Kieveko Maidan plaza (Independentziaren plaza).

Kiev Ekialdeko Europako hiri bat da, bai eta Ukraina izeneko herrialdeko hiriburua eta hiririk handiena ere. 2015eko datuen arabera, ia 3 milioi biztanle ditu, eta beste milioi bat bizi da hiriaren ondoko eremuetan.

Eskualde honek klima kontinentala du, itsasotik oso urruti dagoelako. Horregatik, udan ez dute bero handirik izaten, baina neguak oso hotzak izaten dira. Hiri honetan inoiz izandako tenperaturarik hotzena -30 gradu da.

Historia apur bat

aldatu
   Ba al dakizu    
Kiev hiria Txernobyldik oso hurbil dago.

Kiev oso hurbil dago Txernobyldik, zentral nuklear batek eragindako hondamendi nuklearra izan zuen hiritik. Horregatik, osasun-arrazoiengatik uda Euskal Herrian pasatzera etortzen diren umeak ukrainarrak izaten dira.

Ez da oso segurua hiria noiz sortu zen, baina badirudi IX. edo X. mendekoa dela, gutxi gorabehera. Seguruenik, eslaviar jatorriko jendeak sortu zuen; hala ere, beste herri batzuk ere bizi ziren inguru hauetan garai hartan, haien artean bikingoak. Bikingoentzat, tarteko puntu garrantzitsu bat Itsaso Beltzera iristeko bidaietan. Dena dela, mongolen inbasioen garaian, XIII. mendearen erdialdean, hiria erabat suntsitu egin zuten.

1800etik aurrera, hiria handitzen hasi zen eta ibaiaren eskuinaldera ere zabaldu zen. Ukraina 1991ra arte Sobiet Batasunaren barruan egon zen eta, lehenago, Errusiar inperioaren barruan. Horregatik, Kieveko biztanle askoren hizkuntza errusiera da.

Bigarren Mundu Gerran ere, hiriak izugarrizko kalteak jasan zituen.

Leku ikusgarriak

aldatu

Kieveko alde zaharra Dnieper ibaiaren ezkerraldean dago. Eliza asko ditu, eta horregatik "Ekialdeko Jerusalem" izena eman izan zaio noizbait. Gainera, eliza horietako batzuk gizateriaren ondare izendatu ditu UNESCOk.

Kievo-Petxerska Lavra izeneko monasterio ortodoxoa oso interesgarria da; XI. mendean eraiki zen eta oso handia da. Haren elizek oso horma-irudi ederrak dituzte, eta ikusgai daude lehen fraide-komunitateek erabili zituzten kobazuloak, bai eta haietako batzuen gorpu momifikatuak ere.