Mikel Goñi

esku huskako pilotaria
Artikulu hau pilotariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Goñi (argipena)».
Goñi II.a

Mikel Goñi, 2014an.
Izen osoa: Mikel Goñi Martikorena
Jaiotza data: 1977ko apirilaren 25a (46 urte)
Jaioterria: Oronoz-Mugairi, Baztan, (Nafarroa Garaia)
Pilotaria
Modalitatea: esku huskako pilota
Egungo enpresa: erretiratua
Postua: aurrelaria
Altuera: 1,84 m
Pisua: 104 kg
Debutatze data: 1996ko otsailaren 17a
Debutatze pilotalekua: Beotibar (Tolosa)

Mikel Goñi Martikorena, pilota arloan Goñi II.a deituraz ezaguna (Oronoz-Mugairi, Baztan, Nafarroa Garaia, 1977ko apirilaren 25a) esku huskako pilotari profesional ohia da. Aurrelari aritzen zen. 1,84 metro luze da, eta 104 bat kilo pisatzen du.[1] Indar itzela eta teknika bikaina zituen, pilotan aritzeko sekulako dohainak, baina pilotan titulu nabarmen bakarra besterik ez zuen irabazi (Nafarroako 2001eko lau eta erdikoa), ondo prestatzen eta bere gorputza zaintzen jakin izan ez zuelako; horregatik kaleratu zuen Aspe enpresak 2009an. Geroztik ez du goi mailako partidarik jokatu, baina oso pilotari ospetsua izan da, jendetasun handikoa, oraindik jendetzak erakartzen baitzituen bere partidetara, eta hedabideetan sarri azaldu izan da, pilotaz kanpoko gaiengatik ia beti.

Kirol ibilbidea aldatu

Profesionaletako lehen partida Tolosako Beotibarren jokatu zuen, 1996ko otsailaren 17an. Aitari kasurik egin gabe, ikasketak utzi zituen une hartantxe.[2] Orduz geroztik, oso kirol ibilbide gorabeheratsu izan zuen. Lehendabiziko urteetatik erakutsi zuen dohain handiko pilotaria zela, indartsua eta ausarta. Gero, ordea, titulu nagusietatik bakarra besterik ez zuen lortu: Nafarroako 2001eko lau eta erdiko txapelketa, finala Carlos Armendaritzi irabazita. Joaquín Plaza prestatzailearen babesean entrenatu zuen urte huraxe izan du Mikel Goñik bere pilotari karrerako hoberena. Zaleek bereziki gogoan dute 2001eko abuztuan Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan Belokiren aurka jokatu eta 22-21ekoarekin irabazi zuen partida aparta, esku huskako pilotan inoiz jokatu den buruz buruko partidarik hoberenetakoa.[3][4] Urte haren hondarrean, abenduaren 8an, Mari Mar Romero alcorcondarrarekin ezkondu zen.[5]

Bere pilotari karrera osoan, pilotalekuetan egindakoagatik baino gehiago, pilotalekuetatik kanpoko egintzengatik azaldu izan da hedabideetan. Parrandazale amorratua, egoera txarrean agertzen zen frontoietara (kokainaren mendetasuna zuelako zurrumurrua ere zabaldu zen; berak gai hori hartzen zuela onartu zuen, baina mendetasuna zuenik ukatu).[6] Gainera, ez zuen diziplinarik egunero eta behar bezain gogor entrenatzeko, ez eta dietarekin eta gaueko atsedenarekin gorputza zaintzeko ere. Sasoi hoberenean zenean, 2001ean, 93 kilo pisatzen zuen, baina laster gainditu zituen 100 kiloak, eta neurri horretatik gora dabil geroztik. Maila goren-gorenean aritzeko eta titulu nagusi guztiak irabazteko bezainbesteko dohainak zituen arren (pilotazale askoren ustez, bere garaiko pilotaririk handiena izateko aukera eskuan izan zuen), entrenatzen ez zenez eta gorputza zaintzen ez zuenez, askotan aise galtzen zituen partidak, apustuzaleen amorraziorako. Gehiegizko pisua izateak ere eragotzi egiten zion defentsan behar bezain arin ibiltzea, eta partida luzatuz gero nekeak erasaten zion. Hala eta guztiz ere, bere eraso joko ikusgarriarekin eta berebiziko jendetasunarekin, jende andana handiak erakartzen zituen bere partidak ikustera (haietako asko, parranda giroan ezagututako gazteak): gutxik bezala betetzen zituen beti pilotalekuak. Aspe enpresatik emandako abisu guztiek ere ez zuten oneratu, ordea, eta kaleratu egin zuten 2005eko apirilean.[7][1][2][8]

Goi mailako pilotatik kanpora, bi urtez Ordago pilota enpresan jardun zuen. Sasoia pixka bat berreskuratuta, Aspek kontratatu zuen berriro, eta, 2007ko ekainaren 24an, atzera ere maila goreneko partida bat jokatu zuen, Lasa atzean lagun zuela, Eugi eta Laskurainen aurka. Galdu arren, joko puntu ederra erakutsi zuen Mikel Goñik, eta enpresaren nahiz zaleen itxaropenak piztu zituen berriro. Gorabeheratsu izaten jarraitu zuen, ordea, eta 2009ko ekainean Aspek behin betiko kaleratu zuen.[9]

Bizitza, goi mailako pilotatik at geratu eta gero aldatu

 
Mikel Goñi, 2014an.

Esku huskako pilotarien elitetik kanpora geratu zen arren, geroztik ospeari eutsi zion, hainbat telebista saiotan (ETB 1eko Euskal Herriko 101 Gaztelun, ETB 2ko El Conquistador del Fin del Mundon, eta abarretan) agertzen baitzen. Urtean hainbat partida jokatzen jarraitu zuen (2011n, 97 partida; eta 2012an, 102, eliteko pilotari gehientsuenek jokatutakoen bikoitza): herrietatik zein pilota klubetatik zuzenean kontratatzen zuten, edota Garfe zein Egursport pilota enpresen bidez (Aspe eta Asegarce baino maila apalagoko enpresak), eta partidetara jendetzak erakartzen jarraitzen zuen.[2][1]

Bere seme Mikel Xabier eta Ikerrez arduratzeak bizimodu lasaiagoa hartzen lagundu zion, aldi batez gaztaroko gehiegikeriak atzean utzita. Hala ere, trafiko arauak hausteagatik hainbat arazo izan zituen, baita gidabaimeneko puntu guztiak galdu eta baimena berriz atera behar izan ere.[10][11] 2011ko abuztuan, kirol arroparen denda bat ireki zuen Arraiozen (Baztan, Nafarroa Garaia), jaioterritik hurbil, orduan emazte zuen Mari Mar Romerorekin batera.[12] Mari Marrengandik banandutakoan, Gasteiza (Araba) joan zen bizi izatera.[2]

2014an Anotzibarrera (Nafarroa Garaia) joan zen bizi izatera. Han alokatuta zuen etxebizitzatik marihuana landare batzuk lapurtu zizkiotela-eta, bi pertsonari legez kontrako atxiloketa, mehatxuak eta lesioak egin zizkien, 2014ko azaroaren 30etik abenduaren 2ra bitartean.[13][14][15] Egin zioten epaiketan, gertaera horiek frogatutzat eman ziren. Horrenbestez, zortzi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten 2017ko irailean.[16] 2018ko abuztuaren hasieran sartu zen espetxean.[17] Hiru urte eta bi hilabetez Araba espetxean preso egon eta gero, 2021. urtearen bukaeran atera zen kalera, hirugarren gradua lortuta.[18] 2022ko urtarrilean ETB 1eko Abiapuntua saioan emandako elkarrizketan adierazi zuenez, «Hirugarren gradua bi ahoko ezpata da, askatasuna da baina gauzak ondo egin behar dituzu. Berriro espetxera itzultzea sekulako kolpea litzateke.»[19]

Kirol lorpenak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c (Gaztelaniaz) Javier LEONÉ: «MikelGoñi: “Ana Blanco dio una noticia sobre mí en el Telediario”», Deia egunkariaren On gehigarria, 2011-02-07.
  2. a b c d Xabier EUZKITZE: Bisitaria saioa, ETB-1, 2013-01-30.
  3. «Buruz buruko txapeldunari desafioa: Beloki-Mikel Goñi», ETB-1. Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatutako partidaren laburpena, 2001eko abuztua. Bideoaren iraupena: 20'.
  4. (Gaztelaniaz) «Mikel Goñi: breve historia de su carrera profesional hasta su debut en el manomanista 2002», Pobladores.com, 2002-04-11.
  5. Tttipi-ttapa aldizkaria, 318. zenbakia, 2002-01-24. Ikus «Ezkontzak» atala, 27. orrialdean.
  6. (Gaztelaniaz) Javier LEONÉ: «Mikel Goñi: "Fui el mejor monaguillo de Baztan"», Noticias de Navarra, 2013-09-23.
  7. Xabier EUZKITZE: Anitzele saiorako elkarrizketa, ETB-1, 2012-01-27.
  8. (Gaztelaniaz) «Aspe se harta y rescinde el contrato de Mikel Goñi», Gara, 2005-04-25.
  9. (Gaztelaniaz) «Aspe prescinde de los servicios de Mikel Goñi», El Correo, 2009-06-09.
  10. (Gaztelaniaz) «El pelotari Mikel Goñi evita la cárcel por un delito de tráfico tras pagar 5.000 euros», Diario de Navarra, 2012-10-18.
  11. (Gaztelaniaz) «El pelotari Mikel Goñi, absuelto de un delito contra la seguridad vial», Diario Vasco, 2013-03-26.
  12. (Gaztelaniaz) «Inauguración de dos nuevos centros», Diario Vasco, 2011-08-02.
  13. (Gaztelaniaz) I. G. Vico: «Mikel Goñi niega todos los cargos en el juicio oral», Deia, 2017-03-16.
  14. (Gaztelaniaz) «Comienza el juicio contra el expelotari Mikel Goñi», Deia, 2017-03-15.
  15. (Gaztelaniaz) «Piden 12 años de cárcel para el expelotari Mikel Goñi» El Confidencial 2017-05-05 (Noiz kontsultatua: 2017-05-25).
  16. Berria.eus. (2017-09-19). «Zortzi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra Mikel Goñiri» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-09-19).
  17. (Gaztelaniaz) «Mikel Goñi entra en prisión» Deia 2018-08-03 (Noiz kontsultatua: 2018-08-03).
  18. (Gaztelaniaz) «Mikel Goñi reaparece en televisión tras pasar más de tres años en la cárcel» Diario de Navarra 2022-01-26 (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
  19. Urkiri, Ane. (2022-01-26). «Mikel Goñi: “Hirugarren gradua bi ahoko ezpata da, gauzak ondo egin behar dira”» Naiz (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Mikel Goñi