Australiar soldaduak gasaren kontrako maskarekin, 1917an, Frantziako fronteko lubaki batean.

Lehen Mundu Gerra XX. mendearen hasieran (1914 eta 1918 bitartean) gertatu zen gerra handi bat izan zen; batez ere Europan gertatu zen, baina munduan garai hartan zeuden potentzia handi ia guztiek eta beste herrialde txiki askok ere parte hartu zuten.

Hasieran, “Europako Gerra” deitu zitzaion, baina Commonwealth elkarteko herrialdeak eta Ameriketako Estatu Batuak ere sartu zirenez, laster “Gerra Handia” eta “Mundu Gerra” deitu zioten, asko izan zirelako parte hartu zuten herrialdeak. Bigarren Mundu Gerrara arte, inoiz ez zen egon hainbeste herrialdek parte hartutako gerrarik.

XX. mendearen hasieran, Europako estatu edo herrialdeen arteko arazoak gero eta handiagoak ziren. Estatu horietako batzuk aliantzak edo akordioak egin zituzten elkarri laguntzeko, norbaitek erasotzen bazien ere. Borrokan parte hartutako bi aldeak honela osatu ziren:

Gerraren hasiera eta iraupena

aldatu

Lehen Mundu Gerra 1914ko uztailaren 28an hasi zen, Austriak Serbiari gerra deklaratu zionean; gerra piztu zuen gertakaria atentatu bat izan zen: 1914ko ekainaren 28an, serbiar abertzale batek Austria-Hungariako Inperioko Franz Ferdinand printzea eta haren emaztea hil zituen Sarajevo hirian. Horren ondorioz, Austria-Hungariak gerra deklaratu zion Serbiari, eta, horren ondoren, Errusiak soldatuak bidali zituen Serbia defenditzera. Laster, Alemania, Britainia Handia eta Frantzia ere sartu ziren gerran. Geroago, 1917an, Ameriketako Estatu Batuak ere sartu ziren gerran, aliatuei laguntzeko.

Bi fronte edo borrokaleku nagusi egon ziren Europan: bata, mendebaldeko frontea, Belgika eta Frantzia artean, eta bestea, ekialdeko frontea, Errusiako mugetan. Mendebaldeko frontean, Alemaniak Frantzia konkistatu nahi zuen, baina Erresuma Batua Frantziaren alde jarri zen, eta alemaniarrek ezin izan zuten aurrerabide handirik egin. Indarrak nahiko berdinduta zeuden fronte honetan, eta frontea oso eremu geografiko txikian estankatu zen; armadek lubaki edo trintxera-sistema handi bat antolatu zuten eta borroka gehienak trintxera haietan gertatu ziren, ez alde batekoek ez bestekoek lurralde gehiegirik irabazi gabe.

Ekialdeko frontean, berriz, Alemaniak arrakasta handiagoa izan zuen. 1916tik aurrera, alemaniarrak gero eta gehiago sartu ziren Errusian. 1918ko hasieran, Alemaniak, Austria-Hungariak eta Errusiak bakea sinatu zuten. Errusiak lurralde ugari utzi behar izan zizkien alemaniarrei. Bertan, estatu berri batzuk sortu ziren, Finlandia eta Ukraina, kasu.

1918an, Alemaniako armadaren buruzagiek argi zeukaten mendebaldeko fronteko gerra ez zutela irabaziko, eta Frantziari eta haren aliatuei bakea eskaintzeko gomendatu zieten agitari politikoei. Horrela, 1918ko azaroaren 11n, armistizioa sinatu zuten, hau da, gerra amaitzeko ituna.

Beraz, gerrak lau urte iraun zuen, eta aliatuak izan ziren garaile. Izan ere, Alemaniak oso baldintza gogorrak onartu behar izan zituen, bazekitelako gerran jarraituz gero galdu egingo zutela.

Gerraren ondorioak

aldatu

Mundu osoan, 70 milioi gizonetik gora mobilizatu ziren (60 milioi, Europan), eta, historialariek kalkulatu dutenez, gerran 8 milioi soldadu baino gehiago hil ziren, bai eta 13 milioi inguru zibil ere (soldaduak ez ziren pertsonak, alegia); gainera, 20 milioi zauritu baino gehiago ere eragin zituen.

Gerraren eraginez hil ziren milioiez gain, herrialdeak oso suntsituta eta pobretuta atera ziren; azpiegitura asko (herriak, hiriak, etxeak, lantegiak, ospitaleak, errepideak, zubiak, trenbideak, etab.) izugarri kaltetuta zeuden, eta jende asko elbarrituta zegoen. Gauzak are okerrago jarri ziren, gainera, 1918ko gripe-epidemia handiaren ondorioz; epidemia hartan, gerran baino hiru aldiz jende gehiago hil zela uste da.

Ondorio politikoei dagokienez, gerra bukatu zenean, Alemaniar Inperioa, Austria-Hungariako Inperioa, Otomandar Inperioa eta Errusiar Inperioa desagertu egin ziren, eta haietatik hainbat estatu berri jaio ziren; Europako geografia politikoa erabat aldatu zen gerraren eraginez.

Alemaniak, adibidez, lurralde asko galdu zituen, eta, haiekin batera, baliabide ekonomiko eta lehengai ugari ere bai. Gainera, irabazleei kalteordain izugarri handiak ordaindu beharra onartu behar izan zuen, eta horrek Alemaniako ekonomiaren hondamena ekarri zuen. Inperioaren ordez, errepublika demokratiko bat jaio zen Alemanian, Weimarko Errepublika; baina jendeak sufritzen zuen pobreziak nazismoa ekarri zuen, eta hori Bigarren Mundu Gerraren arrazoietako bat izan zen.

Austria-Hungariako Inperioa zatikatu egin zen; haren ordez, gaur egungo Austria eta Hungaria estatuak sortu ziren, bai eta Txekoslovakia eta Jugoslavia ere. Otomandar Inperioa ere desagertu zen eta, haren ordez, Turkia izeneko estatua sortu zen. Inperioarenak izandako Ekialde Hurbileko lurralde asko britainiarren eta frantsesen esku geratu ziren.

Errusian, bestalde, komunistek boterea hartu zuten 1917an, eta gerra zibil bat piztu zen.