Espainiako Gerra Zibilari buruzko hormirudi bat.

Gerra zibila herrialde bakar baten barruan gertatzen den gerra da. Ez dira herrialde desberdinak beraien artean borrokan dabiltzanak, baizik eta herrialde bereko pertsonak eta taldeak. Hala ere, beste herrialde batzuk tartean sartu daitezke, talde horietako bati laguntzeko.

Gerra zibil batean aurka ari direnak herrialdean boterea eskuratzeko tirabiran aritzen dira. Talde horiek beraien ideia politikoengatik egon ohi dira elkarren kontra, eta beste pertsonei beraien ideia politikoak inposatzeko borrokatzen dira. Hala ere, sarritan botere politikoa eta ekonomikoa izateko borroka besterik ez da izaten.

Adituak ez dira bat etortzen gerra zibil bat zerk osatzen duen zehazterako orduan. Horietako batzuek ez diote gerra zibil deitzen hildako kopuru handi bat egon arte edo borrokek hainbat hilabete edo urte iraun duten arte.

Gerra zibil batzuetan, talde txiki asko borrokatzen dira beraien artean. Beste batzuetan, berriz, bi edo hiru talde handi bakarrik aritzen dira borrokan. Kasu horretan arma pisutsuak ―hala nola tankeak eta hegazkinak― dituzten armada handiak dituzte. Gerra zibil horiek gerra “normalen” oso antzekoak dira.

Gerra zibiletan, liskarretan parte hartzen duen jende asko hiltzen da, baina baita beste pertsona asko ere. Horregatik jendeak gerra zibila dagoen herrialdetik ihes egin eta babeslekua bilatzen du; hori dela eta, iheslari edo errefuxiatu deitzen zaie. Iheslariak beste herrialde edo kontinente batera joatera behartuta egoten dira.

Gaur egun Sirian gerra zibila gertatzen ari da. Bertako pertsona askok beste herrialde batzuetara alde egin dute, bereziki 2015. urtean, Siriako egoera okerragotu zenean. Hala ere, ihes egin duten biztanle gehienak Siria ondoko herrialdeetan bizi dira, Turkian batez ere. Askok, urteak daramatzate iheslarientzako esparruetan bizitzen baldintza ezin txarragoetan edo Mediterraneotik Europara iristen saiatzen dira. Bidaia horietan asko hil dira.

Zer gerra zibil izan ziren iraganean?

aldatu
 
Estatu Batuetako gerra zibila.

Zenbait ikerlarik Hogeita Hamar Urteko Gerra gerra zibila izan zela pentsatzen dute. Alemanian izan zen orain dela ia 400 urte. Garai hartako Germaniako Erromatar Inperio Santua beraien artean borrokatzen ziren hainbat herrialdez osatuta zegoen. Gainera, katolikoek protestanteen aurka borrokatzen ziren eta beste herrialdeak tartean sartu ziren.

Amerikako Estatu Batuetan XIX. mendean gerra zibil bat egon zen. 1860an Abraham Lincoln aukeratu zuten presidente, arraza beltzeko pertsonen esklabotza ezeztatu nahi zuen politiko bat. Hegoaldeko estatuetan esklabotza baimenduta zegoen eta Lincolnek esklabotza debekatuko zuen beldur ziren. Horregatik, Estatu Batuetatik atera ziren. Horri lau urteko gerra zibil bat jarraitu zion.

Beste gerra zibil ezagun bat Espainiakoa izan zen, orain dela ia 90 urte. Momentu horretan errepublikanoek irabazi zituzten hauteskundeak. Sozialdemokratak, komunistak edo ezkerreko ideiak zituzten eta gauza asko aldatu nahi zituzten. Ejertzitoa gobernuaren aurka altxatu zen eta herrialdean aldaketarik ez egotea nahi zuten katoliko eta eskuineko pertsonen laguntza lortu zuten. Gerraren ondorioz 600.000 pertsona baino gehiago hil ziren, eta, gerra ostean, errepublika eta demokrazia babesten zuten pertsona asko erail zituzten edo beste herrialde batzuetan erbesteratu edo babestu behar izan zuten. Francisco Franco generala, gerraren irabazlea, diktadore bihurtu zen eta ia 40 urtez Espainian gobernatu zuen. Espainiak ez zuen demokrazia berreskuratu bera hil eta gerora arte.