Hungariaren kokapena Europar Batasunean.
Hungariako bandera.

Hungaria Erdialdeko Europako herrialde bat da. Hiriburua Budapest da, eta 2017an 10 milioi biztanle inguru zituen. Gehienek hungariera dute ama hizkuntza. Hungarierak ez du loturarik Europako beste hizkuntzekin, baina bai urruneko harremana finlandierarekin eta estonierarekin.

Muga egiten du Eslovakia, Ukraina, Errumania, Serbia, Kroazia, Eslovenia eta Austriarekin. Gaur egun iraganean baino txikiagoa da, eta, horregatik, Hungariako kultura eta hizkuntza dituzten biztanle asko bizi dira ondoko herrialdeetan.

Hungariako ibai garrantzitsuenak Danubio eta Tisa dira. Balaton aintzira, mendebaldean, Erdialdeko Europako aintzirarik handiena da. Itsasotik nahiko urrun dagoenez, Hungariak klima kontinental lehorra du; hau da, udak beroak dira, eta neguak, hotzak.

Ekonomia

aldatu

Gobernu komunisten garaian, ekonomia guztia Estatuaren eskumenean zegoen; hau da, enpresak Estatuarenak ziren, ez ekimen pribatuarenak. Gauza bera gertatzen zen nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin: kooperatibetan antolatzen ziren.

Demokrazia iristerakoan, merkatu-ekonomiara egokitu behar izan zuten; hau da, Estatuarenak ziren enpresak esku pribatuetara pasatu ziren, eta kasu askotan, nazioarteko inbertitzaileen eskuetara. Horrek krisi ekonomiko handia eragin zuen, eta Hungariak Europar Batasunaren eta Munduko Bankuaren laguntza behar izan zuen.

Gaur egun, ekonomia-sektore garrantzitsuena zerbitzuena da (bankuak, hezkuntza eta turismoa, nabarmenki); industria ere garrantzitsua da: ordenagailuak, ibilgailuak, elikagaiak, makineria eta produktu kimikoak ekoizten dira. Nekazaritzak eta abeltzaintzak gaur egun indar txikiagoa dute herrialdearen ekonomian.

Historia pixka bat

aldatu

Gaur egungo Hungariako lurraldea herri zeltek okupatu zuten iraganean, eta geroago, erromatarrek konkistatu zuten. Hala ere, gaur egungo hungariarrak Uraletatik Europara etorritako herri baten, magyarren, ondorengoak dira. Magyarrak IX. mendearen inguruan kokatu ziren lurralde hauetan.

Denbora luzez, hungariar lurraldea Otomandar Inperioak okupatu zuen, eta geroago, 1867. urtetik aurrera, beste lurralde askorekin batera, Austria-Hungariako Inperioaren parte izan zen. Hungaria herrialde burujabea izan zen 1918tik aurrera, Lehen Mundu Gerran Austria-Hungariako Inperioa garaitua izan eta gero. Hala ere, lurraldearen zati bat galdu zuen, bereziki Errumania.

1920ko hamarkadan, Hungaria monarkia gobernu-era zeukan erresuma bihurtu zen. Erresuma Alemaniako nazien eta Italiako faxisten aliatua izan zen Bigarren Mundu Gerran. 1945etik 1989ra arte, gobernuak komunistak eta Sobietar Batasunaren aliatuak izan ziren. 1989an, Sobietar Batasuna desagertu zenean, Hungaria herrialde demokratiko bihurtu zen eta 2004an Europar Batasunean sartu zen.

Irudi batzuk

aldatu