👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
680.000.000
🔎
Azalera
37.200.000 km²
🏙️
Hiriburua
Londres
📷
Argazkiak
ikusi
Britainiar Inperioaren mendeko lurraldeak.

Britainiar Inperioa munduko inperiorik handiena izan zen. XX. mende hasieran lortu zuen tamainarik handiena; garai horretan Britainia Handiak munduaren laurdena menderatzen zuen.

Britainia Handiak bere kolonietako aberastasun eta lehengai asko lortu zituen inperioari esker. Oso herrialde aberatsa bihurtu zen eta horrela, industriaren, zientziaren eta kulturaren garapena sustatzeko diru asko gastatzeko aukera izan zuen.

Dena dela, Britainiar Inperioaren amaiera heldu zen XX. mende erdian. Batetik, inperioak menderatzen zituen lurralde eta nazioek aurka egin zioten britainiarren aginteari; eta bestetik, hain handia zen inperio bat kontrolatzea oso garesti bihurtu zen Britainia Handiarentzat. Egun, Britainia Handiak kolonia gisa irla txiki batzuk baino ez ditu, edo bestela esanda, itsasoz bestaldeko lurraldeak.

Zein herrialdek osatzen zuten inperioa?

aldatu

Bere unerik boteretsuenean, Britainia Handiak biztanledun kontinente guztietan zituen koloniak.

Ekialde Hurbilean, Egiptok eta Arabiar penintsulak osatzen zuten inperioa, eta geroago, gaur egun Israel eta Jordania izenez ezagutzen ditugunek ere. Asiako beste lurralde batzuei dagokienez, britainiarrek nagusiki honako lurralde hauetan gobernatu zuten: herrialdeei dagokienez, India, Pakistan, Sri Lanka eta Myanmar; hiriak ere gobernatu zituzten, Hong Kong, Singapur eta Malaysia, esaterako.

Ozeaniar koloniak Australia, Zeelanda Berria eta Fiji izan ziren.

Afrikan: Hegoafrika, Ghana, Nigeria, Sudan, Uganda, Kenya eta Tanzania.

Amerikan denbora luzez menderatu zuten britainiarrek gaur egun Kanada dena. Estatu Batuetako ekialdea ere britainiarren mende egon zen 1776 arte. Gainera, munduko inperioaren parte izan ziren irla asko daude Kariben eta Ozeano Barean.

Europan, Irlanda osoa inperio britainiarrarena zen, bai eta Malta, Zipre eta Gibraltar ere. Leku batzuk oraindik ere britainiarrak dira: Malvina eta Bermuda uharteak, adibidez.

Nola sortu zen Britainiar inperioa?

aldatu

Erdi Aro bukaeran, 1500 inguruan, Europako herrialde batzuk koloniak konkistatzen hasi ziren. Ingalaterra kolonoak bidaltzen hasi zen, Ipar Amerikan lurraldeak okupatzeko asmoz. Gauza bera egin zuen Hego Amerikako kostekin, Indiarekin eta Afrikarekin. Batzuetan indar militarra erabiltzen zuten lurralde horiez jabetzeko, eta zenbait kasutan lurraldeak erosten zituzten edo itunak egiten zituzten jatorrizko biztanleekin.

Ingalaterra eta Eskozia elkartu zirenean hartu zuen Britainia Handia izena. 1800 inguruan, Britainia Handiak Ipar Amerikako kolonien zatirik handiena galdu zuen: independizatu ziren eta Ameriketako Estatu Batuak (AEB) bihurtu ziren.

Britainia Handiak esploratzaileak bidaltzen jarraitu zuen beste lurraldeetara, bereziki Afrikako kostaldera, Asiako hegoaldera eta Ozeaniara. Hala ere, 1880tik aurrera, ondasun gehiago eskuratu nahian, kontinenteetako barrualdeak konkistatzen hasi ziren.

Zein izan ziren mundu mailako inperioaren ondorioak?

aldatu

Gune batzuk britainiarrek gobernatzen zituzten zuzenean: bertako funtzionarioek Londrestik jasotzen zituzten aginduak. Beste gune batzuek lehengo gobernatzaileak zituzten, baina britainiarrek jarraitzen zuten erabaki garrantzitsuak hartzen, tokiko agintarien aurretik.

Inperioak ingelesa hizkuntza menderatzaile izatea eragin zuen, konkistatutako lurraldeetan; gainera, britainiar legea ezarri zuten, baita kultura guztiz bestelakoa zuten tokietan ere. Britainiarrek burdinbideak eta telegrafia-lineak eraikiarazi zituzten lurralde horietan. Britainiarren boterea mantentzeko beharrezkoa zen, baina okupatutako lurraldeentzat ere onuragarria zen.

Britainiarrek merkataritza menderatu zuten eta ondasun izugarriak eskuratu zituzten. Beste inperio askok lurralde asko menderatzen zituztela esan ohi zen, Errusiak, adibidez; baina Britainia Handiak itsasoa kontrolatzen zuen. Ez zegoen Britainia Handiak bezainbeste itsasontzi zituen herrialderik.

Nola bukatu zen?

aldatu

XX. mendea hasi zenetik egon ziren Britainiar inperioko herriak askatasun eske eta Londresen kontrola arintzearen eske. Lehen Mundu Gerran, Britainia Handiak borroka, bereziki, Europan egin zuen. Horretarako, bere kolonietako soldaduak eta bestelako babesa behar izan zituen. Gerraren ostean, kolonia haietako biztanleek askatasuna eskatu zuten, gerran emandako babesaren truke.

Hasieran, Britainia Handiak askatasun batzuk onartu zituen kolonia batzuetan, orokorrean azal zuriko pertsonak bizi zirenetan: Kanada, Australia, Zeelanda Berria eta Hegoafrikan. 1930 inguruan, lurralde horiek burujabe bihurtu ziren, gutxi gorabehera; dena den, Britainia Handiko erregeak jarraitzen zuen estatuburu izaten.

Bigarren Mundu Gerran, Britainia Handiak berriro behar izan zuen bere inperioko lurraldeen laguntza. Gero eta indartsuagoa zen kolonien independentzia-eskaera. India britainiarra izan zen independentzia lortu zuen lehenengo herrialde handia, gero 1947an India eta Pakistan herrialdeetan banatu zena. Pixkanaka, gero eta gehiago ziren Britainia Handiak galdu zituen koloniak, batez ere 1960tik aurrera.

Garai batean Britainiar inperioa osatu zuten herrialde burujabe ia gehienek Commonwealth delakoa osatzen dute gaur egun. Oraingo Britainia Handiko erreginak zuzentzen duen organizazio bat da eta erakundea osatzen duten herrialdeen bakea, askatasuna eta oparotasuna bermatzea du helburu.