Munduan hirugarren sektorean diharduen biztanleria, ehunekotan.

Ekonomiako hirugarren sektorea ondasun materialak ekoizten ez dituzten jarduerak biltzen dituena da. Lehen eta bigarren sektoreek ondasun materialak (lehengaiak eta produktu landuak edo erdi-landuak) ekoitzen dituzten bezala, hirugarren sektoreak zerbitzuak ematen ditu: merkataritza, turismoa, garraioa, elektrizitate, gas eta erregaien hornikuntza, hezkuntza eta osasungintza, besteak beste; horregatik, "zerbitzuen sektorea" ere deitzen zaio.

Hirugarren sektorearen garrantzi ekonomikoa nabarmen handitu da lehenengo eta bigarren sektoreen aldean, XX. mendearen bukaeratik aurrera. Esaterako, Australian, 2007an, enpresa guztien % 85 zerbitzuen sektorean zeuden. 2009an bederatzi milioi langile baino gehiago zeuden Australian zerbitzuen sektorean, eta hori lanpostu guztien % 86 zen. Indian, zerbitzuen sektoreko enpresak izugarri hazi dira, eta horiek Indiako BPGaren % 55 osatu zuten 2006-2007an.

Zer dira zerbitzuak?

aldatu

Zerbitzuak ukitu ezin diren gauzak dira, enpresa batzuek biztanleei oro har edota beste enpresa batzuei eskaintzen dizkietenak, hala nola garraioa, turismoaren alorreko ekintzak, aholkularitza, irakaskuntza, osasun-arreta, esperientziak, edo aisialdia.

 
Ikasi Otsorekin hirugarren sektoreari buruz.

Hirugarren sektorea oso loturik dago gure eguneroko bizitzarekin. Adibidez, ondasun fisikoak erosten ditugunean, janaria adibidez, zerbitzuak erabiltzen ari gara: garraio-enpresek supermerkatu eta dendei ematen dizkiete zerbitzuak elikadura-produktuak bertaratuz; era berean, denda eta supermerkatuek zerbitzuak eskaintzen dizkiete biztanle arruntei janaria salduz. Erosten dugun janariagatik ordaintzen dugunean, zerbitzu horien kostua ere sartzen da ordaintzen dugun prezioan.

Beste jarduera mota batzuk ere sailkatuta daude zerbitzuen artean:

  • Finantza-zerbitzuak: banketxeak eta aseguru-konpainiak.
  • Turismoa eta aisialdia: hotelak, jatetxeak, zinemak, museo eta antzokiak.
  • Informazioa teknologia eta telekomunikazioak.
  • Zerbitzu pertsonalak: ile-apaindegiak.
  • Gizarte-zerbitzuak: eskolak eta ospitaleak.
  • Administrazioa: negozio pribatuetan eta gobernuaren erakundeetan.

Dendak, bankuak eta ospitaleak bezalako zerbitzuak, normalean, hiri handietan egoten dira; askoz gutxiago egoten dira biztanle gutxiko guneetan, hala nola nekazaritza-eremuetan. Dena dela, telekomunikazioen hazkundeari esker,hori jada ez da garrantzitsua, zerbitzu asko Internet bidez eskain baitaitezke, hala nola banketxearekin harremanetan jartzea edo era guztietako produktuak online erostea.

Nork ematen ditu zerbitzuak?

aldatu

Jabetzaren arabera, hirugarren sektoreak ematen dituen zerbitzuak lehen bi multzotan banatzen dira:

  • Zerbitzu publikoak: Administrazio publikoak ematen eta kudeatzen ditu, herritarrei oinarrizko zerbitzuak bermatzeko eta ongizate-estatua deritzonaren zerbitzuak (eskolak, ospitaleak, museoak...) eskaintzeko.
  • Zerbitzu pribatuak: enpresa pribatuek ematen eta kudeatzen ditu, irabazi ekonomikoak lortzeko. Dena den, sektore pribatuak ere ematen ditu batzuetan sektore publikoen ardura diren zerbitzuak ere (eskola edo klinika pribatuak, adibidez), baina, normalean, Administrazioaren arauen menpe.