Arrosa leihoa leiho zirkular handia da, maiz beirateduna, trazeria modu erradialean jarria ohi duena. Erdi Aroko arkitekturaren ezaugarri bereizgarrienetako bat da, batez ere gotikoarena.[1][2]

Chartresko katedrala: transeptuaren hegoaldeko arrosa leihoa

Historia

aldatu

Erromatar okulua hartzen da arrosa leihoaren aurrekaritzat.[3] Kupularen goialdean kokatutako hutsarte borobila izaten zen, eguzkia sinbolizatzen zuena. Erromako Panteoikoa dugu ezagunena. Eliza paleokristauetakoa ere apaindurarik gabeko leiho borobil txikia zen; frontoian egoten zen, sarrerako atearen gainean.[4] Bizantziar eliza batzuetan, berriz, leihoetan zizelkatutako harrizko trazeriak daude.[5] Bizantziar Inperiotik kanpo, antzeko leiho apainduak agertzen dira erromanikoaren aurreko Asturiar artean, bereziki San Miguel de Lillo elizan.[6]

 
Arrosa leiho erromanikoa: Santo Domingo eliza, Soria

Arkitektura erromanikoan, okulua leiho bihurtu zen, eta haren neurria handitu.[2] Elizen mendebaldeko fatxadan kokatu ohi zen, eta gurpil-izpien antzera ezarritako harri-trazeria izaten zuen. Erromanikotik gotikorako trantsizioan, tamaina handitzeaz gain, trazeria lerromakurrak erabiltzen hasi ziren, Lincolneko katedraleko "Deanaren Begia"-n (1220) bezala.[7]

 
Parisko Notre-Dame: transeptuaren iparraldeko arrosa leihoa

Eliza gotikoetan heldu zen goren aldira. Batetik, XIII. mendearen erdialdean erdietsi zuen gehieneko neurria: habeartearen zabalera osoa. Bestetik, gero eta apaindura konplexuagokoak egin ziren, harrizko filigrana sinestezinetara iritsiz. Eredurik ederrenetako batzuk Frantzian daude, Île-de-Francen eta aldameneko eskualdeetan (Pikardian eta Champagnen).[2]

Lehen gotikoko adibide bikainak ditugu Mantesko Notre-Dameko mendebaldekoa (1200 aldean), Parisko Notre-Dameko mendebaldekoa (1220 aldean), Laongoa eta Chartreskoa. Horietan denetan arrosa leihoa arku biribil baten azpian dago. Hurrengo urrats garrantzitsua arku zorrotz baten azpian jartzea izan zen, adibidez Reimseko katedralean ikus daitekeena (1230).[2]

Ondoren, karratu batean inskribatu zen, Parisko Notre-Dameko transeptuetan bezala (1257). Azken urratsa beheko leihoen mailan kokatzea izan zen, leihate-antolaketa zabal baten erdigunean; Rouengo katedraleko transeptuan (XIV. mendea), esate baterako.[2][8]

 
Arrosa leiho gotiko flamigeroa: Parisko Sainte-Chapelle

Era erradialean ezarritako pieza batzuek osatzen zuten XIII. mendeko arrosa leihoen trazeria. Zirkuluaren kanpoaldean, arku zorrotz batek errematatzen zuen pieza horietako bakoitza. Erdialdean, harrizko zirkulu zulatu batek elkartzen zituen atalak. Horrelakoak dira Reims, Amiens eta Parisko Notre-Damekoak. Baina XIV. mendearen amaieratik aitzina garatu zen gotiko flamigeroak erabat aldatu zuen Frantziako arrosa leihoen itxura. Sare korapilatsu bat eratzen duten S formako kurbak dira estilo horren ezaugarri nagusia. Beauvaisko katedralean eta Parisko Sainte-Chapellen daude adibide xarmantak.[9][10]

Frantzian sortu bazen ere, arrosa leihoa laster zabaldu zen Europa osora. Aipagarriak dira, besteak beste, Veronako San Zenon basilikakoa eta Carrarako katedralekoa Italian; Palmako, Mondoñedoko eta Burgosko katedraletakoak Espainian; eta Lincolneko katedralekoa eta Westminster abadiakoa Ingalaterran.[10]

 
Bilboko Done Jakue katedraleko arrosa leiho neogotikoa, Severino Atxukarrok diseinatutakoa.

Errenazimentuko arkitekturak gotikoarekin hautsi eta Antzinate klasikoan jarri zituen begiak. Beraz, arrosa leihoak baztertu eta, denez ere, okulu soilak egiten ziren. Barrokoan okulu handiak erabili ziren, obalak edo forma konplexukoak, eta trazeriarik gabeak. XIX. eta XX. mendeetan, arkitektura neogotikoak berreskuratu zituen arrosa leihoak. Euskal Herrian, esate baterako, Donostiako,[11] Bilboko[12] eta Gasteizko katedraletakoak eta Orreagako Andre Maria elizakoa eraiki ziren.[13]

Funtzioa

aldatu

Eginkizun bikoitza du: alde batetik, tenpluaren barrualdea argiztatzea, eta, bestetik, aldarean giro misteriotsua sortzea, beirateetatik igarotzean koloreztatutako argi izpien bitartez.

Sinbolismoa

aldatu

Apaingarria eta argi-sarrera izateaz gain, arrosa leihoak sinbologia bikoitza zuen. Alde batetik, arrosa lorearen antza zuenez, Maria Birjinaren irudikapena zen. Izan ere, Maria arrosa mistiko gisa agertzen zen. Bestalde, arrosa leihotik sartu eta tenplu osoa zeharkatzen zuen argiak Jainkoa iradokitzen zuen.[12]

Erreferentziak

aldatu
  1. Arrosa leiho. Euskaltzaindiaren Hiztegia, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2025-2-22).
  2. a b c d e Kriehn, George. Rose Window. Catholic Encyclopedia (1913), en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2025-2-21).
  3. Medieval Architecture: The Rose Window. dragon_azure.tripod.com (Noiz kontsultatua: 2025-2-22).
  4. Viollet-le-Duc, Eugène. Rose. Dictionnaire raisonné de l’architecture française du XIe au XVIe siècle, fr.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2025-2-23).
  5. Trkulja, Jelena. The Rose Window: A Feature of Byzantine Architecture?. Approaches to Byzantine Architecture and its Decoration, taylorfrancis.com (Noiz kontsultatua: 2025-2-24).
  6. San Miguel de Lillo. prerromanicoasturias.es (Noiz kontsultatua: 2025-2-24).
  7. Guffogg, Julian P.. Dean's Eye window, Lincoln Cathedral. geograph.org.uk (Noiz kontsultatua: 2025-2-25).
  8. Rouen, Cathédrale Notre Dame, Rosace des Libraires. photos-eglises.fr (Noiz kontsultatua: 2025-2-25).
  9. The Rose of the Apocalypse. sainte-chapelle.fr (Noiz kontsultatua: 2025-2-25).
  10. a b Augustyn, Adam. Rose window. Britannica, britannica.com (Noiz kontsultatua: 2025-2-27).
  11. Artzain Ona katedrala. catedralbuenpastor.org (Noiz kontsultatua: 2025-2-27).
  12. a b Ezagutzen dogu Santiago katedraleko arrosa-leihoa?. bizkeliza.org (Noiz kontsultatua: 2025-2-24).
  13. Vidriera de la Real Colegiata de Santa María de Roncesvalles, en Orreaga / Roncesvalles (Navarra). eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2025-2-27).

Kanpo estekak

aldatu