Komunismoa gizarteen gobernuari buruzko ideologia politiko bat da, baita sistema ekonomiko bat ere (aberastasuna sortzeko eta partekatzeko modu bat). Sistema komunista batean, pertsonak ezin dira lur edo fabriken jabe izan; herrialdeko gobernua da gauza horien jabe, komunitate osoaren izenean. Suposatzen da gizarte komunista batean biztanle guztiek partekatu behar dutela sortzen duten aberastasuna.
Noiz eta nola sortu zen?
aldatuXIX. mendean herrialde asko kapitalismo izeneko sistema ekonomikoaren barruan zeuden. Kapitalismoaren pean, kapitalista izeneko pertsona batzuek kapitala (dirua) eta jabetzak dituzte eta haiek erabakitzen dute guztia jabetza horiei buruz. Industria-Iraultzaren garaian, kapitalista batzuk asko aberastu ziren, baina oso gutxi ordaintzen zieten langileei eta oso baldintza eskasetan lan egitera behartzen zituzten langileak. Erantzun gisa, langile asko sozialismoaren ideiak babesten hasi ziren. Sistema sozialista batean, gobernua enpresen jabe da eta aberastasuna modu bidezkoagoan banatzen da herriaren artean. Karl Marxek, XIX. mendeko pentsalari alemaniarrak, ideia sozialistak pauso bat harago eraman zituen; haren ideiak komunismoaren oinarri bihurtu ziren.
Marxek pentsatu zuen egunen batean langileek iraultza bat zuzenduko zutela eta kapitalistak garaituko zituztela. Kontrola hartu ondoren, langileria izango zen klase nagusi berria. Hasieran, "Proletarioen diktadura" egongo zen, oposizio oro garaitzeko. Gero benetako gizarte komunista bat garatuko zen. Horrek esan nahi du jabetza komuna izango litzatekeela, eta jendeak lan egingo lukeela aberastasuna sortzeko bere gaitasunen arabera, eta guztiek partekatuko zutela aberastasun hori beren beharren arabera.
Komunismoa gobernuan
aldatu1917ko Errusiako Iraultzak lehen gobernu komunista eraman zuen boterera. Vladimir Lenin izeneko iraultzaile batek Marxen ideiak praktikan jartzeko alderdi politiko bat sortu zuen. Alderdi honek, geroago Alderdi Komunista deituak, Sobietar Batasuna izeneko herrialde berri bat antolatu zuen.
Bigarren Mundu Gerra 1945ean amaitu ondoren, Sobietar Batasunak Ekialdeko Europako herrialde askori gobernu komunistak ezartzen lagundu zien. Estatu Batuak eta haren aliatuak komunismoaren aurka agertu ziren. Gerra Hotza izeneko gatazka bat hasi zen bi aldeen artean.
Komunistek Txinaren kontrola hartu zuten 1949an. Kubaz ere jabetu ziren 1959an, iraultza baten bidez. Komunistek Vietnamgo kontrola ere irabazi zuten 1975ean.
Hala ere, XX. mendearen amaieran komunismoak jarraitzaile asko galdu zituen. Azkenik, 1989 eta 1991 artean Sobietar Batasuneko eta Ekialdeko Europako gobernu komunistak erori egin ziren. Aldiz, Txinako gobernu komunistak XXI. mendean agintzen jarraitzen du, baina Txinak ere urratsak eman ditu sistema kapitalistarantz.