Elikadura osasungarriari buruzko kartela.

Osasuna, denbora luzez, gaixotasunik gabeko egoeratzat hartu izan da, baina, gaur egun, askoz gehiago zehaztu da kontzeptu honen definizioa. Horrela, jende askok ontzat hartzen du Munduko Osasun Erakundearen definizioa: «Osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabatekoa da eta ez bakarrik gaixotasun eza». Horrek esan nahi du osasuna gure egoera fisikoaren araberakoa dela, bai, baina gure sentimendu eta emozioek, eta beste pertsonekin ditugun harremanek ere badutela eraginik gure osasunean.

Esan daiteke, beraz, osasunak hiru osagai dituela:

  • Osasun fisikoa: gure organismoko organo, aparatu eta sistemek zuzen funtzionatu behar dute bizi-funtzioak normaltasunez betetzeko.
  • Osasun mentala: ongizate emozional eta psikologikoa ere behar da eguneroko zereginetan aritu ahal izateko.
  • Osasun soziala: gure bizi-baldintzek gure beharrak asetzeko aukera eman behar digute. Hau da, osasunerako behar-beharrezkoak dira bakea, heziketa, etxebizitza, ordainsari duineko lana, justizia soziala, etab.

Osasunerako faktoreakAldatu

Hainbat faktorek dute eragina osasunean, haien artean hauek:

  • Pertsona bakoitzaren ezaugarri biologikoak: gurasoengandik jasotzen ditugun ezaugarri genetikoak dira. Ezaugarri horien arabera, halako gaixotasun batzuk garatzeko joera handiagoa edukiko dugu edo ez.
  • Bizimodua: osasuntsu egoteko, ezinbestekoa da ohitura osasungarriak edukitzea (elikadura orekatua, ariketa fisikoa, bizimodu lasaia, substantzia kaltegarririk ez kontsumitzea, etab). Bestalde, gutako bakoitzaren bizi-baldintzek eragin zuzena dute osasunean; gauza jakina da maila sozioekonomiko altuagoko pertsonek, ingurune egokietan bizi diren eta lan duina duten pertsonek osasun hobea izateko aukera gehiago izaten dutela.
  • Ingurunea: kutsadura, indarkeria, elikadura jasotzeko zailtasunak etab. kaltegarriak izaten dira osasunerako.
  • Osasun-sistema: osasun-sistema egokia (osasun-zentroak, ospitaleak, etab.) izatea funtsezkoa izaten da osasunerako. Gainera, osasun-agintariek elikagaien osasun-kontrola egin, zabor eta hondakinak kudeatu eta abereen osasuna ere kontrolatu behar dute gaixotasunen hedapena eragozteko.

Bizitza osasungarriaAldatu

Neurri batean, gure esku dago gure osasuna; alegia, jokabide eta ohitura osasungarriak baditugu, errazago izango zaigu osasuntsu egotea, istripurik ez izatea eta gaixotzeko arriskua gutxitzea. Bizi-ohitura osasungarriek asko lagunduko diote gure gorputzari ondo funtzionatzeko. Hona hemen garrantzitsuenak:

  • Elikadura egokia eta orekatua: gomendagarria da egunean bost otordu egitea. Gosaria oso garrantzitsua da, eguna hasteko behar dugun energia jasotzeko. Goiz erdian ere ona izaten da hamaiketako egokiren bat egitea. Ondoren, bazkaria dator. Arratsaldean ere otordu arin bat komeni da, askari edo merienda. Eta gauean, afaria. Eta egunean zehar ur ugari edan behar da. Bestalde, barazki, fruta eta zuntz ugariko elikagai asko jan behar da, eta, aldiz, gantz eta koipeak, gatza eta elikagai gozoak gutxiago kontsumitzea komeni da.
  • Atsedena eta loa: gutxienez 8 orduko loa egin behar da egunero, batez beste. Umeek 10 eta 12 ordu bitarteko loa egin behar dute, eta nerabeek 8 eta 10 ordu bitartekoa. Lo gutxi egin badugu, nekatuta egongo gara, ikasteko arazoak izan ditzakegu eta desoreka emozionala ere izan dezakegu.
  • Ariketa fisikoa: kirola eta jarduera fisikoa egitea oso garrantzitsua da osasuntsu egoteko, gure gorputza sasoi onean mantentzeko eta sedentarismoaren kalteak eragozteko. Dena dela, ariketa fisikoak ere osasungarria izan behar du, egokitasunaren, iraupenaren eta intentsitatearen aldetik; bestela, kaltegarria ere izan daiteke, pertsona bakoitzaren gaitasunen gainetik egiten bada.
  • Higienea eta garbitasuna: behar-beharrezkoak dira gure organismoa gaixotzeko arriskuetatik babesteko eta germen patogenoek eragin ditzaketen infekzioak ahalik eta gehien eragotzi ahal izateko. Higienea, bestalde, ez da gorputzaren garbitasuna bakarrik, baita gure etxearena, arroparena eta inguruarena ere.
  • Gizarte-harremanak: gaur egun oso garrantzitsutzat jotzen da lagunak izatea gure osasun fisiko eta emozionalerako. Harreman sozial egokiak izatean, ondo sentitzen gara eta horrek oreka psikologikoa edukitzen laguntzen digu.

Gaixotasunei aurre hartuAldatu

 
Tabakoaren aurkako iragarkia.

Ohitura osasungarriak izateaz gainera, beste zenbait jokamoldek ere laguntzen digute gaixotasunei aurre hartzen eta osasun-arazoak ekiditen. Hona hemen jokabide gomendagarri batzuk:

  • Arriskuetatik urrundu: kontuz ibili behar dugu edozein egoeratan, istripuak eragin ditzaketen arriskuetatik urruntzeko. Adibidez, kalean zirkulazio-arauak bete; edo, etxean, tresna zorrotz edo elektrikoekin zentzuz jokatu. Era berean, sustantzia toxikoak (alkohola, tabakoa eta drogak) oso kaltegarriak izaten dira gure organismoarentzat, eta erabat ekidin behar dira. Era beream, kirola eta ariketa fisikoak egitean, neurri batzuk hartu beharko ditugu lesiorik ez izateko; adibidez, ariketa fisikoa egin baino lehen, giharrak ondo berotu.
  • Txertoak eta osasun-azterketak: txertoei esker, lehenago oso arriskutsuak ziren hainbat gaixotasun desagertu dira, baztanga izenekoa, adibidez. Gainera, oso lagungarriak dira beste gaixotasun infekzioso asko (adibidez, poliomielitisa, barizela, elgorria, etab.) ez izateko. Txertoa ipintzen digutenean, gure gorputzak agente infekziosoen kontrako defentsak handitzen ditu, eta horrela gaixotasun horietatik babestuta gaude. Bestalde, aldiro-aldiro, medikuak (umeen kasuan, pediatrak) eta dentistak gure osasun-egoera aztertzea ere garrantzitsua izaten da.