Tiwanaku

Tiahuanaco» orritik birbideratua)
Tiwanaku: Tiwanaku kulturaren gune espiritual eta politikoa1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Eguzkiaren Atea

Mota Kulturala
Irizpideak iii, iv
Erreferentzia 567
Kokalekua  Bolivia
Eskualdea2 Latinoamerika eta Karibea
Izen ematea 2000 (XXIV. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Tiwanaku (gaztelaniaz Tiahuanacu edo Tiahuanaco) Hego Amerikako zibilizazioa izan zen, K. a. 200 - K. o. 1200 bitartean Boliviako Titikaka aintziraren inguruan garatu zena. Tiahuanaco hirian dauden hileta-monumentuen hondakinen azterketan oinarritzen dira zibilizazio horri buruzko ikerketak. Titikaka aintziratik 21 kilometrotara daude monumentu aipagarrienak: Acapana piramide mailaduna, Calassaya multzoa eta Eguzkiaren Atea. Tiwanaku kultura inken inperioa Hego Peru, Bolivia, Ipar Argentina eta Ipar Txileko lurretara zabaldu aurretik garatu zen, eta badirudi egungo aimara herriaren aurrekoen kultura izan zela.

Hondakinek erakusten dutenez, bizitoki baino gehiago ospakizun gune gisa erabili zen arren, 5.000 eta 20.000 biztanle artean izan zituen, garaiaren arabera. Tiwanaku inguruan osatu zen kulturak K.a. 300-K.o. 1000 urteen artean izan zuen oparoaldia, eta hiru aldi bereizten dira haren historian:

  • Antzinakoa
  • Oparoaldia edo Klasikoa
  • Epigonoena, Zabalkundearena edo Huari-Tiwanaku.

Artea aldatu

Antzinako aroari dagozkion aztarnak buztinezko botoiak, harrizko mailuak, obsidiana eta silizezko gauzakiak, kobre zatiak, etab. dira. Ospakizunetarako zeramika lan nagusiak oinarri lauko ontziak, pareta zuzen samar eta ertz biribildukoak dira. Apaingarri beltzak, gorriak edo laranja kolorekoak dituzte zizelatuak. Zeramika arruntari dagokionez, berriz, puco izeneko ontziak azpimarratu behar dira, hondoa biribildu eta oinarria laukoa dutenak.

Aldi klasikoan Nazca kulturaren eragina sumatzen da zenbait adituren ustez, baina Tiwanaku aztarnategiaren inguruan bakarrik aurkitu dira garai hartako arrastoak.

Izan ere, gainerako lurraldeetan Huari-Tiwanaku estiloko hondakinak aurkitu dira gehiago. Gune harresidunak aurkitu dira, harlangaitzez eginak oro har ; aipagarriak dituzte orobat artilezko eta kotoizko oihalak, Kolon aurreko kulturetako tapiz bikainentzat hartuak.

Arkitektura aldatu

 
Tenplu erdi-lurperatua eta, atzean, Kalasasaya tenplua

Tiwanaku hiriari berari dagokionez, egitura handi batzuk, egitura txikiagoak eta monumentu bakartu batzuk aurkitu dira aztarnategi arkeologikoan.

Ospakizun gunea harrizko eraikin eta eskultura bikainez osatua zen. Egitura aipagarrienetako bat Acapana da, garai batean ustez piramide mailakatu izan zen egitura bat, aldeko 210 m eta 15 m-ko garaiera zuena, baina gaur egun ia desegina. Acapanatik iparraldera tenplu erdi lurperatu baten hondakinak daude ; hormak harri monolitikoez osatuak ditu eta eskultura gisa landutako buru irtenak daude hormetan txertaturik, Chavin estiloan ohi zen modura.

 
Ponce monolitoa

Handik hurbil Kalasasaya gune handia dago, Tiwanakuko egitura nagusia ; laukizuzen handi bat da, garai batean harresiz inguratua bide zena, baina gaur egun bi bloke bakarrik gelditzen dira ; adituen ustez eraikin modernoagoak egiteko erabili ziren gainerako harriak. Azpimarratzekoa da sarbidea, sei maila zabalez osatua. Mailadi horretatik patio batera sartzen zen, eta han dago Tiwanakuko eskultura ospetsuenetako bat, "Ponce monolitoa" hain zuzen ere, K.o. VII. mende inguruan eraikia. Irudi antropomorfoak islatzen dituzten eskultura monolitikoen eredu da, eta Tiwanakuko ezaugarriak ageri ditu bete-betean : zutabe monolitiko bat da, buru karratua du, eskuak bular gainean ditu, zutik dago, begi lauki-zuzenak ditu eta eskultura gisa landua baino gehiago dirudi erliebe moduko obra. Kalasasaya multzoaren ipar-ekialdean "Eguzkiaren atea" dago. Gaur egun arte iraun duten hondakinen arabera, eskulturaren alorrean da aipagarria, apaindura bikainengatik, baina garai batean monolitoez osaturiko arkitektura sistema bitxi baten osagai bide zen. Erlaitza da osagai garrantzitsuena ; erlaitzaren erdian giza irudi bat agertzen da zizelatua, beste 48 irudi aberatsez inguratua.

Puma-puncu laba eta hareharrizko bloke ilarez osaturiko plataforma moduko bat da, 5 m garai eta 150 m luzeko hormak dituena ; ekialdean harrian zizelaturiko eserleku moduko egitura batzuk ditu, eta, ezaugarri horrek erakusten duenez, garai batean piramidea izan bide zen.

Erreferentziak aldatu


Kanpo estekak aldatu


16°33′17″S 68°40′24″W / 16.55472°S 68.67333°W / -16.55472; -68.67333