Ireki menu nagusia

Muskulu

Buruko muskuluak.

Muskuluak gizakion eta animalia askoren gorputzeko atal edo organo batzuk dira. Hiru eratako muskuluak daude:

  • Muskulu eskeletikoak: hezurrei lotuta daudenak.
  • Muskulu kardiakoa: bihotzeko paretak osatzen dituen muskulua da. Mugitu egiten da, odola ponpatzeko, baina bere kasa mugitzen da, ezin dugu mugitu edo erlaxatu gure nahiaren arabera.
  • Muskulu lisoak: beste organo batzuetan (giltzurruna, zainak, hesteak, urdaila, maskuria, etab.) aurkitzen direnak. Ezin ditugu nahita mugitu.

Muskuluak eta mugimenduaAldatu

Ugaztunek, hegaztiek, narrastiek eta arrainek muskulu eskeletikoen bitartez mugitzen dira. Gizakion kasuan, muskulu eskeletikoak hezurrei loturik daude tendoien bidez, mugimendua eragiteko.

Beste animaliek beste era batera erabiltzen dituzte beren muskuluak, mugitu ahal izateko. Adibidez, harrek ez dute hezurrik, eta muskuluak olatuen antzera mugituz lortzen dute mugitzea. Barraskilo eta almejek oina deitzen den muskulu handi bat erabiltzen dute leku batetik bestera mugitzeko. Intsektuek, berriz, exoeskeletoaren azpian ezkutatuta dituzte muskuluen bidez mugitzen dituzte hanka eta hegalak.

Gizakion muskulu gehienak muskulu eskeletikoak dira. Muskulu hauek harien antzeko zuntzez osatuta daude, eta, haien bidez, uzkurtu edo tenkatu egin ditzakegu, bai eta erlaxatu ere, nahi dugunean. Edozein mugimendu egiten dugunean, gure muskuluak uzkurtu egiten dira, hau da, gogortu eta laburtu egiten dira, eta, horrela, tira egiten dute hezurretatik; horri esker gertatzen da mugimendua. Aldiz, muskuluak lasatzen edo erlaxatzen direnean, beren tamaina normalera itzultzen dira, eta hezurrak ere lehengo posiziora itzultzen dira. Modu honetara mugitzen ditugu gorputzeko hainbat hezur, gorputz-adarrak bereziki.

Muskuluak uzkurtu ahal izateko, nerbioak ditugu; nerbioak kable elektrikoen antzeko zerbait dira, burmuinak haien bidez ematen die muskuluei uzkurtzeko agindua. Nerbioak muskuluetako zuntzetan halako konposatu kimiko batzuk askatzen dituzte, eta horrek muskulua mugitzeko energia ematen die.

Larruazalaren azpian daude, eta horregatik oso ondo nabaritu ditzakegu; batez ere, tenkaturik daudenean. Muskulu oso indartsuak dituzten pertsonen muskuluak oso ondo ikus daitezke begi hutsez.

Muskulu hauek badituzte beste funtzio batzuk ere: forma ematen diote gorputzari, gorputza orekatzen laguntzen dute, barruko organoak babesten dituzte eta gorputza berotzeko balio dute.