Ireki menu nagusia

Luigi Galleani (Vercelli, Italia, 1861ko abuztuaren 12aAulla, Italia, 1931ko azaroaren 4a) anarkista izan zen. Sortzez italiarra izanagatik, politikoki aktiboen Ameriketako Estatu Batuetan izan zen, han bizi izan baitzen 1901az geroztik, harik eta 1919an deportatu zuten arte. Ezaguna izan zen instituzioen aurkako biolentzia sostengatzeagatik, baita "tirano" eta "herriaren etsaien" erailketa ere.[1][2] Ameriketako Estatu Batuetan, bere jarraitzaileek, galleanista zeritzotenek, zenbait bonba-eraso eta erailketa saiakera egin zituzten 1914tik 1932ra. Taldeak 1920ko Wall Streeteko bonba-erasoan zerikusia izan zuela ere uste da, non 38 lagun hil ziren.

Luigi Galleani
Lugi Gallean2.jpg
Bizitza
Jaiotza Vercelli1861eko abuztuaren  12a
Herrialdea  Italiako Erresuma
Heriotza Aulla1931ko azaroaren  4a (70 urte)
Heriotza modua berezko heriotza: miokardio infartu akutua
Hezkuntza
Heziketa Turingo Unibertsitatea
Hizkuntzak italiera
Jarduerak
Jarduerak idazlea eta abokatua
Mugimendua Anarkismoa

Eduki-taula

GaztaroaAldatu

Klase ertaineko familia batean jaiota, Galleani anarkista bihurtu zen 20 urte bete baino lehen, Turingo unibertsitatean zuzenbidea ikasten zegoen bitartean. Graduatu baino lehen karrera utzita, anarkismoaren eta ideia anarkisten defentsa sutsua egiten hasia zen jada. Turingo polizia atzean zuela-eta, Frantziara egin zuen ihes 1880ean.

Galleani Frantzian egon zen ia hogei urtez. Zenbait denbora Suitzan pasa zuen, Élisée Reclus geografo eta anarkistaren lagun egin zelarik. Azken honen La nouvele Geographie lan nagusian laguntzeaz gain, Galleanik Reclusekin batera egin zuen lan ikasleen manifestazio bat antolatzeko Genevako unibertsitatean 1887an, Chicagon Haymarket plazan eraildako langileen omenenez. Antolaketa lan honegatik, atxilotua eta ostean kanporatua izan zen Suitzatik. Frantziara joan zen berriz, ahalik eta bertatik ere bota zuten arte urte gutxi batzuen buruan.

Italiara bueltatu zen, non heldu eta lasterrera atxilotua eta konspirazio karguetatik errudun hartua, kartzelan bost urte pasatzera kondenatu zuten. 1894ean hasita, 31 urte zituelarik, bost urte baino gehiago pasa zituen kartzelan eta barne-erbestean (domicilio coatto), batez ere Pantelleria irlan, Siziliako kostatik hurbil.[3] Pallenterian ezagutu eta ezkondu zen bere emazte Mariarekin, zeinak bazuen jada seme bat, Salvatore.[4] Luigi eta Maria Galleanik beste lau seme-alaba edukiko zituzten aurrerantzean. 1900. urtean, Pallenteriatik alde egin eta Egiptora egin zuen ihes Galleanik.

Egipton, non erbesteratu italiarren komunitate handia zegoen, Galleani zenbait hilabetez bertako anarkistekin egon zen. Egiptoko agintariek jakinarazi ziotenean Italiarako bere estradizio prozesua laster hasiko zela, Egiptotik bat-batean ihes egin eta itsasontziz egin zuen ihes Londresera. 40 urte zituelarik, Galleanik Ameriketako Estatu Batuetara migratu zuen, 1901ean helduz.

Ibilbidea Estatu BatuetanAldatu

Estatu Batuetara heldu bezain laster, Galleanik zirkulu anarkista erradikaletan deitu zuen arreta oratzaile karismatiko modura, zeinak uste zuen bortxakeria beharrezkoa zela langilea zapaltzen zuten kapitalistak botatzeko. Patersonen (New Jersey) jarri zen bizitzen, La Questione Sociale erreferentziazko egunkari anarkista italiarreko editore bihurtu zelarik. Bere burua subertsibo eta propagandista iraultzaile modura harro deskribatzen zuen, ekintza zuzen eta biolentzian oinarrituriko filosofia politikoa zabaltzen zuelarik, gobernua eta bere instituzioen aurka egiteko bitartekorik onena zela ustez.[5] Galleani oso oratzaile eta bortxakeria iraultzailearen defendatzaile eraginkorra zen. Carlo Budak, Mario Buda bonba-egile galeanistaren anaiak zera esan zuen berari buruz: "Galleani hizketan entzun, eta prest egoten zinen ikusten zenuen lehen poliziari tiro egiteko".[6]

1902an, Patersoneko zeta lantegi bateko langileak grebara joan ziren eta bertan, Galleanik, berak emandako hitzaldietan langileak bultzatu zituen greba orokorra deitu eta Estatu Batuetako gizarte kapitalista eraisteko. Poliziak grebalariei tiro egin zienean, Galleani aurpegian zauritu zuten eta matxinada bat sustatu nahi izatea leporatu zioten. Kanadara egin zuen ihes, bertako autoritateek hartu eta deportatzeko, mugara berriz eskoltatuz.

Cronaca SovversivaAldatu

 
Cronaca Sovversiva-ren burua, Galleanik argitaraturiko berripaper anarkista

Galleani Barre-ko (Vermont) italiar komunitatera erakarria izan zen, non immigranteek hargin modura egiten zuten lan zonaldeko harrobietan. Langile hauek osatzen zuten Barre-ko komunitate sozialista eta anarkistaren nukleoa. Galleanik bileretan hartzen zuen parte, sozialista lotsatiei erasotuz, hitzaldi sutsuak eman zituen eta saiakera eta tratatu polemikoak idazten jarraituz. Laster bihurtu zen ezagun "ekintza bidezko propaganda"-ren proposatzaile modura eta Cronaca Sovversiva (Kronika subertsiboa) berripaperaren sortzaile eta editore, zeina berak argitaratu eta bidaltzen zuen Barre-tik.[2] Galleanik berripaper anarkista hau 15 urtez argitaratu zuen, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak 1918ko Matxinada dekretuaren agindupean itxi zuen arte.

Cronaca Sovversiva-ren ale bakoitzak ez zuen normalean zortzi orri baino gehiagorik izaten. Momentu batean berripaperak 5.000 harpidedun zituela aldarrikatu zuen. Hainbat gai erradikalei buruzko ikuspuntuak jorratzen zituen, esate baterako, Jainkoaren existentziaren aurkako argudioak, amodio librearen aldekoak edota estatu-tirania historiko zein gaur-egunekoaren aurkakoak. Maiz argitatzen zituen era berean, negozio pertsona, espia kapitalista, eskirol eta herriaren arerioen helbide-zerrenda eta detaile pertsonalak. Galleaniren izena daramaten hainbat liburu, hala nola La Fine dell'anarchismo? (Anarkismoaren amaiera?) (1907), izatez aurretik Cronaca Sovversiva-n kaleraturiko saiakeren bildumak dira.

Cronaca Sovversiva-ren orrialdeetan, Galleanik ekintza zuzenaren eta ekintza bidezko propagandaren teoria adierazi zuen. Gaetano Bresciren ekintzak txalokatu zituen; Bresci, ekintza zuzenaren beste defendatzaile bat, Estatu Batuetatik Italiara joan zen soilik Umberto I.a Italiakoa erailtzera. Azken honen heriotzaren ostean argitaraturiko lana, Aneliti e Singulti: Medaglioni (Hasperenak eta negar-zotinak: Erretratuak) Cronaca Sovversiva-n berak idatzitako saiakeren bilduma da. Bertan, askotan goraipatzen zituen leherkariak jartzen zituztenak edota hiltzaileak, anarkismoaren heroe gisa.

Cronaca Sovversiva-n sarturiko elementu interesgarrienetariko bat azkenetariko aleetan agerturiko irakarki txikia zen, La Salute è in voi! (Osasuna zugan dago!) 25 zentimotan saltzen zen 46 orrialdetako liburuxka iragartzen zuen, edozein familia proletariok izan beharko lukeen produktu modura.[7] Liburuxkaren hitzaurreak, 1905ean lehen aldiz argitaratua, bere intentzioa argi adierazten zuen: bortxakeriaren apologia egitea subertsiboei agintariak eta instituzioak iraultzeko bitarteko fisikoak eman gabe suposatzen zuen akatsa zuzentzea.[7] Izatez, Osasuna zugan dago! bonbak egiteko eskuliburu esplizitua zen, non Galleanik bere irakurleei nitroglizerina egiteko formula kimikoa eman zielarik, laguna zen lehergaietan aditu batek jasota, Ettore Molinari.[7] Galleaniren eskuliburu hau zehatz eta praktiko modura deskribatu zuen New York hiriko poliziaren bonben dibisioak, nahiz eta Galleanik Molinariren nitroglizerinarako formula berridazterako orduan eginiko akats batek leherketa goiztiar eragin, akatsaz ohartu ez ziren bonba-egileen eskuetan (Galleanik abisua eta testu zuzendua kaleratu zuen 1908ko Cronaca Sovversiva-ren ale batean).

Ekintza iraultzaileakAldatu

Galleani gero eta desafiatzaileago zegoen bihurtzen eta lagun eta jarraitzaile talde bat erakarri zuen. Galleanisten artean, jakina da Frank Abarno, Gabriella Segata Antolini, Pietro Angelo, Luigi Bacchetti, Mario Buda ('Mike Boda' izenarekin ere ezaguna), Carmine Carbone, Andrea Ciofalo, Ferrucio Coacci, Emilio Coda, Alfredo Conti, Nestor Dondoglio ('Jean Crones' izenarekin ere ezaguna), Roberto Elia, Luigi Falsini, Frank Mandese, Riccardo Orciani, Nicola Recchi, Giuseppe Sberna, Andrea Salsedo, Raffaele Schiavina, Carlo Valdinoci, eta, aipagarrienak Nicola Sacco eta Bartolomeo Vanzetti.

Galleani eta bere taldeak anarkismo erradikala bultzatzen zuten, hitzaldi, berripaper, lan-agitazio, protesta politiko, bilera sekretu eta batez ere ekintza zuzenak erabiliz. Denbora aurrera joan ahala, Galleaniren jarraitzaile askok bonbak eta beste bitarteko bortxazkoak erabiltzen hasi ziren euren helburuak lortu nahian, Galleanik berak sustaturiko ekintzak, baina antza denez bertan inoiz parte hartzen ez zuelarik, La Salute è in voi! liburuxkaren egiletza izan ezik.

Historialariek uste dute Galleani eta bere ingurukoen bonba-atakeak 1914ean hasi zirela, Galleanik Faccia a Faccia col Nemico (Arerioarekin aurrez-aurre) liburua kaleratu zuen urte berean. Bertan, anarkista eraileak martiri eta heroe iraultzaile gisa goratzen zituen.[8] Galleanistak gutxienez New Yorken jazotako bi bonba-erasoren atzean egon ziren, poliziak indarra erabiliz Tarrytownen (John D. Rockefeller-en jaioterria) eginiko manifestazio bat disolbatu ostean. Hurrengo hilabeteetan, bonba-erasoek New York-eko hainbat instituzio izan zituzten helburu: polizia-etxeak, elizak eta epaitegiak. 1914eko azaroaren 14ean The Tombs kartzelako polizia epaitegian bonba bat jarri zuten, Campbell magistratuaren aulki azpian, zeinak anarkista bat kondenatu zuen matxinada sustatzeagatik. 1915eko urtarrilean, poliziak St. Patrick katedrala lehertu araztea helburu zuen plana aurkitu zuen poliziak; planen atzean Galleanistak zeudela ondorioztatu zuten, susmagarrietako baten etxean La Salute è in voi! bonbak egiteko eskuliburuaren ale bat aurkitu baitzuten.

Chicagoko Galleanista batek, Nestor Dondoglio, Jean Crones izena erabiltzen zuen sukaldaria, industria, negozio, finantza eta lege-munduko gonbidatu garrantzitsuak pozoitu zituen 1916an, Mundelein artzapezpikuaren omenez eginiko bankete batean, euren zopara artsenikoa botata.[9] Gonbidatuetako bat ere ez zen hil, mediku batek[oh 1] arin prestaturiko goragarri batekin biktimek pozoia oka eginda botatzea lortu baitzuten, nahiz eta batzuk agonia gogoangarriak izan.[10][11] Dondoglioren gelak miatuak izan ziren, pozoi-anpoila batzuk aurkitu zituztelarik, baina pozoitzailea bera ez zuten inoiz atxilotu. Poliziarengandik ihes egin ostean [12], ekialderantz egin zuen Dondogliok, pobrezian biziz beste Galleanista batzuen etxean, 1932an hil zen arte[13].

1916Aldatu

1916ko abenduaren 6an, Alfonso Fagotti Galleanista atxilotu zuten polizia bat sastatzeagatik Bostoneko North Squaren jazotako istilu batzuetan. Biharamunean Galleanistek bonba bat zartarazi zuten Salutation Street-en Bostongo portuko poliziak zuen polizia etxean. Fagotti atxilotu eta espetxeratua izan zen eta gero Italiara deportatu zuten.[14]

Historialari batzuen arabera, 1916an San Franciscon izandako bonba-eraso bat Galleanisten ekintza izan zen. Nahiz eta jarraitzaile jakin bati ere ez zioten egotzi, tenporizadore duen bonba baten eraiketa (maleta bat denboragailu, kapsula lehergaiekin, dinamita eta burdinazko gerriko pisuak biktima kopurua areagotzeko) Galleanisten bonba-erasoen zati garrantzitsua bihurtu zen, bereziki Mario Budaren ekintzetan.

1917Aldatu

Europan tentsioak areagotu ahala eta Estatu Batuetan soldaduska ezartzearekin batera, 1917an Galleanik bere jarraitzaileak Mexikora joatera bultzatu zituen. Bertan itxaron ahal izango zioten iraultzaren etorrerari eta soldaduskako erregistroetatik ere ihes egin zuten. Estatu Batuetako bonba-eraso kopurua asko jaitsi zen. 1917 amaieran, Mexikoko bizi baldintzekin ados egon ez eta Estatu Batuetara bueltatu ziren hainbat Galleanista, euren ekintzei jarraipena emanez.

Uste da Buda-k bolboraz[15] eginiko bonba handi bat eraiki zuela [16][17][18] "atzerapen" detonatzaile azido batekin [19] zeinak 1917ko azaroaren 24ean eztanda egin zuen, Milwakeeko polizia etxe batean. Poliziek hara eraman zuten, eliza bateko oinarrietan aurkitu ostean.[16][17][20][21] Leherketak bederatzi poliziagizon eta emakumezko zibil bat hil zituen, ordura arteko gisa honetako erasorik larriena bihurtuz. Itxura denez, bonba August Giuliana apaizari zuzendua zegoen, zeinak anarkistek gustuko ez zuten kaleak biziberritzeko bilkura bat zuzendu zuen.[22]

1918Aldatu

New York, Boston, Washington Hiria, San Francisco eta Milwakeen eraginkortasun desberdinekin jazotako bonba-eraso sakabanatuen ardura, Galleanistei egotzi zitzaien, baina ostean ez zen auziperatzerik egon. 1918ko otsailean, ordea, Estatu Batuetako autoritateek sarekada egin zuten Cronaca Sovversivaren bulegoetan, argitalpena geldituz eta editoreak atxilotuz. Nahiz eta langile batek harpidedunen zerrenda ezkutatu, poliziak harpidedunen 3.000 izen baino gehiago lortu zituen, postaz bidaltzeko prest zegoen azken ale kopuru batetik hartuta.

1918ko urtarrilaren 17an, 19 urte zituen Galleanista bat, Gabriella Segata Antolini, atxilotu zuten dinamitaz beteriko eskola-zorro bat eramateagatik, zeina Carlo Valdinocik eman zion. [oh 2] Galdekatu zutenean, izen faltsua eman eta poliziarekin kooperatzeari uko egin zion, 14 hilabeterako espetxeratu zutelarik.[23] Kartzelan zegoela, Antolinik Emma Goldman anarkista ezaguna ezagutu eta lagun hartu zuen.

Bortxakeria eta aztoramen sozialaren eraginez, 1918ko urrian, Estatu Batuetako Kongresuak Anarchist Exclusion Acta (Anarkistak egozteko dekretua) aprobatu zuen; erakunde politiko iraultzaile edota anarkismoan zebiltzan atzerritarrak kontrolatzeko asmoz. Ondorioz, Galleani eta bere jarraitzaileek gerra deklaratu zioten Estatu Batuetako gobernuari eta hurrengo mehatxua kaleratu zuten: "Deportazioak ez du kosta hauetara datorren ekaitza geldituko. Ekaitz hau barruan dago eta oso laster salto eta talka egin eta zuek suntsituko zaituzte odol eta sutan... Dinamitatu egingo zaituztegu!". Ondoren, negozio-gizon eta funtzionarioen aurkako bonba-erasoak etorri ziren, baita von Moschzisker epailearen etxean jarritako bonba bat ere; azken honek, 1908an lau anarkista italiarri espetxe-zigor luzeak jarri baitzizkien.

1919Aldatu

1919ko otsailaren 27an, lau Galleanista hil ziren Franklin (Massachusetts) herriko ehun fabrika batean jartzen ari ziren bonbak behar baino arinago eztanda eginda. Uste da aurreko egunean Galleanik berak (nor deportazioaren zain zegoen) emandako hitzaldi batek bultzatu zituela ekintza hura egitera.[24]

1919ko apirilaren bukaeran, politikari, justizia funtzionario eta finantziariri (John Rockerfeller euren artean) zuzenduriko 30 dinamitadun pakete bonba bidali ziren postaz. Dena dela, bonba bat Bureau of Investigationeko (BOI) agente bati, R.W. Finch, zuzendurik zegoen, agentea Galleanista batzuren atzetik (tartean Carlo Valdinoci) ibili baitzen. Galeanisten helburua bonbak Maiatzaren lehenean heltzea zen. Pakete gutxi batzuk eraman ziren bakarrik, bidaltzaileek frankeo nahikoa jartzeari uko egin ziotelako, pakete bat zabaldu baitzuten eta antzekoak zirenak harrapatu. Ez zen inor hil posta bidezko bonba hauen ondorioz, baina Georgiako Hardwick senatorearen (Anarchist Exclusion Act-aren bultzatzaileetariko bat) zerbitzari batek senatoreari zuzendutako paketea zabaldu zuenean, eskuak galdu zituen.

 
Bonbak A. Mitchell Palmer fiskalaren etxean eragindako kaltea.

1919ko ekainean, Galleanistek zortzi bonba handi hiri desberdinetan batera zartaraztea lortu zuten. Jomugak, epaile, negozio-gizon, alkate bat eta immigrazio inspektore baten etxeak eta eliza bat izan ziren. Lehenengo bonbak nahikoa indartsuak ez ziren ustean, bonba berriek 9 kg-rarteko dinamita karga zuten, burdinezko metrailarekin batera. Clevelandeko alkatea, W.H.S. Thompson epailea, Leland Powers Massachusetts estatuko hautetsia eta A. Mitchell Palmer fiskalaren (azken honek posta bidezko bonba ere jaso zuen) etxeak erasotu zituzten. Funtzionarioetatik bat ere ez zuten hil, baina gauzain bat, bertatik pasatzen ari zen emakume bat eta Galleanistetako bat -Carlo Valdinoci, Cronaca Sovversivaren editorea izandakoa- hil ziren erasoetan. Nahiz eta zaurituak ez izan, Palmer eta bere familia aztoratu zituen, bitartean bonbak, etxe aurrean, Valdinoci zatitzen zuen bitartean. Valdinoci, edo bonbaren gainean behaztopatu zen edo bonbak behar baino arinago egin zuen eztanda, oraindik jartzen ari zen bitartean. Poliziak Valdinociren gorpu zatiak bi bloketako hedaduran bildu zituen eta bere ile eta buruko larruazala kalearen bestaldeko teilatu batean aurkitu zuten. Bonba guztiek hurrengo testua zuen panfletoa zuten:[25]

"Gerra, Klase gerra, eta zuek izan zineten borrokatzen lehenak, ordena deitzen diezuen instituzio boteretsuen babespean, zuen legeen iluntasunean. Odol isurtzea egon beharko da; ez dugu saihestuko; hilketak egon beharko dira; erail egingo dugu, beharrezkoa delako; suntsipena egon beharko da; suntsituko dugu mundua zuen instituzio tiranikoez libratzeko."[oh 3]

Azkenean, poliziak, bonbekin zetorren panfleto baten jatorria aztertu eta inprimategi batera joan ziren, non Andrea Salsedo eta Roberto Elia atxilotu zituzten. Salsedo intentsiboki galdekatu zuten (batzuk torturatua izan zela diote) agente federalek. Informazio pixka bat eman ostean, gero eta atsekabetuago sentitzen zen. Preso zegoen eraikineko 14. pisutik jauzi egin edo bertatik Elia-k bultzatuta, hil zen.[oh 4] Nahiz eta Salsedok onartu zuen anarkista zela eta bonbekin zetorren panfletoa berak inprimatu zuela, ez zen egon bonbaketekin loturiko beste atziloketarik. Poliziak ez zuen frogarik eta beste Galleanistek uko egiten zioten hitz egiteari. Elia deportatua izan zen; bere abokatuaren arabera, Galleanistekin edonolako konexioa zuela ukatzen bazuen, Estatu Batuetan geratzeko aukera bati uko egin baitzion, hitz egiteari uko egite hori "bere ohorezko titulu bakarra" zela argudiatu zuen Eliak.[27]

Palmer fiskalaren etxearen aurka eginiko erasoan Valdinoci hil eta gero, Coacci eta Recchi-k taldean indar gehiago hartu zuten; biak ziren bonba-egileak. [oh 5] Recchi-k bere ezker eskua galdu zuen behar baino lehenagoko leherketa bategatik, baina bonbak egiten jarraitu zuen.[18]

Iritzi publikoa eta prentsa arazoari aurre egiteko ekintzak eskatzen zebiltzala-eta, Estatu Batuetako fiskal Palmer-ek eta gobernuko beste zenbait funtzionariok ikerketa batzuk abiarazi zituzten. Berme gabeko telefono entzuketak, argitalpen erradikaletako harpidetze agiriak eta beste zenbait neurri erabili zituzten milaka anarkista, komunista eta erradikal ikertzeko. Frogak lortuta eta Immigrazio departamentuarekin adostu eta gero, Justizia departamentua Anarchist Exclusion Actaren babespean ahalik eta erradikal gehien atxilotzen eta deportatzen hasi zen; ekintza hauei "Palmer sarekadak" izena jarri zitzaien.

DeportazioaAldatu

Luigi Galleani eta bere jarraitzaileetako zortzi Italiara deportatu zituzten 1919-ko ekainean, ekainak 2ko bonba uholdeetatik hiru astetara. Autoritateek Galleani kargutzeko froga nahikorik ez zuten arren, deportatu ahal izan zuten gobernuaren bortxazko suntsipena bultzatu eta La Salute è in voi! izeneko bonbak egiteko eskuliburua idatzi zuen bertan bizi zen kanpotarra zelako. Italiara heldu ostean, Galleanik bertako autoritateen arreta erakarri zuen eta Italiako kostan zegoen irla batean erbesteratzera behartu zuten. Benito Mussolinik boterea eskuratu zuenean, gobernu faxistak poliziaren kontrolpean mantentzen zuen etengabe. Geroago, Italia kontinentalera bueltatzera baimendu zioten, baina poliziaren kontrolak jarraitu zuen. Galleani, bihotzekoak jota hil zen 1931n, 70 urte zituela.

OharrakAldatu

  1. Medikua J.B. Murphy izan zen eta nahiz eta artsenikoak pixka pozoiturik egon, besteei laguntzeko gai izan zen
  2. Dinamita Budarentzat, bonba-egile burua, zela uste da.[16][23]
  3. Jatorrizko testua, ingelesez: War, Class war, and you were the first to wage it under the cover of the powerful institutions you call order, in the darkness of your laws. There will have to be bloodshed; we will not dodge; there will have to be murder: we will kill, because it is necessary; there will have to be destruction; we will destroy to rid the world of your tyrannical institutions.
  4. Eliak baieztatu zuen lo zegoela Salsedok ustez Eliarengandik hurbil zegoen leihora igo eta jauzi egiten zuen bitartean. Ez omen zituen entzun gelara korrika zioazen agenteak, zer gertatu zen jakin nahian, zurrunga ozen egiten ari zen hauek gelara sartu zireneran.[26]
  5. 1921ean Coacci-ren Italiako etxera joandako bisitari batek zera adierazi zuen: "gizonaren apalak bonbak egiteko panfletoz beterik zeuden eta Galleaniren eskolako terrorista zela adierazi zuen." [28]

ErreferentziakAldatu

  1. Avrich, Paul, Sacco and Vanzetti: The Anarchist Background, Princeton University Press (1991), p. 97
  2. a b Galleani, Luigi, Faccia a Faccia col Nemico, Boston, MA: Gruppo Autonomo, (1914)
  3. Ugo Fedeli, Luigi Galleani: Quarant'anni di lotte rivoluzionarie, 1891-1931 (Cesena: Antistato, 1956), 68-69 orr.
  4. Avrich, Paul, Anarchist Voices: An Oral History of Anarchism in America, Princeton: Princeton University Press (1996), 136 orr.
  5. (Ingelesez) Galleani, Luigi, The End of Anarchism?, 61-62 orr.: Galleani's writings are very clear on this point: he had undisguised contempt for those who refused to participate in the violent overthrow of capitalism.
  6. Avrich, Paul, Anarchist Voices: An Oral History of Anarchism in America, Princeton: Princeton University Press (1996), 132. orr (Charles Poggi-ren elkarrizketa)
  7. a b c Avrich, Paul, Sacco and Vanzetti: The Anarchist Background, Princeton University Press (1991), 98-99 orr.
  8. Galleani, Luigi, Faccia a Faccia col Nemico, Boston, MA: Gruppo Autonomo, (1914): Justizia Departamentu garaikide batek, liburua "munduak inoiz ikusi duen hiltzaile anarkisten glorifikazio handiena" bezala deskribatu zuen
  9. Avrich, Paul, Sacco and Vanzetti: The Anarchist Background, Princeton University Press (1991), 214. orr.
  10. Avrich, Paul, Sacco and Vanzetti: The Anarchist Background, Princeton University Press (1991), 98. orr.
  11. Bruns, Roger A., The Damndest Radical: The Life and World of Ben Reitman, University of Illinois Press (1987), ISBN 0-252-06989-7, 154. orr.
  12. Boasts Of Poison Plot, Threatens Deaths In Letter; "Jean Crones", The New York Times, 1917ko otsailaren 17
  13. Avrich, Paul, Sacco and Vanzetti: The Anarchist Background, Princeton University Press (1991), 98 eta 214. orr.
  14. Avrich, Paul, Sacco and Vanzetti: The Anarchist Background, Princeton University Press (1991), 135. orr.
  15. Balousek, Marv, and Kirsch, J. Allen, 50 Wisconsin Crimes of the Century, Badger Books Inc. (1997), ISBN 1-878569-47-3, 9781878569479, 113. orr.
  16. a b c Avrich, Paul, Anarchist Voices: An Oral History of Anarchism in America, Princeton: Princeton University Press (1996)
  17. a b Dell'Arte, Giorgio, La Storia di Mario Buda, Io Donna 26 January 2002, http://www.memoteca.it/upload/dl/E-Book/Mario_Buda.pdf
  18. a b Watson, Bruce, Sacco and Vanzetti: The Men, the Murders, and the Judgment of Mankind, Viking Press (2007), ISBN 0-670-06353-3, 9780670063536, 15. orr.
  19. Balousek, Marv, and Kirsch, J. Allen, 50 Wisconsin Crimes of the Century, Badger Books Inc. (1997), ISBN 1-878569-47-3, 9781878569479, 113. orr.: The bomb's homemade "fuse" used sulfuric acid dripping from a glass vial onto a metal plate to ignite its black powder charge, a touchy mechanism at best.
  20. Memorial Page: The Most Tragic Day in Law Enforcement History
  21. The Indianapolis Star, "Bomb Mystery Baffles Police", 1917ko azaroak 26
  22. Passante, Anna, Anarchy in Bay View, Bay View Compass, 2008ko azaroak 5
  23. a b McCormick, Charles H., Hopeless Cases: The Hunt for the Red Scare Terrorist Bombers, University Press of America (2005), ISBN 0-7618-3133-9, 9780761831334
  24. Abrich, Paul, Anarchist Voices: An Oral History of Anarchism in America, AK Press (2005), ISBN 1-904859-27-5, 9781904859277, 107. orr.
  25. Avrich, P., Sacco and Vanzetti: the anarchist background, Princeton, N.J.: Princeton University Press (1991), ISBN 0-691-02604-1, 81, 149-150 orr.
  26. McCormick, Charles H., Hopeless Cases, The Hunt For The Red Scare Terrorist Bombers, Lanham Maryland: University Press of America, 61. orr.
  27. Avrich, Paul, Sacco and Vanzetti: The Anarchist Background, Princeton University Press (1991), 195. orr.
  28. Avrich, Paul, Sacco and Vanzetti: The Anarchist Background, Princeton University Press (1991), 210. orr.

Kanpo loturakAldatu