Izaki bizidun ugarietako batzuk.

Izaki bizidunak gure planetan bizi diren izaki edo organismo guztiak dira, hau da, animaliak (baita gizakiok ere), landareak, onddoak, bakterioak...

Bizirik ez dauden gauzei, berriz, objektuak edo materia bizigabea deitzen diegu.

Tamaina desberdineko izaki bizidunak daude, baina, oro har, bi sailtan elkartu ditzakegu:

  • Izaki mikroskopikoak edo mikroorganismoak: tamaina txiki-txikikoak, begi hutsez ikusi ere ezin ditugunak, mikroskopio baten laguntzaz bakarrik ikus ditzakegunak; bakterioak, adibidez. Oso txikiak izan arren, hauek ere betetzen dituzte bizi-funtzioak.
  • Izaki makroskopikoak: begi hutsez ikusten ditugunak, hala nola katua, zuhaitzak edo arkakusoak.

Izaki bizidunen ezaugarriak aldatu

Izaki bizidun oso ugari eta era askotakoak daude, eta horregatik ez da oso erraza guztientzat ondo datorren definizio bat ematea; biologoek, bizia ikertzen duten zientzialariek ere, lanak dituzte bizia zehazki zer den esateko. Dena dela, badira ezaugarri batzuk izaki bizidun guztiengan topatzen ditugunak:

  • Jaiotzen dira: Izaki bizidun baten bizitzak hasiera bat du: jaiotza. Izaki bat jaio dela esaten dugunean esan nahi dugu halako momentu batean hasi dela bizitzen, eta, beraz, lehenago ez zela existitzen. Hala gertatzen da, adibidez, ume bat jaiotzen denean, arrautza batetik txori bat ateratzen denean edota hazi bati ernamuina (landare berri bat) ateratzen zaionean.
  • Handitzen dira: Biziaren hasieran, izaki bizidunak txikiak izaten dira, baina denbora igaro ahala, handiago bihurtu dira eta aldatu egiten dira; beren baitatik ateratzen dute horretarako behar duten materia organikoa.
  • Elikatzen dira: Izaki bizidunek energia behar dute bizirik egoteko eta handitzeko, eta hori janez lortzen dute; hau da, elikatu egiten dira. Energiarekin batera, bizitzeko behar dituzten beste materia asko ere elikaduraren bidez eskuratzen dituzte. Energia hori eta materia horiek ezin dituzte fabrikatu, beren ingurunetik eskuratu behar dituzte. Izaki bizidun batzuek, landareek zehazki, hurbileko ingurutik atera behar dituzte (ura, aireko gasak, gatz mineralak...); horregatik, hauei kontsumitzaile primario edo autotrofoak deitzen zaie. Beste batzuek, berriz, ezin dute materia mineraletatik materia organikoa atera; beste izaki bizidun batzuetatik (landare nahiz animalietatik) atera behar dute, haiek janez; hauei kontsumitzaile sekundario edo heterotrofoak deitzen zaie.
  • Ugaltzen dira: Normalean, izaki bizidunak beste izaki bizidun batzuk sortzeko gai izaten dira; horri ugalketa deitzen zaio.
  • Hiltzen dira: Izaki bizidunen bizitzak bukaera izaten du: heriotza. Hiltzen direnean, izaki bizidunek existitzeari uzten diote. Izaki bizidun batzuek oso bizi laburrak izaten dituzte, eta beste batzuek oso luzeak. Adibidez, badira euli batzuk egun bat besterik bizi ez direnak; eta badago itsasoetan esponja edo belaki bat 10.000 urte bizi daitekeena.

Izaki bizidun guztiek eduki behar dituzte bost ezaugarri horiek, izaki biziduntzat jotzeko; hala ere, zientzialari guztiak ez daude erabat ados horretan. Esate baterako, birusek ezin dituzte beste birus batzuk sortu, ezin dira ugaldu; bakarrik, beste izaki bizidun batzuen zelulak behar izaten dituzte beste birus batzuk sortzeko.

Izaki bizidunen bizi-funtzioak aldatu

Aurreko ezaugarrietan oinarrituta, izaki bizidunek hiru bizi-funtzio nagusi dituztela esaten da:

  • Nutrizioa edo nutrizio-funtzioa: elikadurarekin zerikusia duena. Hau da, bizi ahal izateko, izaki bizidunek elikagaiak behar izaten dituzte, mantenugaiak eta energia lortzeko. Izaki bizidun batzuek, landareek zehazki, beraiek sortzen dituzte beren mantenugaiak argiaren laguntzaz; eta beste batzuek, berriz, animaliak hain zuzen, beste izaki bizidunez elikatzen dira.
  • Harremana edo harreman-funtzioa: izaki bizidunek inguruan gertatzen denari eta haien gorputzea gertatzen diren gauzei erreparatu behar diete, gertaera horien aurrean erreakzionatzeko edo aldaketa batzuei erantzuteko. Adibidez, eguzkitan gaudenean, larruazaleko tenperatura igoko zaigu, eta larruazala erretzeko arriskuan egongo gara; horren aurrean, itzala bilatuko dugu, edo eguzkitarako krema ipiniko dugu. Erantzun horretan, hainbat organok, sistemak eta aparatuk hartzen dute parte; besteak beste, zentzumen-organoek tenperaturaren igoera hauteman dute, burmuinak informazio hori jaso du nerbio-sistemaren bidez, eta burmuinak berak bide beretik agindu batzuk eman dizkie gure muskulu edo giharrei ekintza bat egiteko edo egoerari erantzuteko. Beraz, harreman-funtzioan zentzumen-organoak, nerbio-sistemak (burmuinak), eta lokomozio-aparatuak (muskuluak eta hezurrak) hartzen dute parte.
  • Ugalketa edo ugalketa-funtzioa: funtzio honen bitartez, izaki bizidunek ondorengoak izaten dituzte eta ugaldu egiten dira. Horrela, landare baten lorea ernaltzen denean, haziak sortuko dira, eta hazietatik landare berriak sortuko dira. Eta, animalien kasuan, kumeak izango dituzte, hau da, beraien antzekoak diren organismo berriak.

Nola osatuta daude izaki bizidunak? aldatu

Izaki bizidun guztiak zelulaz osatuta daude; izaki bizidunen oinarrizko osagaiak dira. Eraikuntza-jokoetako piezen antzeko zerbait direla esan dezakegu.

Izaki bizidunen artean, badira zelula bakar batez osatutakoak eta zelula ugariz osatutakoak. Lehendabizikoak izaki bizidun zelulabakarrak edo unizelularrak deitzen dira; halakoak dira, esaterako, bakterioak. Bigarrenak, berriz, izaki bizidun edo organismo zelulanitzak edo plurizelularrak deitzen dira; izaki bizidun gehien-gehienak honelakoak dira. Gizakiok, adibidez, 60 eta 90 bilioi bitarte zelula ditugu helduak garenean.

Noiz hasi zen bizitza Lurrean? aldatu

Gizakiok Lur planetan dauden izaki bizidunak baino ez ditugu ezagutzen; hau da, oraingoz ez dugu aurkitu Lurretik kanpoko izaki bizidunik. Zientzialariek ez dakite unibertsoan ba ote dagoen nonbait bestelako izaki bizidunik; batzuek diote baietz, egon behar dela bizitzarik, milioika eta milioika planeta daudelako unibertsoan; beste batzuek, aldiz, zalantzan jartzen dute hori.

Nolanahi, bizitza duela 4.000 milioi urte inguru hasi zen Lur planetan. Denbora luze horretan, izaki bizidun mota asko egon dira lurrean; haietako asko erabat desagertu dira, eta beste batzuk aldatu edo bilakatuz joan dira, eboluzioa deitzen dugun prozesu biologikoaren bitartez.

Lurreko ia alde guztietan aurkitu da bizitza, bai basamorturik beroenetan, eta baita izotzez betetako lurraldeetan ere. Itsaspeko ur termaletan ere badago bizitzarik; bakterio primitibo batzuk dira, "archaea" izenekoak; lurretik ateratako metano izeneko gas batetik bizi dira, eta ez dute eguzki-argiaren beharrik bizitzeko.

    * Gehiago jakiteko, ikusi ondoko artikulua: Biziaren jatorria

Nola sailkatzen dira izaki bizidunak? aldatu

Izaki bizidunak sailkatzeko sailkapen biologikoa erabiltzen da. Sailkapen honetan izaki bakoitzak edo talde bakoitza besteengandik zertan ezberdintzen den hartzen da kontuan. Lana errazteko, gako dikotomiko deitzen den laguntza bat erabiltzen da, galdera errazekin. Gako dikotomiko bati esker, posible da izaki bizidun bat sailkatzea.

Izaki bizidunen erreinuak aldatu

Adibidez, izaki bizidun bat zein erreinutakoa den jakin nahi badugu, honako galderak egin beharko ditugu.

Unizelularra da?

Bakterioa edo Arkeobakterioa da  

Protistoa  

Plurizelularra da?
Ehunik gabeko plurizelularra da?

Protistoa  

Ehunak dauzka?

Landarea  

Ehunik gabeko plurizelularra da?
Zelula horma dauka?

Onddoa  

Ez du zelula hormarik?

Protistoa  

Plurizelularra da eta ehunak dauzka?

Animalia