Open Broadcaster Software
Open Broadcaster Software (OBS), denbora errealeko bideo-edukiak jaso, konposatu, kodetu, grabatu eta zuzenean transmititzeko aukera ematen duen doako Software librea da, 2016tik aurrera OBS Studio izenarekin ezaguna. GNU General Public License (2. bertsioa) lizentziapean banatzen da, eta multiplataforma da: Microsoft Windows, macOS eta hainbat Linux banaketarako eskuragarri dago.[1][2] Hizkuntzari dagokionez, 59 hizkuntzara itzulita dago, euskara barne.[3]
Open Broadcaster Software | |
---|---|
Jatorria | |
Argitaratze-data | 2012 |
Banatze bidea | deskarga digitala |
Azken bertsioa | 30.2.3 |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | screencasting software (en) |
Programazio-lengoaia | C++ eta C |
Irakur dezake | Plataforma-anitz, Microsoft Windows, GNU/Linux eta MacOS X |
GUI tresnak | Qt |
Egile-eskubideak | copyrightduna |
Lizentzia | GNU General Public License, version 2.0 or later (en) |
Euskaraz | |
Euskaraz | Bai |
OBS Project | |
Iturri-kodea | https://github.com/obsproject/obs-studio |
Seinalearen transmisiorako RTMP protokoloa erabiltzen du nagusiki, plataforma gehienek onartzen baitute (esaterako, YouTube, Facebook eta Twitch). Hala ere, SRT protokoloarekin ere lan egin dezake, nahiz eta horretarako streaming zerbitzari propio bat muntatu behar den, eta zerbitzaritik seinalea streaming plataforma horietara berbideratu.[4]
Historia
aldatuOpen Broadcaster Software proiektua (edo OBS Project) Hugh "Jim" Baley-k hasi zuen proiektu txiki modura, baina sareko kolaboratzaileei esker azkar hazi zen. Lehen bertsioa 2012ko abuztuaren 31n argitaratu zen. 2013 urtean OBSren garapena OBS Multiplatform bertsio berridatzira pasa zen (ondoren, 2016tk aurrera, OBS Studio izenpean ezagutu duguna), zerbitzua sistema eragile gehiagotara hedatzeko asmoarekin, baita ezaugarri gehiago zein API aberatsago bat garatzeko asmoarekin ere. Gaur arte 27 bertsio izan ditu, azkena 27.1.3 delarik, 2021eko urrian argitaratu zena.[5]
Erabiltzailearen interfazea
aldatuProgramaren leiho nagusian, transmisio eta grabazioak kontrolatzeko behar diren kontrol guztiak eskuragarri daude, eta hainbat ataletan banatzen dira: Oihala, Eszenak, Iturburuak, Audio nahastailea, Eszena-trantsizioak eta Kontrolak.
Iturburuak
aldatuOBSko iturburuak audio, bideo edo edozein multimedia-iturri dira. Iturrien bidez, grabazioan (edo/eta transmisioan) ikusi eta entzungo dena zehaztuko dugu. Bideoari dagokionez, hamaika iturri gehitzeko aukera eskaintzen du: aplikazio baten leiho zehatz bat, joku baten leihoa, irudiak, testua, edota ordenagailuko pantaila osoa, esaterako. Hainbat iturri desberdin aldi berean gehitzeko aukera dago, eta oihalean nahi dugun modura antolatu ditzakegu.
Iturburu bakoitzak izen global bat izango du, beraz programan zehar ezingo ditugu izen bereko bi iturri desberdin sortu.
Eszenak eta trantsizioak
aldatuEszenek iturburu-multzo desberdinak bereizten dituzte, izenak dioen bezala, transmisioan zehar eszena desberdinak eduki ahal izateko, hauen artean trantsizioak gehitu ditzakegularik. Nahi adina eszena sor daitezke, baina eszena bakoitzak bere izen globala izango du, beraz ezingo dira izen bereko bi eszena sortu.
Aplikazioaren goialdean oihala ikusiko dugu, non unean hautatuta dagoen eszenaren aurrebista erakutsiko zaigun.
Adibide modura, live streaming bat antolatzeko honako eszena-sorta sor genezake
- Ongi etorria, non irudi-iturri bat daukagun ikusleak agurtzeko streaminga hasi bitartean.
- Mahaigaina, non ordenagailuko pantaila osoa gehituko dugun, webcamaren irudia ere alde batean kokatuz.
- Atsedena, non beste irudi bat ezarriko dugun, live streamingaren atsedenean jartzeko.
- Amaiera, non ikusleak agurtuko ditugun testu batekin, eta audio-iturri baten bidez amaierarako musika jarriko dugun.
Trantsizioei dagokionez, eszenen arteko trantsizio-mota eta iraupena (ms) ezarri dezakegu. "Etena" eta "Iraungi" motako trantsizioak programak sortuta eskaintzen dizkigu, baina beste trantsizio-mota bat (esaterako, eszena batetik bestera desplazatzea) sortu nahi ezkero, gure gustura egokitzeko aukera ere izango dugu. Horrez gain, laster marken ezarpenetan ("Ezarpenak -> Laster-markak") trantsizio bakoitzarentzat teklatuko laster-marka bat defini dezakegu, eszena batetik bestera pasa nahi dugun bakoitzean OBSren leihoa ireki behar ez izateko.
Orobat, Estudio modua hautatzen badugu (Kontrolen zutabean), oihalean bi irudi ikusiko ditugu: eskuinaldean unean transmisioan ikusten ari den irudia, eta ezkerraldean trantsizioa burutu ondoren ikusiko dena. Honekin batera, trantsizioak eskuz egiteko aukera ere daukagu, bi irudien artean dagoen graduatzailearen bidez.
Ezaugarriak
aldatuTransmisioa
aldatuOBS bidez live streaming bat egin nahi izan ezkero, "Ezarpenak -> Transmisioa" atalean ezarri beharko dugu streaming zerbitzariaren inguruko konfigurazioa. Oro har, softwareak streaming plataforma nagusiekin integrazioa eskaintzen du (Youtube, Twitch, Facebook, Vimeo, kasu), baina "zerbitzu pertsonalizatua" (hots, zerbitzari propioa baldin badaukagu) ezarri ezkero, edozein RTMP zerbitzarira transmititzeko aukera emango digu.
Hortaz, transmititu nahi dugun plataforma onartzen badu, soilik transmisio giltza ezarri beharko dugu, plataformak eskaini ohi diguna. Zerbitzu pertsonalizatuaren kasuan, RTMP zerbitzariaren helbidea ezarri beharko dugu zerbitzariaren atalean.
Behin transmisioa gure beharretara konfiguratuta, transmisioa hasteko "Hasi transmisioa" botoiari sakatuko diogu, eta horrekin gure live streaming -a hasieratuko dugu (eta berdin grabazioarekin, baina kasu horretan "Hasi grabazioa" botoiarekin).
Bideoa
aldatuKodetzailearen aldetik, hardware zein software encoderrak erabiltzeko aukera eskaintzen da[6]. Hardware kodetzaileei dagokionez, Intel Quick Sync Video, Nvidia NVENC eta AMD Video Coding Engine kodetzaileekin bateragarria da, eta software kodetzaileen kasuan x264 encoderra erabiltzen du.
Ugariak dira software honek eskaintzen dizkigun aukerak, bideoaren irteeraren konfigurazioaren aldetik. Irteeraren atalean bi konfigurazio-modu ezar ditzakegu:
Modu sinplean, soilik erabiliko den kodetzailea, audioaren eta bideoaren bit-tasa eta grabazioaren formatua hautatzeko aukerak erakutsiko zaizkigu.
Modu aurreratuan, aldiz, hamaika parametro gehiago konfiguratzeko aukera izango dugu; esaterako, bit-tasaren kontrol-mota ezartzeko aukera daukagu, hots, CBR (Constant Bitrate), ABR (Adaptive Bitrate), VBR(Variable Bitrate). Horrez gain, OBSk ffmpeg liburutegia erabiltzen duenez, grabazioaren kasuan irteera pertsonalizatua ezar dezakegu, modu honetan ffmpeg liburutegiaren kodetze-parametro guztiak zehaztuz, konfigurazioa gure beharretara egokituz.
Bideoaren ezarpenetan, oinarriaren (oihalaren) eta irteeraren bereizmena hautatzeko aukera ematen da, irteeraren fotograma-tasaz gain (FPS).
Audioa
aldatuAudioaren konfigurazioaren aldetik, lagin-maiztasuna eta kanalak hautatzeko ezarpenak eskaintzen dira. Gainera, sarrera/irteera audio-iturriak ezartzea dago (lehentasun mailarekin), gailurren neurgailu motarekin batera (lagin-gailurra edota benetako gailurra, CPU erabilera handiagoa eskatuko duena). Audio-iturri bezala mikrofonoa ezarri dezakegu, baita ordenagailuko soinu-irteera ere, esaterako.
Konfiguratzaile automatikoa
aldatu"Tresnak -> ezarpen automatikoaren morroi" atalean sakatu ezkero, softwareak integratuta dakarren konfiguratzaile automatikoa abiaraziko da. Konfiguratzaile honek, gure baliabide eta erabileraren arabera softwarearen ezarpenak konfiguratuko ditu, gure hardware zein sare-konexioaren zehaztapenen arabera, konfigurazio bat edo beste ezarriz.
Pluginak
aldatuOpen Broadcaster Softwareak bere funtzionalitateak hedatzen dituzten plugin-sorta handi bat eskaintzen ditu. Plugin horiek bertako liburutegi dinamiko modura kargatzen dira, baina aukera dago .NET Frameworkaren bidez garatutako pluginak kargatzea, CLR Host pluginaren bitartez. [7][8]
Plugin erabilienen[9] artean OBS-VirtualCam izan daiteke aipagarrienetakoa. Plugin honen bitartez OBSko bideo-irteera sarrera modura erabili ahalko dugu, esaterako, web kamera baten sarrera simulatuz. [10]
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Wiki - Install Instructions | OBS» obsproject.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-08).
- ↑ «Download | OBS» obsproject.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-08).
- ↑ (Ingelesez) «obsproject/obs-studio» GitHub (Noiz kontsultatua: 2021-01-08).
- ↑ «Wiki - Streaming With SRT Protocol | OBS» obsproject.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-08).
- ↑ OBS Studio. OBS Project 2022-01-20 (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
- ↑ «Zuzeneko bideo-emanaldiak, denon eskura dagoen errealitate bat» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
- ↑ «Plugins — OBS Studio 26.0.2 documentation» obsproject.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-08).
- ↑ «Creating a Plugin» catchexception.org (Noiz kontsultatua: 2021-01-08).
- ↑ (Ingelesez) «OBS Studio Plugins» OBS Forums (Noiz kontsultatua: 2021-01-08).
- ↑ (Ingelesez) «OBS Virtualcam» OBS Forums (Noiz kontsultatua: 2021-01-08).