Judaismoa juduen erlijioa da. Munduan 14 milioi jarraitzaile baino gehiago ditu. Horietako heren bat baino gehiago Estatu Batuetan bizi da. Beste asko, berriz, Israelen bizi dira, Mediterraneo itsasoaren ekialdean dagoen herrialde batean.
Judaismoaren sineste nagusiak
aldatuKristautasunaren eta islamaren antzera, judaismoak Jainko bakarra dagoela eta hark mundua sortu zuela irakasten du. Jainkoak jendeak egin beharrekoa Hamar Aginduetan eta beste lege batzuetan adierazi zuen.
Juduek uste dute Jainkoak beraiek aukeratu zituela berarekin harreman berezia izateko. Beren bizitza eskaini behar diote Jainkoari, eta baita elkar maitatu ere, Jainkoak haiek hautatu dituelako bere jakinduria munduan zabaltzeko. Trukean Jainkoak juduak nazio handi bat (Israel) bihurtuko dituela uste dute.
Judaismoaren liburu sakratua Hebrear Biblia da. Oso garrantzitsuak dira hasierako bost liburuak, Tora izenekoak. Liburu hauek Jainkoaren legeak azaldu eta interpretatzen dituzte. Beste zati bat, Talmuda izenekoa, juduen lege tradizionalen bilduma da, eta haiei buruzko istorioak eta iruzkinak biltzen ditu.
Jarduera erlijioso eta ospakizun nagusiak
aldatuJudaismoan, gizabanakoak komunitatearen ideiari oso lotuta daude. Sinagoga da juduen otoitza-lekua, komunitatea biltzeko tokia. Errabinoa da haien buru erlijiosoa. Sinagogetan Toraren irakurketa publikoa egiten da.
Sabbath izenekoa da asteko egunik garrantzitsuena: juduen asteko atseden eguna, Jainkoari eskaintzen diotena. Bestalde, jaiegun nagusiak bi kategoriatan banatzen dira: Erromesaldi Jaialdiak eta Egun Santuak. Azkeneko hauek Yom Kippur eta Rosh Hashana dira. Rosh Hashana juduen urteberri-eguna da eta oso ospakizun alaia da. Munduaren sorreraren urteurrena da eta judaismoaren ospakizunik sakratuena. Egun hartan, Jainkoaren aurkako bekatuak barkatzen zaizkie juduei, eta kaltetu dituzten pertsonei barkamena eskatzen diete.
Historia
aldatuJudaismoa K.a. 2000. urtearen inguruan Abraham izeneko gizon batek sortu zuela uste da. Toran idatzita dagoenez, Jainkoak Abrahami esan zion Mesopotamia (gaur egun Irak) uzteko eta jendea Kanaanera (Palestina) eramateko. Jainkoak zin egin zion esana betez gero, Abrahamek eta haren herria nazio handi bat bilakatuko zirela lur berrian.
Askoz geroago, gosete batek israeldarrak Egiptora mugitzera behartu zituen; han, esklabo bihurtu zituzten. 400 urte geroago, K. a. 1200 inguruan, Moisesek juduak esklabotzatik askatu zituen. Jainkoak esandakoari jarraituz, Moisesek israeldarrak Kanaanera bueltan eraman zituen. Juduek uste dute Jainkoak Moisesi Hamar Aginduak eman zizkiola eta israeldarrak agindu horiek betez gero Jainkoak zainduko zituela.
Hurrengo mendeetan, Israel nazio boteretsua bihurtu zen Ekialde Hurbilean, gehienbat lehenengo hiru erregeen agindupean, Saul, Dabid eta Salomon. Dabidek Jerusalem konkistatu eta hiriburua bihurtu zuen. Haren semeak, Salomonek, Jerusalemgo lehen tenplua eraiki zuen K.a. 900. urtera aldera.
Babiloniarrek hegoaldeko Israel konkistatu zuten, Tenplua suntsitu zuten eta judu batzuk esklabo bihurtu zituzten K.a. 500. urte inguruan. Horrek diasporari, hau da, sakabanatzeari, eman zion hasiera. Une hartatik aurrera, juduak hainbat lurraldetan sakabanatuta bizi izan ziren, beren herrialderik eduki gabe.
Israel modernoko judaismoa
aldatu1880ko hamarkadaren bukaeran, Sionismo izeneko mugimendu bat sortu zen Europan, Palestinan juduentzako nazio bat sortu nahi zuen jendearen eskutik. XXi. mendeko lehen hamarkadan indarra irabazi zuen, juduak Palestinara joaten hasi zirelako, Europako egoera gogorretatik ihesi.
Juduen immigrazioa are gehiago handitu zen gero, Alemanian Hitler boterera iritsi zenean, 1930eko hamarkadaren hasieran. Hitlerrek eta haren alderdi naziak esaten zuten juduak gaiztoak zirela; horregatik, bizitza zailduko zieten neurriak hartu zituzten hasiera, baina ondoren, juduak hiltzen hasi ziren. Naziek 6 milioi judu hil zituztela esaten da; horri holokaustoa deitzen zaio. Alemaniak II. Mundu Gerra galdu zuen, 1945ean, eta orduan bukatu zen holokaustoa. Hiru urte geroago, Israel fundatu zen, juduen herrialdea izateko.