Larruazala (larrua edo azala ere deitua) gizakiaren eta beste zenbait animaliaren gorputzeko muskuluak eta barneko organoak estaltzen dituen organoa da. Gorputzeko organorik zabalena da (ia 2 m² dira). Organismoa inguruko elementuetatik babesten du eta kanpoko inguru horrekin komunikatzeko sistema bat ere bada. Larruazalak ezaugarri desberdinak izaten ditu espezieen arabera.
Animalia batzuen larruazalak ezaugarri bereziak ditu, babes gehiago eskaintzen dutenak. Hegaztiek, adibidez, larruazalean lumak dituzte. Arrainek eta narrastiek ezkata izeneko plakak dituzte azalean. Ugaztun gehienek ile-geruza lodi bat dute. Gizakiek ere ilea dute azalean, baina ez babesa eskaintzeko behar beste.
Gizakien larruazala
aldatuGizakien larruazalak bi geruza ditu:
- Epidermisa: kanpoko geruza mehea da. Epidermiseko hildako zelulak etengabe askatzen dira, berriak sortzen diren heinean. Melanina izeneko substantzia ekoizten dute epidermiseko zelulek; melanina horrek azal-kolore desberdinak sortzen ditu. Epidermisak baditu beste zelula batzuk azazkalak sortzen dituztenak.
- Dermisa: azalaren tarteko geruza da. Epidermisa baino lodiagoa da. Dituen zuntzei esker azala gogorra eta malgua da. Folikulu izeneko zulotxo batzuk ditu, eta bertan hazten da ilea. dermisak odol-hodiak eta nerbioak ere baditu.
Dermisaren azpian, hipodermisa dago, baina ez da azalaren zati bat. Batez ere, gantza da (hipodermisak gorputzeko gantzaren % 50a dauka); azala hezurrari eta azpiko muskuluei finkatzeko balio du eta beste bi geruzei mantenugaiak ematen dizkie. Gorputza hotzetik babesteko ere balio du.
Bestalde, gorputzak zenbait substantzia jariatzen ditu azaletik. Izerdi-guruinek izerdia jariatzen dute azalaren gainazaleko poro edo irekidura txikietatik. Izerdiak gorputza hozten laguntzen du. Azaleko beste guruin batzuek olioa sortzen dute, eta azalaren gainazala koipetsua izatea eragin dezakete. Olio honi esker azalak bere malgutasuna mantentzen du. Hala ere, gehiegizko koipeak akne izeneko azaleko arazoa eragiten du.
Larruazalaren kolorea
aldatuGizakion gorputzak ilearen babesa ez duenez, beste bide bat aurkitu behar izan du Eguzkiaren erradiazio kaltegarrietatik babesteko: pigmentazioa edo kolorea. Larruazala ilundu egiten zaigu eguzki-izpien kalterik ez jasotzeko. Horregatik, leku oso eguzkitsuetan bizi ziren gizakiek azal ilunagoak garatu zituzten; aldiz, eguzkiaren erradiazio gutxiago hartzen duten lekuetako biztanleek larruazal argiagoa izaten dute.