Tenería Vascongada

eraikitako euskal ondare nabaria Foruan

Tenería Vascongada Foruko Elexalde auzoan zegoen fabrika da. Haren eraikina, 2007ko abenduaren 11ean, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Tenería Vascongada
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaForua
Koordenatuak43°19′45″N 2°40′37″W / 43.32923°N 2.67689°W / 43.32923; -2.67689
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XX. mendea
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea11

Deskribapena aldatu

Fabrika argi eta garbi bereizita dauden bi eraikinen batura da, eta horiek eraikuntza bakarra eta trinkoa osatu dute, denborak aurrera egin ahala eraiki dutena; hau da, fabrika jatorrizko eraikuntzaren eta gerora egindako handitze-lanen ondorio da. Ur-hornidura ezinbestekoa duenez, Gernika eta Bermeo arteko errepidearen ezkerraldean dauden presaren eta kanalaren bidez lortzen du hornidura-premia hori asetzea.

Jatorrizko eraikina XX. mende hasierako urteetan eraiki zuten, eta fabrikaren mendebaldean dago. Oinplano laukizuzena du (20 x 13 metroko luzera eta zabalera, hurrenez hurren), eta, horren barruan, iparraldetik hegoalderako luzera-ardatzean 4 metro zabal dituen 3 nabe edo horma-arte aurki daitezke. Eraikinean, behe solairua, lehen solairua, bigarrena eta teilatupeko gela txiki bat daude. Egurrezko forjatuak eta habeak ditu eta horiek perimetroko karga-hormak dituzte euskarri; halaber, egurrezko oin zuzenak ditu, harrizko oinarriaren gainean jarriak. Estalkiak hiru alde ditu; zehazki, hegoaldean, isurialdea du, eta iparraldean, berriz, buruhorma. Mendebaldeko fatxadatik sartzen da ura eraikin barnera, eta, horren ondoan, andela bat edo lur-azaleko ur-biltegi bat dago, Gernikatik Forurako errepidearen eta eraikinaren arteko lurrean. Mendebaldeko luzerako fatxadan bost bao-ardatz daude; ardatz horiek bao bakarra dute behe solairuan eta lehen solairuan, eta bigarren solairuan, berriz, baoak bikoitzak dira. Solairuak desberdindu egiten dira, eta, horretarako, forjatuek inpostak markatzen dituzte eta leiho-inguruak landu dira. Behe-solairuan, bost leiho bertikalak ez daude dekoratuta, eta horien goiko aldeko ertza apur bat okerra da. Lehen solairuko bost leihoek, berriz, leihoburua dute; leihoburu horrek giltzarria du erdian eta, oinarrian, berriz, idulkia. Azkenik, bigarren solairuan, hamar leiho daude, eta horiek lehenengo solairukoen lanketa bera dute goiko aldean, baina ez dute idulkirik. Horrez gain, egur-xafla landuak aurki daitezke, itxitura aireztatua osatuz; horiek, beraz, agerian uzten dute bigarren solairuak zuen lehortegi funtzioa. Azken solairu horretako baoak elkarlotuta daude beheko aldetik, luzerako moldura lerrokatu eta jarraitu baten bidez; zehazki, karelaren lerroa zehazten duen molduraren bidez. Eraikinera hegoaldeko fatxadatik sartzen da, bertan baitago adreilu eliptikozko arkua duen sarrera. Sarreraren ondoan, berriz, uraren kanala dago. Alde horretan ere inpostek solairuak markatzen dituzte, baina baoak ez daude ardatz batean egituratuta, eta, horrez gain, leihoek ez dute inolako apaindurarik. Bigarren solairuan, lurreraino iristen diren bost leiho bertikal daude; bao horiek egur-xaflez estalita daude eta karela egurrez egindako ate txikiekin ixten da. Iparraldeko fatxada mendebaldekoaren antzekoa da egiturari eta baoen lanketari dagokienez, baina hiru ardatz soilik ditu. Dena den, bigarren solairuko sei baoak lurreraino iristen dira, eta, karela litzatekeen lekuan, egur-xaflekin eta apaindurekin dago estalita. Fatxada horretan, zeharkako horma pikoa da, eta lau bao ditu: erdiko biak bertikalak eta alboetakoak ia karratuak.

Eraikinaren barnealdean, behe solairuan, industria-prozesuko lehenengo faseko makinak eta ur-horniduraren sarrera daude. Leku argia da, barne-zatiketarik gabekoa; egurrezko forjatuaren egitura agerian du, eta, bertan, harlauzako zoladura ikus daiteke, apur bat. Eraikina eta bertan egindako lehenengo handitze-lana mugatzen dituen harri-hormak hainbat pasabide ditu, eta, horien bidez, bi zatiak lotu egiten dira, funtzioari nahiz espazioari dagokienez. Solairu horretako sarreraren ondoan, goiko solairuetara igotzeko eskailera batzuk daude. Lehen solairua leku argia da, eta, espazioari dagokionez, beranduago gehitutako zatiarekin lotuta dago. Bigarren solairuan, bereiztutako bi zona daude. Batetik, mendebaldeko fatxadaren paraleloan dauden lehenengo bi horma-arteek hiru noranzko dituen lehortegi natural bat osatzen dute, eta fatxadako baoek (egur-xaflak eta kareletan itxiturak dituztenak) airea pasatzen eta erregulatzen uzten dute. Eta bestetik, lehortegi artifiziala dago, hirugarren horma-artean dagoena, hain zuzen; horrek, ordea, ez du loturarik eraikineko fatxadekin. Lehortegi artifizialak eraikinaren ekialdeko muga zehazten du eta leku itxi bat da, lurrean luzerako bi hodi lineal dituena: lehenengoa, fabrikakoa eta bestea, egurrezkoa. Horiek, eskuz erabili behar diren egurrezko itxiturekin erregulatutako hainbat haizebideren bidez, aire beroaren fluxua kontrolatzen dute. Gela hori etxabe txiki baten forjatuaz dago estalita; zehazki, lehortegi naturaleraino iristen den forjatuaz. Egurrezko forjatuen oholtzak tranpolak ditu (lehortegi artifizialean, naturalean eta lehen solairuan), eta, horien bidez, solairuak komunikatu egiten dira, landutako larruak batetik bestera pasatzeko.

Atzeko eraikina fabrikaren ekialdeko eremuari jarraituz egindako handitze-lanen ondorio da. Lehenik eta behin, berrogeiko hamarkadan, horma-arte bakarra soilik handitu zen, eta, ondoren, hirurogeiko hamarkadan, beste handitze-lan bat egin zen. Eraikinak behe-solairua, bi solairu eta estalki laua ditu. Eraikin horren egitura hormigoiz eginda dago, oso-osorik. Bolumetriari dagokionez, laukizuzena da, eta, beraz, ez da jatorrizko eraikinaren modukoa; hari itsatsita dago eta oinplano laukizuzena osatzen du (20 x 15,5 metro luzeran eta zabaleran, hurrenez hurren). Iparraldeko eta hegoaldeko fatxadan, bao gehienak lehen eta bigarren solairuetan daude, bakoitzean zazpi bao-ardatz. Leiho-baoak bertikalak dira eta ez dute inolako apaindurarik; gainera, desberdintasun txiki bat ikus daiteke bi handitze-lanen artean. Goiko solairuko baoek, berriz, egur-xaflak dituzte, lehortegi-lanak bertan egiteko. Ekialdeko fatxadan, behe solairuan, ia ez dago zulorik; aldiz, hurrengo bi solairuetan, argi eta garbi ikus daiteke hormigoi-egituraren sarrera, itxitura bera egurrez eta beiraz egindako lanez osatuta baitago, oso-osorik. Barneari dagokionez, leku argiak dira, behe solairua izan ezik.

Kultura-ondaretzat zaindutako ondasun higigarriak (lantze-eremutzat hartutako egungo behe solairuan daudenak) honako hauek dira: makinak -beren motor osagarri eta guzti-, azpiegitura hidraulikoa, eta uhal-sistema eta entokadurak; horiek, hain zuzen, jarraian aipatuko dira:

  • Ibai-ertzeko ontzia edo pikelatze-ontzia. Itsasoko gatza eta azidoa erabiliz, larruak aurrez tratatzen diren lekua da. Larruak pikelatu ondoren, askoz ere azkarrago ontzen dira, eta kanpoko aldea leun-leun mantentzen da, zartatu gabe. Bertan, larrua ph jakin batean prestatzen da.
  • Bi upel haizagailuarekin eta beren uhal-sistema, entokadura eta motor erantsiarekin. Larru-zatiak harrizko pilare laukizuzen batean sartzen dira, egurrezko harilkai batzuez eragiteko; harilkai horiek, hain zuzen, biratu egiten dira motor batek eraginda.
  • Larrua ontzeko lau ontzi. Simon Basterretxeak egin zituen, Gernikako itsasertzeko arotzak. Gaztainondoz egindako ontziak dira, eta dituzten engranajeek larrua mugiarazten dute, larru onduak lortzeko. Mekanismo berezi bat du, eta, horren bidez, alderanzketa-mugimendu automatikoa egiten du; beraz, alde batera bira-kopuru jakin bat eman ondoren, biraketa-noranzkoa txandakatu egiten da. Mekanismo horren egituraketa dela-eta, maiztasuna nahi den erara alda daiteke. Barne-osagarriak metalezkoak dira. Upela eusten duen zuhaitza hutsa dago barrutik, eta, ondorioz, ondu beharreko gaiak alde batetik sar daitezke eta ura, berriz, beste aldetik. Mugimendua burdinez egindako koro horzdunaren bidez sortzen da; koro horrek hainbat zati ditu, eta gurpil horzdun batek eragiten du. Antzinako entokadurak eta poleak oraindik ere mantentzen ditu; baina, egun, motorren bidez jartzen da martxan.
  • Upel edo tina laukizuzena, adreilu zarpiatuaz egina. Tanino-urez beteriko esekidura-putzu bat da; hain zuzen, bertan hasten da larruak ontzeko prozesua.
  • Mami-kentzailea. 1940. urtean instalatutako makina da, Badalonako BACAS etxekoa. Biraka ibiltzen den zilindro bat du, eta, zilindroaren erdian, xafla zorrotzak ditu; horiek, gainera, kontrako noranzkoan jarrita daude, eta V irudia osatzen dute. Larrua taula erdi zilindrikoaren gainean jartzen da, eta hori mugitu egiten da, biraka ari diren hortzen kontra eginez.
  • Koipeztatze-ontzia. Ez da larrua ontzeko erabiltzen denaren berdina, estuagoa baita eta diametro handiagoa baitu. Barnean iltzeak ditu. Aire beroa berogailu independente batek hornitzen du; hau da, haizagailu batek airea xurgatu eta koipeztatze-eremura bultzatzen du, berogailuaren bitartez. Aire-korrontea uniformeki banatzen da ontziaren barruan, hondo bikoitzaren bitartez. Pilen bidezko koipeztatzeak xurgapen erregularragoa bermatzen du, eta, gainera, koipe gehiago xurgatzen du.
  • Gastatzailea edo higatzeko makina. Makina hau ere 1940an instalatu zen, eta Badalonako EMSA etxekoa da. Makina honek larrua leundu egiten du, nahi den lodiera lortu arte. Xafla helikoidalez osatutako danbor birakaria da; xafla horiek zilindroaren erdian daude, eta kontrako noranzkoa hartzen dute zilindroaren bi aldeetan, angelu ireki-irekiak osatuz. Larrua kautxuz egindako beste danbor baten gainean jartzen da, eta nahi adina hurbil daiteke xaflaz osaturiko danborrera.
  • Zatitzeko makina. 1940. urtean instalatu zuen Badalonako Establecimiento Mecánico SA enpresak. Makina horrek larru-zati osoaren lodiera berdintzen du, eta, behar izanez gero, bi orritan edo gehiagotan zatitzen; horrela, larruaren kanpoko zatia eta zolda bereiztuta erabil daitezke. Zatiketa hori laban baten bidez egiten da; labanak amaierarik gabeko zintaren itxura du eta horizontalean mugitzen da. Aurrean, garraio-funtzioa duten bi zilindro daude, eta horiek larrua bideratu eta garraiatu egiten dute, eta, aldi berean, xafla zorrotzaren aurka apur bat zanpatu egiten dute.
  • Xukatze-makina. Mami-kentzailearen antzekoa da, eta brontzezko zilindro bat eta hegats helikoideen itxurako xaflak ditu. Bertan, larrua sartzen da, eta soberan duen ura xurgatzen zaio.
  • Galdara eta lehortegi artifizialaren instalazio osoa.
  • Baskula.

Kultura-ondaretzat babestutako ondasun higigarriak aipatuko dira jarraian; zehazki, egun duten kokapena (lehenengo solairuan, azken ukitua emateko gunean) aintzak hartuta:

  • Azalerak neurtzeko makina. EMSA etxeko makina hau 1940. urtean instalatu zuten, eta larruen azalera neurtzeko dago prestatua. Makina horrek disko eta eraztun batzuk ditu, bata bestearen ondoan jarrita, eta etengabe biraka aritzen dira, danbor garraiatzaile bati esker. Eraztun horiek larrua neurtzeko erabiltzen dira, eta, inguruan, iltze txiki batzuk dituzte, diskotik apur bat irten egiten direnak; iltze horiek larrua ukitzen dutenean, ordea, diskoaren erdialdera egiten dute. Larruak bultzatzen ez dituen iltzeak zilindroan horretarako prestatutako zirrikituetatik pasatzen dira; zilindro horrek, hain zuzen, mugimendua disko neurgailuetara transmititzen du. Larrua ukitzen ez duen iltze bakoitza gurpil horzdun bateko bi hortzen artetik pasatzen da, eta, beraz, gurpilak aurrera egiten du, bi hortz horien arteko tartearen angelu baliokidean. Gurpil horzdun bakoitzak torloju amaigabe bat du ardatzaren gainean, eta horrek beste gurpil horzdun bat aktibatzen du, kontagailuaren gurpil batekin kateatzen dena, hain zuzen. Gailu berezi batek neurtutako larruen azalera erregistratzen du, eta, gainera, makinatik pasa den kopurua ere kontuan hartzen du.
  • Fardo-makina. Eskuz erabiltzeko makina bat da; zehazki, honako elementu hauek ditu: egurrezko mahai handi bat, astoak eta larruekin fardoak egiteko metalezko mekanismo bat.
  • Baskula.
  • Ehuna banatzeko makina. Badalonako EMSA etxeko makina da, BACAS enpresak banatua. Ehun-banatzea marra fin-finak dituen arrabol baten bidez egiten da; horrela, larruaren kanpoko aldeari itxura zimurra ematen dio. Larruaren kanpoko aldeari ale-egitura emateko, larruak bere baitan tolestu behar dira -kanpoko aldea barrurantz dutela-, eta, ondoren, tolestura horren gainean presio apur bat egin beharko da, kortxozko tresna berezi bat erabiliz. Makina horrek bi danbor ditu, bata bestearen gainean jarrita, eta horiek abiadura desberdinean biratzen dira.
  • Distira emateko bi makina. EMSA/TURNER enpresako makina da, eta 1940an instalatu zuten. Balazta itxurako beso bat du, eta horrek larrua ontzeko makinaren mugimendu analogoa du. Besoak pintza batzuk ditu bi muturretan, distira emateko erabiltzen den beirazko zilindroari eusteko; zilindro horrek balantza-mugimendua egiten du. Gainean, berriz, oinarri elastiko bat du, eta gehiago edo gutxiago igo daiteke, presioa handitzeko edo txikitzeko.
  • Eskuak erabiliz tenkatzeko bi makina. Makina horiek Azkoitiko Industrias Juaristi enpresak egin zituen, eta modu berezi batean kokatutako motor bati lotuta daude; horrela, eskuz erabiltzeko makinarekin mugimendu ugari egin daitezke. Larru erdi bustia mahaiaren gainean jarri behar da, eta, ondoren, langileak larrua tenkatzen duen arrabola edo zilindroa pasa behar du gainetik.
  • Tenkatzeko makina. Honako makina hau, berriz, Badalonako EMSA etxeak egina da. Metalezko arrabolak ditu, eta horiek larruaren gainean presioa egiten dute, beren azpian sartzen den heinean.
  • Garbitzeko makina (blanchir). Badalonako EMSA etxeak egina eta 1940. urtean instalatua. Larruaren barneko aldea lantzen duen lixagailua da; horretarako, hain zuzen, esmerila duten eta biraka ibiltzen diren danborrak baliatzen dira.

Horiez gain, badira beste material batzuk ere, babestuta egon arren, egungo kokapenarekin lotura espezifikorik ez dutenak: bigarren solairuko Prentsa/Zilindroa eta lehen solairuko tenkatze-makina. Prentsa/zilindroa XX. mende hasierako urteetakoa da, eta larru-mailukatzea ordezkatzeko sortu zuten. Motor elektriko batekin aktibatutako arrabol bat da, eta larruaren gainean behar adinako presioa egiteko erabiltzen da. Zehazki, zapaten zolak egiten ziren tresna hori erabiliz. Zilindroaren funtzioa uniformea eta azkarra da, eta ez du mailuaren eragozpenik. Gutxi gorabehera, altzairuzko edo fosforo-brontzeko polea bat da, burdinurtutako altzairuaren orga gogor baten gainean jarria, eta larruaren gainean presio handi samarra egiten du. Polea edo zilindroa dituen orgak translazio-higidura jaso dezake, torloju etengabearen bidez. Tenkatze-makina 1937. urtean sortu zuten, eta Badalonako EMSA etxekoa da; 1940ko hamarkadatik aurrera, ordea, ez da gehiago erabili. Taula handi bat da, hainbat errailen gainean ezarria, eta, bertan, larrua jartzen zen. Ondoren, larruaren gainetik zilindro bat pasatzen zen (bizkor-bizkor biratzen zena), eta, horrela, larrua taularen kontra zanpatzeaz gain, luzatu egiten zuen.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa