krimeako mendiek Krimeako penintsula zeharkatzen dute eta hori hegoaldean Itsaso Beltzeraino hedatzen den lur zati bat da. Ukrainako ibairik luzeena Dnieper da.
Ukrainako toki gehienetan uda epelak eta negu hotzak egoten dira eta batez ere ekain eta uztailean egiten du euria.
Biztanleria
aldatu2020. urtearen amaieran, Ukrainak 41,6 milioi biztanle baino gehiago zituen. Gehienak ukrainarrak dira, baina errusiarrek osatzen dute bigarren biztanle multzo handiena. Badaude moldaviar, tartariar eta bielorrusiar talde txikiak ere. Ukrainera da hizkuntza nagusia. Herritar gehienak hiri edo herrietan bizi dira.
Biztanleriaren erdiak gutxi gorabehera ez du erlijiorik jarraitzen. Gainerako jende gehienak Ekialdeko Eliza Ortodoxoa delako kristautasunaren adarra jarraitzen du. Pertsona gutxi batzuk juduak dira.
Ekonomia
aldatuZerbitzuen sektorea da Ukrainako ekonomiaren sektorerik garrantzitsuena. Sektore horretan honako arlo hauek sartzen dira: bankuak, merkataritza, garraioa, hezkuntza, osasuna, gobernua eta turismoa. Industria eta meatzaritza ere garrantzitsuak dira Ukrainako ekonomiarentzat. Fabrikek burdina eta altzairua, tren-makinak, traktoreak, produktu kimikoak eta beste ondasun batzuk ekoizten dituzte. Meategietatik manganesoa, ikatza, burdin minerala, gatza, sufrea eta beste mineral batzuk ustiatzen dira. Ukrainak gas natural eta petrolio erreserbak ere baditu.
Ukrainako nekazariek patatak, azukre-erremolatxa, garia, garagarra, artoa, zekalea eta oloa ekoiztu eta abereak, txerriak, ardiak eta ahuntzak hazten dituzte.
Historia
aldatuEslaviar deitzen zaien tribuak V. eta VI. mendeetan iritsi ziren gaur egungo Ukrainara. Beranduago, bikingo batzuk eslaviarrekin nahastu ziren. Estatu bat ezarri zuten, zeina Kieveko Errusiako erresuma boteretsua bihurtu zen. Baina mongoliarrek 1200ean herrialdea inbaditu zutenean, boterea galdu zuten.
Poloniarrak eta kosakoak
aldatuXIV. mendean Ukraina Lituaniaren kontrolpean egon zen, eta 1569tik aurrera, berriz, Poloniaren kontrolpean. Poloniarrek ukrainar asko morroi bihurtu zituzten, eta euren jabetzakoak ez ziren lurretan nekazari lanak egitera behartu zituzten.
Morroi batzuek ihes egin zuten eta kosakoak izeneko indar militarrarekin batu ziren. 1648an, kosakoak poloniarren nagusitasunaren aurka borrokatu ziren. Kosakoek poloniarrak garaitzen laguntzeko eskatu zioten Errusiari eta horrela lortu zuten independentzia. Baina estatu berria laster bihurtu zen Errusiar Inperioaren zati.
Errusiarren kontrola
aldatuXVIII. mendean, Errusiak, poliki-poliki, ia Ukraina osoaren kontrola lortu zuen. 1922rako, sortu berria zen Sobietar Batasunaren zati bihurtu zen Ukraina. Sobietarrek Ukrainako landetxeen ardura hartu zuten. 30eko hamarkadan, bost eta zazpi milioi bitarte ukrainar gosez hil ziren.
Bigarren Mundu Gerran Alemaniak Ukraina inbaditu zuen. Alemaniako indarrek milioika ukrainar esklabo bihurtu zituzten eta 600.000 ukrainar judu hil zituzten. Sobietarrek 1944an kanporatu zituzten alemaniarrak Ukrainatik.
Independentzia
aldatu1991n desagertu zen Sobietar Batasuna eta Ukrainak independentzia lortu zuen. 2004an, ukrainar askok presidentetzarako hauteskundeen emaitzak salatu zituzten, hauteskundeak bidegabeak izan zirela pentsatzen baitzuten. Iraultza Laranja izenaz ezagutzen diren protestei esker, hauteskunde berriak egin zituzten. Hala ere, Ukrainako arazo politikoak ez ziren hor bukatu.
2014ko martxoan, Errusiako tropek Krimea inbaditu zuten, Ukrainako zati bat. Handik gutxira, Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan zuen Krimeako jendeak independentziaren alde bozkatu zuela. Orduan Putinek hitzarmen baten bidez, Krimea Errusiaren zati bihurtu zuen. Gainerako herrialde gehienek eta Nazio Batuek Errusiaren ekintzak gaitzetsi zituzten. Ukrainaren eta Errusiaren arteko tentsioak handiak ziren oraindik 2020. urtean.
Irudiak
aldatu-
Kiev hiriburua.
-
Kharkiv, bigarren hiri handiena.
-
Odessa, hirugarren hiri handiena.
-
Pazkoako arrautza tipikoak.