👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
300.000.000
🔎
Azalera
🌄
Altuera
📷
Argazkiak
ikusi
Herrialde eslaviarrak

Eslaviarrak gaur egun Erdialdeko eta Ekialdeko Europan bizi diren etnia bat dira. Zehazki, Errusian, Bielorrusian, Ukrainan, Polonian, Txekiar Errepublikan, Eslovakian, Serbian, Kroazian, Bulgarian eta beste zenbait herrialdetan bizi dira. Asia iparraldean ere bizi dira, Ozeano Bareko kostalderaino. Herrialde hauetan erabiltzen dituzten hizkuntzak ezberdinak dira, baina guztiak dira eslaviar hizkuntza-familiako kide.

Eslaviarrak Europako etnia ugarienetako bat dira, eta eslaviar hizkuntza-familia ere Europako zabalduenetako bat da. Hala ere, eslaviarrak ez dira gizatalde bakar bat, eslaviar komunitate ezberdinen artean hizkuntza-desberdintasunak eta desberdintasun kultural eta etnikoak baitaude. Komunitate bakoitzak bere historia eta bere kultura-tradizioak ditu. Adibidez, eslaviar gehienak kristauak dira, baina haietariko batzuk kristau katolikoak dira eta besteak kristau ortodoxoak.

Eslaviar katolikoak biztanleriaren gehiengoa dira Polonian, Txekiar Errepublikan, Eslovakian, Kroazian eta Eslovenian, baina Ukrainan eta Bielorrusian ere badaude, gutxiengoa diren arren. Eslaviar ortodoxoak Errusian, Serbian, Montenegron, Bulgarian, Ipar Mazedonian, Ukrainan eta Bielorrusian bizi dira batez ere. Beste erlijio batzuetakoak diren eslaviarrak ere badira, gutxiengoa diren arren, hala nola musulmanak, kristau protestanteak eta juduak.

Eslaviarrak hiru talde nagusitan banatu ohi dira:

  • Ekialdeko eslaviarrak: errusiarrak, ukrainarrak, eta bielorrusiarrak.
  • Mendebaldeko eslaviarrak: poloniarrak, txekiarrak eta eslovakiarrak.
  • Hegoaldeko eslaviarrak: serbiarrak, kroaziarrak, bosniarrak, esloveniarrak, ipar mazedoniarrak eta montenegroarrak. Bulgariarrek jatorri etniko mistoa dute, baina bulgariera hizkuntza eslaviarra denez hegoaldeko eslaviartzat hartu ohi dira.

Zer dakigu haien jatorriari buruz?

aldatu
 
Eslaviarren jatorrizko lurra eta zabalkundea

Eslaviar hizkuntzak hizkuntza-familia indoeuroparraren barruan daude. Honek esan nahi du eslaviarren hizkuntzak eta kulturak Europa eta Asiako beste etnia indoeuroparrenekin lotuta daudela.

Ez dugu eslaviarren jatorria zehatz-mehatz ezagutzen. Historialarien arabera, baziren eslaviarrak Ekialdeko Europan orain dela 3.000 urte inguru, Itsaso Beltzaren iparraldean zehazki. Mendeetan zehar, eslaviar hauek hainbat taldetan zatitu ziren eta Europa ekialdera, hegoaldera eta mendebaldera migratu zuten.

Migrazioak amaitu zirenean, K.o. VI. mende aldera, eslaviarrak herrialdeak sortzen hasi ziren, haietako bakoitzak printze bat buru zuela.

Ondorengo mendeetan, eslaviar talde bakoitzak bere herrialde burujabea izan zuen oro har. Mendebaldeko eslaviarrak, esloveniar eta kroaziarrekin batera, Mendebaldeko Europan integratu ziren. Horregatik, Mendebaldeko Europako beste herrialde batzuekin batera garatu ziren, eta horregatik da katolizismoa beren erlijio nagusia. Ekialdeko eslaviarrek, ordea, hainbat mendez ez zuten Europaren erdialdeko herrialdeekin kontakturik izan, beren lurrak mongoliarrek eta turkoek inbaditu baitzituzten.

Erdi Aroan, hainbat herrialde eslaviar sortu ziren Bohemian, Polonian, Kroazian, Bosnian, Serbian eta Bulgarian. XVIII. mende amaieran, ordea, herrialde hauek guztiak ondoko herrialde boteretsuek menderatu zituzten: Otomandar Inperioak, Austria-Hungariako Inperioak, Prusiak eta Errusiak.

XVI. mendean, gaur egungo Errusiako eslaviarrak Asia iparralde eta erdialdera zabaltzen hasi ziren, eta horrela Errusia eslaviar herrialde boteretsuena eta handiena bilakatu zen.

XIX. mendean, hainbat intelektual eslaviar herrialde desberdinak elkartzen saiatu ziren, guztiek zituzten helburu kultural eta politikoak betetzeko. Paneslavismo izeneko mugimendu honek eragina izan zuen Lehen Mundu Gerra ondoren bi herrialderen sorreran: Txekoslovakia, 1918an sortua eta nagusiki txekiarrez eta eslovakiarrez osatua, eta Jugoslavia, 1929an sortua eta nagusiki esloveniarrez, serbiarrez, kroaziarrez eta montenegroarrez osatua.

Bi herrialde hauek 1990eko hamarkadan desegin ziren, Txekoslovakia modu baketsuan eta Jugoslavia hainbat gerraren ondoren. Txekoslovakiarrek banantzea erabaki zuten eta herrialdea 1993an zatitu zen bitan, gaur egungo Txekiar Errepublika eta Eslovakia osatzeko. Jugoslavia osatzen zuten herri desberdinak arazo politikoen ondorioz hasi ziren banantzen 1990etik aurrera. Herri hauek hainbat gerra izan zituzten elkarren artean eta azkenean Jugoslavia desagertu egin zen. Haren ordez, Eslovenia, Kroazia, Serbia, Bosnia-Herzegovina, Montenegro, Mazedonia eta Kosovo sortu ziren.