Max Planck
Max Karl Ernst Ludwig Planck (Kiel, Alemania, 1858ko apirilaren 23a - Göttingen, Alemania, 1947ko urriaren 4a ) fisikari alemaniarra izan zen. Teoria kuantikoaren sortzaile eta pasa den mendeko fisikari onenetarikotzat jotzen da.
Bizitza eta obraAldatu
Planck familia intelektual eta tradizional baten barruan jaio zen. Bere aitaren aldeko birraitona eta aitona teologia katedradun izan ziren Göttingenen, bere aita Kiel eta Munichen zuzenbide katedraduna izan zelarik.
Munichen eta Berlinen egin zituen ikasketak. Municheko eta Kielgo unibertsitateetan irakasle izan ondoren Kirchhoffen lekua hartu zuen Berlingo unibertsitatean fisika teorikoko irakasle gisa. Zientzien Akademiako kide eta idazkari nagusi izan zen.
Hasieran termodinamikari buruzko ikerketak egin zituen batez ere, Boltzmannen ikerketak jarraituz. Gorputz beltzen neurketa termikoan energiaren banaketa espektrala teorikoki argitzeko egin zituen esperimentuen ondorioz, energiaren jarraitutasun ezaren hipotesia azaldu eta quantumak definitu zituen (1900). Teoria hori da fisika modernoaren oinarrizko hipotesietako bat.
Fisikako Nobel saria eman zioten zuen 1918an.
Piano-jotzaile bikaina zen eta musikaren teoriaz ere idatzi zituen zenbait lan. Aurkikuntza berrien ezagutza teorikoaren ondorioez eta izadiaren zientzien eta erlijioaren arteko erlazioez ere arduratu zen. Positibismoaren eta pragmatismoaren etsaia zen, eta uste osoa zuen izadiaren zientzietan egia objektibo bat badela, alegia, kausalitate printzipioak guztizko balioa duela zioen.
Plancken konstanteaAldatu
Plancken konstantea Quantumen teoriaren konstante unibertsala da. Sinboloa h da, eta balioa 6,625 x 10−34 joule.segundo. Quantum bateko irradaren energia (E) eta irradaren maiztasuna (h) erlazionatzen ditu formula honen bidez: E = h. Azken honi Plancken legea deitzen zaio; quantumen mekanikako oinarrizko legea da. Irrada elektromagnetikoa banakako sortatan edo fotoietan bilduta dagoela dio, eta bakoitzaren energia aipatu den formulak adierazten du.
ErreferentziakAldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.