Egur-ikatza egiteko txondorra.

Baliabide naturala edo natur baliabidea gizakiak naturan aurkitzen duen edozein elementu edo gai da, bere beharrak asetzeko eta era guztietako jardueretan erabiltzeko eskuratzen duena. Haietako batzuk ezinbestekoak izaten dira gizakiaren biziraupenerako, ura, airea edo elikagai naturalak, adibidez; beste batzuk, aldiz, gizakiak bere jarduera ekonomikoetan erabiltzen dituen lehengaiak dira, mineralak, zura edo lurra, adibidez. Azkenik, badira beste batzuk, ondasun materialak baino gehiago, era guztietako zerbitzuetarako balio dutenak, eskiatzeko elurra, adibidez.

Naturan aurkitzen diren elementu edo gai hauek egoera solidoan (mineralak, zura), likidoan (ura), nahiz gaseosoan (gasa) aurki daitezke naturan. Gizarteentzat baliotsuak izaten dira beren ongizatea eta garapena lortzeko. Giza jarduera batzuek baliabide natural asko erabiltzen dituzte; horregatik, arauak behar izaten dira gehiegizko erabilera edo ustiapena ez gertatzeko eta, horren ondorioz, baliabide horiek behin betiko ez agortzeko.

Izan ere, baliabide naturalen artean, badira baliabide berriztagarriak, ondo zainduz gero agortzen ez direnak alegia; eta berriztaezinak, nahitaez noizbait agortuko direnak.

Baliabide berriztagarriak

aldatu

Erabili arren agortzen ez direnak, erabili ondoren beren egoerara itzultzen direnak edo birsortu daitezkeenak dira. Ondo erabiliz gero, hau da, birsortzeko duten gaitasunaren gainetik erabiltzen ez badira, amaigabeak izan daitezke; adibidez, arrainak amaigabeko baliabidea izan daitezke jendearen elikadurarako, baina gehiegizko arrantza egiteak desagertzeko edo agertzeko zorian ipin ditzake gizakiaren kontsumorako arrantzatzen diren arrain espezie asko.

Baliabide berriztagarrien beste adibide batzuk: lurra, zuhaitzak, nekazaritzako produktuak, abereak; energia-iturri batzuk ere baliabide berriztagarriak dira: haizea, eguzkia, mareak, ibaietako ura (energia hidraulikoa sortzeko).

Baliabide berriztaezinak

aldatu

Erabili ahala agortzen direnak edo birsortu ezin direnak dira. Baliabide hauek jatorri geologikoa dute, kantitate mugatuak daude Lurrean eta naturak ezin ditu denbora geologiko laburretan birsortu; hau da, milioika urte beharko lirateke Lurrak prozesu geologiko naturalen bidez berriro sortu ahal izateko.

Berriztagarriak ez diren baliabide batzuk ondoko hauek dira: ikatza, petrolioa, mineralak, metalak, gas naturala eta lurpeko ur erreserbak, berriz kargatu ezin daitezkeen lurpeko akuiferoen kasuan.

Baliabide berriztaezinen ustiapena edo erabilera arautu beharra dago, bestela haietako asko oso azkar agortuko zaizkigulako eta, beraz, etorkizuneko belaunaldiek ezingo dituztelako erabili. Hori gertatzen da, adibidez, erregai fosilekin (petrolioa, gasa edo ikatza). Dena dela, etorkizunera begira, hobe da baliabide berriztaezinen ordezkoak aurkitzea, batez ere energia lortzeko, bai eta baliabideen berrerabilpen eta birziklatzea bultzatzea.

Baliabide naturalak zaintzea

aldatu

Baliabide naturalak zaindu eta zentzuz erabili behar ditugu denbora gutxian ez agortzeko, eta, batez ere, gure planeta zaintzeko.

Natura izugarri onuragarria da gizartearentzat. Egunero egiten ditugun ekintza ia guztiak, esate baterako dutxak hartzea, jatea, bidaiatzea, eta abar, baliabide naturalen batekin lotuta daude. Alabaina, baliabide hauek gehiegi erabiltzea kaltegarria izan daiteke naturarentzat eta bertan bizi diren izaki bizidun guztientzat, gu barne.

Baliabide naturalen gehiegizko ustiapena

aldatu

Baliabide naturalak neurriz kanpo erabiltzen ditugunean, naturak jasan ezin dezakeen neurrian, baliabide horien gehiegizko ustiapena eragiten dugu. Gehiegizko ustiapenak esan nahi du ez diogula naturari baliabide horiek berriztatzeko edo birsortzeko denborarik ematen, eta, beraz, azkenean agortu egingo direla. Zoritxarrez, baliabide natural horietako askoren gehiegizko ustiapenaren ondorioz, espezie asko desagertzen ari dira, lurra gehiago ari da berotzen eta gero eta hondamendi natural gehiago gertatzen dira. Guri ere gero eta kalte handiagoak egiten dizkigu.

Zer egin dezakegu?

aldatu

Hona hemen zer egin dezakegun ingurumena zaintzeko eta baliabide naturalen gehiegizko ustiapena eta haren ondorio kaltegarriak saihesteko:

  • Baliabide natural gutxiago erabili: ahalik eta gehien gutxitu behar dugu baliabideen eguneroko kontsumoa eta gure energia-gastua. Adibidez, hobe da argiak itzaltzea ez baditugu behar, eta haien ordez argi naturala erabiltzea.
  • Baliabideak berrerabili: beste erabilera bat izan dezakeen produktu bat bota beharrean, beste zerbaitetarako baliatu dezakegun edo ez pentsatu behar dugu. Komenigarria da baita ere erabilera bakarrekoak ez diren produktuak erabiltzea, hala nola plastikozko edalontzien ordez kristalezkoak erabiltzea.
  • Birziklatu: ontzi, produktu edo edozein hondakin ez badugu gehiago erabiliko, dagokion edukiontzira bota behar dugu, hondakina organikoa, plastikoa, kartoia, beira, metala ala toxikoa izan baitaiteke.
  • Garraio publikoa erabili: ahal dugun guztietan garraio publikoa erabili behar dugu autoek eragiten duten kutsadura gutxitzeko. Kotxea erabili behar badugu, hobe elektrikoa bada.
  • Lagundu planeta garbi mantentzen: oso garrantzitsua da zaborrik ez uztea hondartzara, basora edo beste edozein ekosistema natural batera joatean. Planeta garbi mantendu, eta saiatu joaten zaren lekuei kalterik ez egiten. Milioika animalia eta landare espeziek ekosistema hauek behar dituzte bizirauteko.
  • Produktu ekologikoak kontsumitzea: produktu ekologikoak kontsumitzean, fruta eta barazki ekologikoak adibidez, ingurumena zaintzen laguntzen ari gara, haiek ekoizteko ez dutelako ongarririk edo beste inolako produktu kutsagarririk erabiltzen.
  • Poltsa berrerabilgarriak erabili: ekosistema naturalentzat, uretakoentzat batez ere, gehien kutsatzen duen produktuetako bat egunero supermerkatuetan erabiltzen diren milioika poltsa dira, izugarrizko urte pila behar izaten dutelako degradatzeko eta animalia askok jan egiten dituztelako, janaria dela pentsatuz. Kutsadura honi aurre egiteko, hobe da telazko poltsa bat hartu eta erosketak egiten ditugun bakoitzean hura erabiltzea.