Ireki menu nagusia

Ramon Latasa Elizondo (Sunbilla, Nafarroa, 1930eko maiatzaren 23a - Elizondo, Nafarroa, 1991ko otsailaren 25a) historiako aizkolari hoberenetako bat izan zen.

Ramon Latasa
RamonLatasa1.JPG
Bizitza
Jaiotza Sunbilla1930eko maiatzaren  23a
Herrialdea  Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza Elizondo1991ko otsailaren  25a (60 urte)
Jarduerak
Jarduerak aizkolaria

BiografiaAldatu

Sunbillako Aguria baserrian sortu zen familia xume batean. Aita basoko lanean aritzen zen, idi parearekin enborrak ateratzen. Eskola laster utzi eta aitari laguntzen hasi zen. 17 urterekin Iratiko oihanera joan zen lanera. Langile bizkorra zen eta sekulako trebetasuna zuen aizkorarekin[1].

Melillan, soldadutzan zegoela, harrapatu zuen afrikar sukarretik sendatu orduko berriz ere oihaneko lanari lotu zen. 25 urterekin, lankideek animaturik, lehenbiziko apustua jokatu eta irabazi zuen Lekunberrin. 1959ko apirilaren 26an Luxiaren aurkako apustu mitikoa irabazi zuen. Urte horretako ekainaren 14an, Lekeition beste balentria handi bat egin zuen: 5 metro eta 15 zentimetroko zirkunferentzia zuen eukalipto enborra 3 ordu eta 17 segundotan ebaki zuen. Handik aurrera, zenbait urtez aizkora probetan jaun eta jabe izan zen.[1]

1963ko urtarrilean, kontrabandoan ari zirela, guardia zibilekin topo egin zuten. Latasa, paketea lurrera botata, ihesi joan zen, baino guardia zibil baten tiroak izterrean jo zuen. Etxera iritsi eta han sendatzen saiatu bazen ere, azkenean medikuarengana joan behar izan zuen. Iruñean operatu zuten eta urte bat behar izan zuen sendatzeko. Guzti honek gastu eta diru galera handiak ekarri zizkion.[1]

Polipasoren aurka jokatu zuen ondoko apustua, 1964ko abenduan, eta gipuzkoarra nagusitu zen. Handik aurrera gorabehera handiak izan zituen bere jardueretan. Kontuan hartu behar da Latasa mendian oso gogor aritzen zela lanean eta ez zela beti sasoi betean plazara ailegatzen. Belaunaldi berrietako aizkolari asko Latasarekin ibili ziren ikasten: Migel Berakoetxea, Patxi Astibia, Arria II.a, Mikel Mindegia... Arria II.a lagun zuela irabazi zuen, hain zuzen ere, lehenbiziko txapela , 1966ko Espainiako binakakoa. 1967an Espainiako banakakoa irabazi zuen, 1968an Espainiako zutikako txapelketa eta 1974an Espainiako binakakoa Usategietarekin. Hori izan zen bere azken saioa.[2]

Azken urteak Elizondoko zahar etxean igaro zituen. Han hil zen 1991ko otsailaren 25ean, 60 urte zituela.

2002tik aurrera urtero Ramon Latasa saria antolatzen da Sunbillan. Horrez gain, 2007an inauguratutako herriko plaza berriak Ramon Latasa plaza izena du. Bertan aizkolari handi honen eskultura bat paraturik dago. [3]

Latasa-Luxia apustuaAldatu

1959ko apirilaren 26an Ramon Latasak eta Juan Jose Narbaiza Luxia-k historiako aizkora apusturik ospetsuena jokatu zuten Donostiako zezen plazan. 14 kanaerdiko eta bi 110 ontzako ebaki behar zituen bakoitzak, kanaerdikoak laguntzaileekin eta 110 ontzakoak laguntzailerik gabe. Alde bakoitzak 500.000 pezeta jokatu zuen.

Ikusmin ikaragarria zegoen. Zezen plaza lepo bete zen, 17.890 ikusle, eta inoiz ez omen da aizkora proba batean horrenbeste diru jokatu. Luxia 50eko hamarkadako aizkolari hoberena zenez gero, dirua bere alde atera zen. Latasa, ordea, sasoi betean zegoen, sei hilabete baitzeramatzan apustua prestatzen. Eta ezustea gertatu zen: lan erdietan sunbildarrak minutu bat eta 18 segundoko aldea kentzen zion azkoitiarrari eta azkenean abantaila askoz handiagoa izan zen:

  • Latasak ordu bat, 55 minutu eta 53 segundo.
  • Luxiak bi ordu eta 47 segundo[4]

Lexoti bertsolariak hamabi bertso jarri zituen apustu honen gainean[5]. Hona hemen batzuk:

1/ Milla beatzireun berrogei eta
emeretziko urtian,
aizkora-joku bat izan degu
euskaldunaren artian,
Donostia-ko zezen-tokiya
daukagun leku batian,
bi mutill azkar alkarren aurka
oso burruka fuertian,
patxararikan ez dute izan
alkar probatu artian.

3/ Joku-klase au gure artian
askotan egiña baita,
euskal erriyan bizi geranak
nola ez genzake maita?
au baña joku eskasaguak
ikusten dira nunai ta,
nik biyok berdiñ txalotu nitun
geldirik egon ezinta,
Luxia zarrak galdu zun baño
lana galanki eginta.
12/ Pozez txoratzen utzi dezu zuk
an izandu dan jendia,
zuri begira arriturikan
egondakuak badia,
Sunbilla-n degu aixkolari bat
arronka askorik gabia,
aunditasunik ez du azaltzen
baizikan umildadia,
obe genduke euskal erriyan
Latasa asko balia.

Lorturiko sariakAldatu

  • Espainiako banakako txapelduna 1967an.
  • Espainiako binakako txapelduna bi aldiz: 1966an Arria II.arekin eta 1974an Usategietarekin.
  • Espainiako zutikako txapelduna 1968an.[2]

ErreferentziakAldatu

  1. a b c Antton Espelosin. Ramon Latasa. Basoko Aizkolaria. 2005.
  2. a b Antton Espelosin (2009): Aizkora apustuak eta txapelketak.
  3. Berria ttpi.net-en
  4. .Latasa-Luxia apustua aizkora.com-en
  5. Amar Urteko Bertso-Paperak (1954-1963)(Biltzallea: A. Zavala, S. J.) Auspoa

Kanpo loturakAldatu