Pagoeta Mendizale Elkartea

Artikulu hau mendizale elkarteari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Pagoeta (argipena)».

Pagoeta Mendizale Elkartea Zarauzko kirol taldea da, 1958an sortua eta mendizaletasunean oinarritua. Gaur egun 900 bat bazkidek osatzen dute elkartea.

Egoitza Santa Marina kalearen mutur batean dauka, San Inazio kalearekin bat egiten duena, herriko alde zaharrean. Udal eskola eta liburutegi zaharrak zeuden eraikinean kokatuta dago.

Aurrekariak aldatu

Gerra Zibila baino lehen, "Club Mollarri Sport" martxan zegoen 1920ko hamarkadan, mendizaletasuna eta beste jarduera batzuk bultzatzen zituena. 1935ean bestela Pagoeta mendiko gurutzea altxatu zuten, eta 1944an sortu zuten Zarauzko Kirol Elkartea, mendi sail batekin 1950eko hamarkada arte. Aipatzekoak dira, halaber, "Juventud Antoniana" taldekoak.

Hastapenak aldatu

1958ko maiatzaren 7an "Grupo Alpino Pagoeta" edo "Sociedad Montañera Pagoeta" sortu zuen Irrintzi kultura elkarteak, Mondragonés tabernaren atzealdean. Lehendakaria Pedro Diez "Txandarra", lehendakariordea Ibon Ezenarro, idazkaria Jesus Mari Ugarte, diruzaina Eduardo Garcia, eta bokalak Joakin Erguin, Iñaki Lizaso, Martin Aranguren "Txiliku" eta Eusebio Erguin ziren. Ikurra, gaur egun mantentzen dena, Julian Ugarte margolariak diseinatu zuen. Santa Engrazia, Ernio, Aizkorri eta Txindoki izan ziren lehendabiziko helmugak, baita Anboto ere Bizkaian. Frankismo garai horiek ez ziren errazak izan antolamenduaren aldetik, desadostasun politikoak zirela-eta. 1960ko hamarkadan, elkarteko "Boletín de montaña" argitalpenean euskarazko testuak sartzen zituzten, besteak beste.

1960an lehen "Pagoeta Eguna" antolatu zuten ekainaren lehenengo igandean, gurutzearen 25. urteurrenarekin batera. Urte haietan, Marije Etxabe bihurtu zen lehenengo emakume eskalatzaile.

Zabalkundea aldatu

1970eko hamarkadan aldaketa garaiak etorri ziren krisialdia igaro eta gero. Zabalegi tabernatik Parrokiara lekuz aldatu ziren, topagune moduan. Salvador Ruiz lehendakari, Iñigo Azkue lehendakariorde eta Kontxi Aizarna idazkari izendatu zituzten. Pagoeta Mendizale Elkartea gaur egungo izena hartu zuten, eta liburutegi zaharreko egoitzara mugitu ziren. 250tik gora bazkideak lortu zituzten eta Urruztumeko borda berreraiki zuten 1979an, gurutzetik gertu. Haur kultura taldea ere abiatu zuten. Pirinio aldean ibiltzen hasi ziren eta 1976an Jesus Manuel Murua zarauztarrak Kilimanjarorako espedizioan parte hartu zuen, Europako mugak gainditzen zituen lehendabiziko herritarra.

1980ko hamarkadan Arkamurka natura elkartearekin harremanak sendotu zituzten, alde batetik, eta bestetik haurrak gurasoekin batera txangoetan ibiltzea sendotzen hasi zen. 1985ean, gurutzearen 50. urteurrena ospatu zuten, eta urreko urtean "Zarautz eta bere inguruak oinez" liburua argitaratu zuten, 23 ibilbide bilduz. 1988an, Mendiko Filmen Zikloan 1.300 lagun elkartu ziren 5 egunetan.

1990eko hamarkadan, Izadi natura taldea banatu zen Pagoetatik. 1992ko urte olinpikoan egitarau zabala osatu zuten, bestelako jarduerekin batera: raftinga, iraupen eskia, mendiko bizikleta irteerak... Kepa Labianoren eskutik bestelako mendi irteerei ekin zieten, Hego Euskal Herrian ez ezik, Iparraldean, Gredos, Picos de Europa... Jexux Salegik, lehendakari moduan, zerbitzu berezien domina jaso zuen 1997an Imanol Murua alkatearen eskutik. Hurrengo urtean, elkarteak 40 urte bete zituen, 620 bazkiderekin. Maider Larrañaga eta Aritz Labiano, besteak beste, nabarmendu ziren eskalatzaile moduan.

1999an Euskal Mendi Federazioak 75 urte bete zituen, eta Pagoetakoek parte hartu zuten ospakizunetan. Urte hartan ere, Mulhacen (Sierra Nevada) eta Pico Murcia (Palentzia) tontorretara igo ziren, besteak beste.

XXI. mendea aldatu

2001ean, Jon Beloki zarauztarrak Gasherbrum I igo eta herrian omenaldia jaso zuen, Imanol Etxeberria Pagoetako lehendakaria zela. 700 bazkideren muga apurtu zuten. 2004an, Arkamurkak 25 urte bete zituen, eta Pagoetak lehendabiziko mendi lasterketa antolatu zuen. Bi urte geroago, Joxe Mari Goikoetxea "Goiko" txoferrak erretiroa hartu zuen, elkarteko hasieratik lan honetan ibilitakoa. 2006 hartan Gurutxurtu taldea abiatu zen, haurrengan mendizaletasuna sustatzeko.

Azkenik, 2008an 50. urteurrena ospatzeko egitarau oparoa antolatu eta liburua argitaratu zuten.

Bibliografia aldatu

  • "Pagoeta mendizale Elkartea: 50 urte. Mila pauso". Imanol Epelde Pagola, 2008.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu