Gorputzeko organo nagusien arteko batzuk.

Organo bat, anatomian eta biologian, ehun mota ezberdinen batuketa bat da funtzio jakin bat edo batzuk betetzeko, betiere izaki zelulaniztunetan.[1] Organo batean zelula asko daude eta zelula hauek batera jarduten dute denen artean zerbait egiteko. Organo sorta batek funtzio jakin bat betetzen duenean, denek elkarlanean, sistema bat osatzen dute. Sistema horri organismo deitzen diogu.

Beraz, organoa baino antolaketa era sinpleagoa ehuna da, eta konplexuagoa, organismoa.

Adibide bat jartzearren, bihotza organo bat da, besteak beste gihar-zelulek osatutakoa, eta bere funtzioa odola gorputz osora ponpatzea da, gizakia edo animalia bizirik mantentzeko. Bihotza, beraz, forma du eta erauzi daiteke, eta ondorioz osotasun anatomiko bat eratzen du; gainera, batera jarduten duten zelulen multzoa da eta ondorioz osotasun funtzionala eratzen du.

Organo guztiak ez dira berdinak: batzuen kasuan, ale bakarra dugu, bihotza edo gibela, esaterako. Beste batzuk, birikak edo giltzurrunak adibidez, pareka agertzen dira, hau da, bi dira. Muskulu edo giharrak eta hezurrak ere organoak dira. Gure organorik handiena gure larruazala da.

Gorputzeko organo garrantzitsuak animalia eta gizakietan

aldatu

Gorputzean organo garrantzitsu asko daude, eta hauek kenduta ezin izango ginateke biziraun. Honen adibide dira:

  • Bihotza. Odola gorputz osoan zehar ponpatzen du.
  • Birikak. Airetik oxigenoa hartu eta odolera pasatzea errazten dute eta odoletik karbono dioxidoa eta beste hondakinak kanporatzen ditu.
  • Gibela. Oso funtzio garrantzitsua dauka energia gordeta eta metabolismoa kontrolatuta.
  • Pankrea edo area. Ezinbestekoa da intsulina eta glukagoia ekoizten dituelako, eta entzima hauen faltan ezin gara bizi.
  • Garuna. Gure izaeraren eta pentsamenduen egoitza da.
  • Begiak. Begiek argia igartzen dute, ikusmena ahalbidetuz.
  • Heste mehea eta heste lodia. Janarietako elikagaiak xurgatzen dituzte.
  • Giltzurrunak. Odola garbitzen dute eta zikinkeria txizaren bidez kanporatzen dute.
  • Larruazala. Gorputz osoko organo eta muskuluak estali eta babesten ditu. Gorputzeko organorik zabalena da.

Nola lan egiten dute elkarrekin organoek?

aldatu

Gorputzeko organoek taldean lan egiten dute hainbat funtzio betetzeko. Bihotza eta birikak adibide onak dira: bihotzak odola ponpatzen duen bitartean, birikek oxigenoa sartzen dute odolean. Oxigeno hori gainerako organo guztietara garraiatzen du odolak, organo horiek funtzionatu ahal dezaten.

Urdailak eta hesteek gibelarekin batera lan egiten dute. Janaria digeritu ondoren, gibelak mantenugaiak xurgatu eta prozesatu egiten ditu. Giltzurrunek eta maskuriak beste ekipo bat osatzen dute: odola garbitzen dute eta gernu edo txizarekin bideratzen dituzte gorputzeko hondakinak.

Zer gertatzen da organo batek jada ondo funtzionatzen ez badu?

aldatu

Organo bat gaixotzen denean, ezin du bere zeregina behar bezala bete. Adibidez, birika gaixotzen bazaigu ezingo dugu arnasa ondo hartu. Edo giltzurrunek behar bezala funtzionatzen ez badute, substantzia kaltegarriak pilatuko zaizkigu gorputzean.

Ditugun organo guztiak dira garrantzitsuak bizitzarako. Salbuespen bakarra apendizea izan daiteke. Handitu edo inflamatzen bazaigu, ebakuntza eginez ken daiteke arazorik gabe. Bestalde, organo bikoiztu batzuen kasuan, horietako bat kendu egin daiteke ebakuntza baten bidea, minbiziak larriki jota badago, adibidez. Izan ere, giltzurrun edo birika bakar batekin bizi daiteke, ez lehen bezain ondo, baina bizi, hala ere. Hori da organo bikoiztuen abantaila.

Organo batzuk ezin sendatzeko moduan hondatuta egonez gero, organo artifizialekin ordezka daitezke. Baina hori ez da posible organo guztientzat. Kasu askotan, organo gaixoa atera eta beste pertsona baten edo animalia baten organo osasuntsua transplantatzen da. Ebakuntza mota horri organo-transplantea deitzen zaio. Beren organoren bat pertsona gaixoari ematen dionari organo-emaile esaten zaie; kasu gehienetan, bihotzaren, gibelaren edo biriken transplantean adibidez, organo-emaileak hil berri diren pertsonak izaten dira. Aldiz, pertsona bizi baten giltzurrunetako bat erabil daiteke beharrean dagoenari transplantea egiteko.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) «órgano - Wikcionario» es.wiktionary.org (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).