Burmuin edo garuna.

Burmuin edo garuna gorputzeko organorik garrantzitsuenetarikoa da. Buruan dago kokatuta, burezur edo garezurrean zehazki, eta bere tamaina aldakorra da. Zerebelo edo garuntxoarekin eta bizkarrezur-erraboilarekin batera entzefaloa osatzen dute, garuna izanik hiruretatik handiena. Garunak ia gure ekintza guztiak kontrolatu egiten ditu, baita lotan gaudenean ere.

Burezurraren baitan sartuta dago; haren egitura orokorra beste ugaztunena bezalakoa da, baina gorpu-tamaina baliokidea duten beste ugaztunekin konparatuta, gure garuna hiru aldiz handiago da.

Garuna da nerbio-sistemaren egitura zuzendaria, konplexuena eta gorena.

Nola osatuta dago? aldatu

Giza garunak 50 eta 100 mila miloi neurona bitartean dituela uste da. Zelula horiek 1000 biloi (1015) arteko konexio sinaptikoen bidez bidaltzen dituzte seinaleak.

Neurona berrien jaiotza aldatu

Garunean etengabe osatu egiten dira neuronak. Neurona berri horien osatze prozesuari, bestalde, neurogenesi deritzo, neuro (neurona) eta genesis (jaiotza edo hasiera) hitzekin eratutako hitz konposatua.

Neurogenesia haurtxoaren garapenaren lehenengo aroetan eta gizakiaren helduaroan gertatzen da; azken hori, orain dela urte gutxi baieztatu zen. Zientzialariek gainera, animaliekin egindako hainbat esperimenturen bidez, frogatu egin dute neurogenesi prozesua beste animalietan ere gertatzen dela, adibidez, arratoi helduen garunean.

Neuronak nerbio-sistemaren funtsezko osagaietako bat dira; haiek igortzen dituzte nerbio-bulkadak gorputzeko edozein ataletik, garuneraino.

Funtzioak aldatu

Garunak gorputzaren ekintzak eta erreakzioak kontrolatu eta erregulatzen ditu. Une oro jasotzen du informazio sentsoriala (zentzumenen bidez jasotakoa), eta berehala, datu horiek analizatu ostean, erantzun egiten du, gorputz-funtzioak eta gorputz-ekintzak kontrolatuz.

Garunak gorputzeko ekintza boluntarioak kontrolatzen ditu: gure pentsamendua, gure adimen-funtzioak (oroimena, emozioak, pertzepzioa, adimena bera...), borondatezko mugimenduak, gure zentzumen organoetatik (gure begietatik, belarrietatik edo sudurretik) iristen den informazioa prozesatzen du, etab. Garunak, gainera, entzefaloaren beste organoekin (garuntxoarekin eta bizkarrezur-erraboilarekin) batera lan egiten du. Esan daiteke garunak gure ekintza boluntarioak kontrolatzen dituela, eta entzefaloaren beste organoek (garuntxo edo zerebeloak eta bizkarrezur-erraboilak) gorputzaren funtzio automatikoak, pentsatu gabe egiten ditugunak, koordinatzen dituztela (adibidez, arnasketa, bihotzaren funtzionamendua, oreka, mugimenduen koordinazioa, etab.)

   Ba al dakizu    
XIX. mendean, Theodor von Bischoff izeneko biologo alemaniar batek giza burmuinen pisua aztertu zuen. Haren ikerketaren emaitza izan zen gizonezkoen burmuinak batez beste 1.350 gramo pisatzen zuela eta emakumezkoen burmuinak, aldiz, 1.250 gramo besterik ez. Horretan oinarritu zen gizonezkoen nagusitasun mentala aldarrikatzeko. Zientzialari eredugarria izanik, hil zenean bere burmuina eman zuen bildumarako. Pisatu zutenean, 1.245 gramo zituela ikusi zen.

Garuneko kalte eta gaixotasunak aldatu

Burezurra osatzen duten hezur lodiek babesten dute garuna, gainera, likido zefalorrakideoan esekita dago eta barrera hematoentzefalikoaren bidez odoletik bakanduta. Baina hala ere, giza-garuna oso sentibera denez, minbera da kalte eta gaixotasun mota askorekiko.

Kalte fisikoek, orokorrean barne-kalteak, hiru kausa nagusi izaten dituzte normalean: buruan emandako kolpeak, istripu zerebrobaskularrak edota neurotoxina gisa aritu daitezkeen substantzia kimikoak irenstea.

Garun-infekzioa, bestalde, gaitz arraroa da, garuna barreren bidez babestua dagoelako, baina gertatzekotan, oso larria da. Bestalde, giza-garunak, endekapenezko gaixotasunak ere jasan ditzake, besteak beste, Parkinsona, esklerosi anizkoitza eta Alzheimerra. Aitzitik, uste da, garun-disfuntzioek, gutxienez neurri batean, zenbait desoreka psikiatriko eragin ditzaketela, hala nola, eskizofrenia eta depresioa, hala ere, gaur egun, ez da ondo ezagutzen garun-anomalia horien izaera.