Landareen dibertsitatea.

Landareak izaki bizidunen bost multzo edo erreinu handietako bat dira, Plantae erreinukoa, hain zuzen. Landare gehienak lehorrekoak dira, hau da, lurrean bizi dira; haien artean sartzen dira zuhaitzak, zuhaixkak, belarrak, goroldioak eta garo edo iratzeak; baina beste batzuk uretan bizi dira, alga berdeak, adibidez. Ez onddoak ez eta berdeak ez diren algak ez dira landareak.

Beraz, landareak izaki bizidunak dira eta izaki bizidunen funtzio guztiak egiten dituzte: jaio, hazi, ugaldu eta hil egiten dira; aldiz, lurrari lotuta bizi dira, eta, beraz, ezin dira mugitu leku batetik bestera, beste izaki bizidun gehienak bezala.

Landareak aztertzen dituen zientziari botanika deitzen zaio. Zientzia honen arabera, gaur egungo munduan 350.000 landare-espezietik gora daude bizirik.

Landareen ezaugarri nagusiak aldatu

Landareen ezaugarri garrantzitsuenak honako lau hauek dira:

  • Zelulaniztunak dira: hau da, zelula bat baino gehiagoz osatutako izaki edo organismoak dira eta zelula konplexuak dituzte
  • Eukariotoak dira: hau da, zelula eukarioto edo konplexuak dituzte, nukleoa eta organuluak dituztenak eta mintz batez inguratuta daudenak.
  • Elikadura autotrofoa dute: hau da, elikatzeko behar dituzten substantzia organikoak beren kabuz sortzen dituzte fotosintesia deitzen den prozesuaren bitartez.
  • Lurzorura finkatuta bizi dira: hau da, oro har, zentzumenik eta beren kabuz mugitzeko gaitasunik ez dute. Izan ere, landare gehienak lurrean sustraituta bizi dira, eta beste batzuek uretan flotatzen dute.

Landareen atalak aldatu

Landare gehienek hiru zati edo atal dituzte, nagusiki:

  • Sustraiak: lurpean geratzen diren zatiak dira; ura eta bestelako elikagaiak lurretik hartzeko eta landarea lurrari lotzeko balio dute.
  • Zurtoina: lurretik ateratako zatia da eta adarrak eta hostoak ematen dituen atala; haren barrutik, ura eta beste substantziak mugitzen dira landarearen zati batetik bestera. Zurtoina nolakoa den, hiru landare-talde bereizten dira:
    • Zuhaitzak: zurtoin gogorra (enborra) izaten dute, zurezkoa, eta adarrak lurretik urrun ateratzen zaizkie. Hiru metro eta gehiago hazten dira.
    • Zuhaixkak: zurtoin gogor baina motza izaten dute eta adarrak eta hostoak lurretik hurbil ateratzen zaizkie. Hiru metro baino gutxiago haztera iristen dira.
    • Belarrak: zurtoin bigun eta malgua izaten dute.
  • Hostoak: eguzki-argitik ateratako energia xurgatu eta fotosintesia egiteko eginkizuna dute. Karbono-dioxidoa hartzen dute airetik.

Gainera, landare askok loreak dituzte. Loreak dira landare horien ugal-aparatuak; hau da, landare horiek loreen bitartez egiten dituzte beren umeak.

Landareek eguzki-argia, karbono-dioxidoa, mineralak eta ura behar dituzte fotosintesiaren bitartez elikatu ahal izateko. Landareek duten substantzia berde batek (klorofila jasotzen du eguzkitik datorren energia landareak bere elikadura egin ahal izateko; klorofila hostoetako zeluletan egoten da batez ere, eta, beraz, hostoak landareen elikagai-fabrika bat direla esan genezake. Hostoak elikagaiak ekoizten dituenean, landarearen beste atal eta zatietara garraiatzen dira.

Ikusi beste artikulu hauek aldatu