Lope Gartzea Salazar
Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Lope Gartzea Salazar[oh 1] (Muskiz, Bizkaia, 1399 – Portugalete, Bizkaia, 1476) historialaria eta bandokidea izan zen. Crónica de siete casas de Vizcaya y Castilla (1454) eta Istoria de las bienandanças e fortunas liburuak idatzi zituen, azkena 1471. eta 1476. urteen artean, Muñatones gazteluan bere semeak bahituta zegoela.
Lope Gartzea Salazar | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Muskiz, 1399 (egutegi gregorianoa) |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Portugalete, 1476 (egutegi gregorianoa) (76/77 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | historialaria eta aristokrata |
Lan nabarmenak | |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Leinu gerrak |
Bizitza
aldatuLope Gartzea Salazar 1399an Muskizko Muñatoizko San Martinen jaio zen, banderizoen guda garaian. Gaztetik hasi zen bandoen gerratan: hamasei urteekin armak hartu eta hemezortzi urteekin Mendietako Lope Otxoa de Mendieta hil zuen Galdamesko monasterio baten mozkinagatik.
1425ean Joana Butroe Muxika ezkondu zuen, Butroe familiakoak bere aliatuak baitziren oinaztar bandoan. Bederatzi seme-alaba izan zituen, tartean Joan Salazar, izengoitiz "Mairua". Honekin oinordekoen eskubideak zirela-eta arazo larriak izan zituen. Adituek Loperen bizitza bortizkeriaz beteta izan zela (bai familiako auziak zirela bai Belasko ganboatarren edo Aiara oinaztarren aurka) uste dute.
- Belaskotarrek botere handia zuten Gaztelako Erresuman. Enkarterrietan benetako estatu-paraleloa zuten: Balmaseda, Zalla eta Villaverde Turtzioz kontrolatzen zituzten eta baita gertuko Castro Urdiales ere. Belasko eta Salazar familien arteko mugak Zierbenan, Galdamesen, Atxuriagan eta Zubiaten ziren.
- Aiarakoak Salazarren etsaiak ziren baita ere, nahiz eta biak oinaztarrak izan. Aiarakoak harremanetan ziren Belaskoekin eta haren laguntza izan zuten oinaztarrak kontrolatzeko. Aiarakoek Enkarterriak kontrolatzen zituzten: Cadagua ibaiaren ibarra, Nerbioi ibarra, Barakaldo, Arrigorriaga eta Aiara. Mendebalderantz ezin jo eta Aiarakoek Araba eta Gipuzkoara jo zuten , Salazartarrak eta Belaskoak ez aurkitzeko. Salazar eta Aiara familien mugak Barakaldon eta Castro Urdialesko Sámano haranean ziren (Sámanon Aiaren babespean zeuden Marrokinak zeuden).
Enkarterrietan beste familiak bazeuden, Abellanedakoak tartean, baina ez ziren sarritan gerretan sartu. Hori zela eta, Lope Gartzea Salazarrek ia Enkarterri osoa kontrolatzen zuen, Galdames eta Saltzedo Harana izan ezik, eta Castro Urdiales eta Barakaldo kontrolatzeko asmotan zegoen.
Lope Gartzearen maiorazkoa Muskizko Muñatoizko San Martin, Muskizko Santelices eta Portugaleteko La Sierra eta Salazar dorretxeek, Atxuriagako burdinola eta errotak, El Pobal eta Arenaoko burdinolek eta La Puente eta Fresnedoko errotek osatzen zuten. Gainera urtero burdin-irabazpidetik 70.000 marai jasotzen zuen, Portugalete hiribilduaren probestua zen eta Muskizko San Martin eta Portugaleteko kaietan bidesariak jasotzen zituen. Bere ostearen 3.000 gudari mantentzeko koroak dirutza ordaintzen zion, adibidez, 1447an 160.000 maraiak.
Lope Gartzearrek bizitza osoa eman zuen auzitan. 1451an Joanes II.a Gaztelakoak Joan Hurtado Mendoza, jadanik Enkarterrietako korrejidorea zena, Bizkaiko korrejidore hautatu eta Lopek erregearen kontra egin zuen, hautaketa Enkarterrietako handikien aurkako azpijokoa zenetz. Urte berean, Lope bigarren semea oinordeko hautatu Joan primuaren ordez; hautaketa ez zen Joanen gustukoa eta aitarekin leian hasi zen.
Bandoen bortizkeria hain zen gogorra non Henrike IV.a Gaztelakoak kontzejuei botere berriak eman baitzizkien. Ahaide nagusiek erregearen kontra egin eta 1457an hiru urterako erbesteratu zuen Salazar Cadizko Jimena de la Fronteran.
1460an erregeak barkamena eman eta Salazar etxera sukarrez itzuli zen. 1462an, Lope oinordekoa Torrellaseko guduan hil zenez, Lope Gartzeak Otxoa Salazarrekoa iloba oinordeko hautatu, berriro Joan semearen ordez. 1469an Joana Butroi Muxika emazteak Joanen alde egin eta Lope Gartzearen ezkontzako desleialtasunez nekatuta Muñatoizko San Martin gaztelua utzi zuen Joani bere maiorazkoaren zatia emanda.
Baina Lope Gartzearen itzala salazarren artean 1457 urtetik bukatzen ari zen. Urte hartan Pedro Belaskoren laguntza eskatu zuen eta Haro ganbotarren alde egin zuen oinaztarren aurka. Hori zela eta, salazarrek Joan "Mairua" hautatu zuten ahaide nagusi.
1470eko uztailan Joanek aita setiatu eta preso hartu zuen Muñatoizko San Martin bere dorretxean. Hantxe bere liburua, Istoria de las bienandanças e fortunas, idatzi zuen. Lope Gartzeak ihes egiten saiatu zuenez, Portugaletera bidali zioten eta bere dorretxean Mentzia Abellanedakoak sasiko alabak pozoitu zuen.
Argazki galeria
aldatu-
Muñatoizko San Martin gaztelua, Lope Gartzea Salazarren jaiolekua.
-
Portugaleteko Salazar dorrea eta Lope Gartzearen irudia.
-
Lope Gartzea Salazarren irudia Portugaleten.
Oharrak
aldatuBibliografia
aldatu- Cronica de Vizcaya, 1454.
- Istoria de las bienandanças e fortunas, 1476.
Ikus, gainera
aldatuKanpo Loturak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lope Gartzea Salazar |