El Pobaleko burdinola
El Pobaleko burdinola Muskizko El Pobal auzoan dagoen burdinola da. Salazartarrek XVI. mendean j eraiki zuten. Hurrengo urteetan, eraikina aldatu eta handitu egin zuten, ekoizpen-behar handiagoei aurre egiteko. XVIII. mendean bizi izan zuen burdinolak bere momenturik gorenena. Ordukoak dira aldaketarik nabarmenenak: presa, ubidea eta tunel hidraulikoa. 2004a geroztik Museo bilakatu da. 2004ko martxoaren 16an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.[1][2]
El Pobaleko burdinola | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Barbadun ibaiaren arroko industria paisaia | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Muskiz |
Koordenatuak | 43°17′48″N 3°07′33″W / 43.2968°N 3.1257°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVI. mendea - XVIII. mendea |
Arkitektura | |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0005162 |
64 | |
Kontaktua | |
Helbidea | Carretera Muskiz-Sopuerta. Barrio de El Pobal, s/n. |
E-posta | mailto:elpobal@bizkaia.eus |
Telefonoa | tel:+34 629-271516 |
Deskribapena
aldatuEl Pobaleko burdinola Barbadun ibaiaren bihurgune txiki batean dago, Muskizko udalerrian, Sopuertara doan errepidearen ondoan. Bizkaiko aurreindustriako multzorik adierazgarrienetako bat da, bere hormetan industria tradizionalaren sorrera, goreneko uneak eta gainbehera islatzen dira. XVI. mendeko aztarna bakarrak lantegiaren zimenduak, zerbitzuko atetila zorrotz txiki bat eta gaur egun lurperatuta dagoen galdaketa-labe erdi-zirkularra dira. XVII. mendearen amaieran eta XVIII. mendearen hasieran, goitik behera zaharberritu zuten burdinola. Garai horri dagokio, beraz, gaur egun kontserbatzen den higiezinaren zati handi baten eraikuntza-planteamendua: lantegia, aireztatze-aretoa, tunel hidraulikoa eta urandela. XIX. mendearen erdialdean, bestalde, siderurgia tradizionalak gainbehera egin zuen eta, horrenbestez, ahuldu egin zen El Pobaleko burdinola. Prozesu horren ondorioz, burdinolaren elementuetako asko eraldatu egin ziren; izatez, eraikina iparraldetik zabaldu zen, eta zati batean sutegi-tailer eta biltegi bihurtu zen.
Burdinola
aldatuBurdinola - sutegia, multzoaren elementu nagusia da, bere dimentsioengatik zein bere instalazioengatik. Gaur egun oinplano angelu zuzena du, baina bolumetrikoki bi atal ditu, eta atal horiek bi isurkiko estalkiak dituzte altuera desberdinetan.
Lehen atala
aldatuLehen atalak altuera txikiagoa du eta ezkerraldean dago. Burdinola dagoen lantegiari dagokio. XVIII. mendeko erdi-puntuko arku dobelatu batetik sartzen da bertara, sarreraren eskuinaldean XVI. mendeko atetila txiki bat dago. Barruan eta ezkerraldean, XVIII. mendeko mailua, ingudea eta galdaketarako labea daude, baita burdinola abian jartzen duen azpiegitura osoa ere: ardatz eragileak, energia transmititzeko gurpilak, mazoa, olaren mekanismoa eusten duten egiturak, XIX. mendearen erdialdeko burdinazko bi pistoi –sutegi-hauspo tradizionalak ordezkatu zituztenak–, ur-erorketa erregulatzeko gailuak eta abar. Mekanismo horiek guztiak itxierako hegoaldeko hormatik hurbil kokatzen dira. Horma honen bestaldean tunel hidraulikoa dago, eta horman erdi-puntuko bi arku eta bao txiki bat daude, multzoaren funtzionamenduaren hozte-sistema gisa. Areto horretan bertan, baina eskuinaldean, gela txiki bat dago, eta bertatik kontrolatzen zen lantegiaren produktibitatea eta bertan egiten zen kontabilitatea XVIII. mendean.
Bigarren atala
aldatuBigarren atalak altuera handiagoa du, eta bertako zorua burdinolako zorua baino zertxobait gorago dago. Pabilioi horrek trabeska mozten diren bi horma ditu, eta, horrela, lau areto sortzen dira barruan. Horma nagusia luzetarako suhesi bat da, eta estalkiaren gainetik kanpoaldera irteten da. Eraikina sutegirako, ikaztegirako eta biltegirako erabiltzen zen. Beren artean komunikaziorik ez duten oinplano koadroko bi areto eransten zaizkio burdinolaren atalari, eta bertara arrapala bidez heltzen da. Lehen aretoak sarrerako fatxadara jotzen du, zaharragoa da eta sutegia dago bertan. Bestalde, zurezko bi palankaren laguntzarekin eskuz eragiten diren larruzko bi hauspo, adreilu erregogorrez eraikitako sutegi nagusia –lau su dituena–, ingudeak eta erreminta osagarri ugari ere dago bertan. Zuzenean komunikatzen da burdinolarekin bi baoren bitartez: ate bat eta leiho bat. Areto honek oso aireztatuta egon behar zuenez gero, estalkiko oholak nolabaiteko irekigunea zuen. Gaur egun, burdinolarako sarreratik hurbil luzetarako leiho bat du, eta beste bat horma bitartekoan. Bigarren aretoa ikaztegia da, eta arrapala bidezko pasabide bakar batez lotzen da burdinolarekin. Ikaztegia erdi-soto gisa egin zuten, eta hiru bao ditu, hiruak hormatal berean. Bao horietatik barrena sartzen zuten ikaztegira ikatza. Altuera erdiko zurezko itxituren bidez banatuta dago, ikatza, egurra edo minerala biltegiratzeko erabiltzen ziren kutxen gisa. Beste bi aretoak amaitutako materialak biltegiratzeko erabiltzen ziren, eta XIX. mendean egin zen zabaltzearen emaitza dira. Gaur egun espazio horiek erakusketagune dira.
Dorrea
aldatuDorrea, hasiera batean olagizonaren etxearen jatorrizko gunea zen. Eraikinak eraldaketak izan ditu denborarekin, XVIII. mendean zabaldu egin zen eta bolumen handiko baserri bihurtu zen; estalki beraren pean etxebizitza, ukuiluak eta errota zeuden. XX. mendearen amaieran egin ziren azken berritze-lanetan bolumen handi hori desagertu zen. Gaur egun, oinplano koadroa eta bi altuera dituen eraikina da. Fatxada nagusiak erdi-puntuko arku bidezko sarrera bat eta gezileiho bat du, eta lehen oinean bao koadro bat du, Quadraren armarria ateburuan, sarreraren gainean, eta leiho-ate lau bat. Iparraldeko fatxadak bi gezileiho ditu behe-oinean, eta lehen oinean bi bao leihoburudun, bata txikia eta bestea leiho-ate gisa. Mendebaldeko fatxadak beste bi gezileiho ditu behe-oinean, eta lehen oinean karelik gabeko bao bat. Hegoaldeko fatxada, aldiz, guztiz itsua da. Eraikina harri-hormakoa da, eta harlanduzko bukaerak ditu bao nagusietan. Barrualdea guztiz aldatu da, eta ez du interesik, behe-oineko zurezko egitura izan ezik.
Errota
aldatuErrota, dorrearen atzealdeko angelu baten ondoan dago, ubidearen alboan, eta burdinolatik metro gutxira; burdinolarekin partekatzen du azpiegitura hidrauliko gehiena: presa eta ubidea. Gaur egun, harlangaitzez armatutako eraikin exentu txiki bat da, bi isurkiko estalkia du, eta bertarako sarrerak ateburua du. Bi harri, toberak, besoa eta abar dituen ehotze-bankua du. Bertara patio batetik sartzen da, eta patio hori aurreko baserrian integratuta zegoen espazio estali bat zen. Dorrearen hegoaldeko hormaren eta errotaren ekialdearen artean barruti angeluzuzen bat sortzen da, horma zaharrez mugatua eta estalkirik gabea, ukuiluak zeuden bertan. Aldeetako batean hiru barruti txiki daude, itxuraz bertan gordetzen ziren abereak.
Labeak
aldatuOgia egiteko bi labeak, duela gutxi berrituak. Adreiluzko laranja-erdiko ganga dute eta su trinko baten gainean daude, harlangaitzezko estalpe batean. Oinplano angeluzuzena dute, aldeetako bat irekia, eta bi isurkiko estalkia. Ukuiluaren eta dorrearen fatxada nagusiaren parean daude bi labeak.
Azpiegitura hidarulikoa
aldatuAzpiegitura hidraulikoa, burdinolak eta errotak partekatzen dute, hein handi batean, azpiegitura hidraulikoa. Ondoko elementuek osatzen dute:
- Grabitate-presa zuzena. Eskuinaldean harri naturalaz baliatzen da, eta, ezkerraldean, ubidearen errefortzuak eta abioak alboko estriboarena egiten dute. 40 metro ditu eta 4 metroko altuera hartzen du. Harlanduzkoa da, eta harlauzak ditu gailur moduan.
- Ubideak 300 metro ditu luzeran eta 1,5 eta 2 metro arteko zabalera. Lurrean hondeatuta dago eraikinen inguruetara heldu arte. Eskuinaldeak harlangaitzezko horma bat du indartzeko, eta horma horrek bi metroko altuera hartzen du azken tartean. Errotaren eraikina elementu honi eransten zaio, eta ura sartu eta erregulatzeko bidezko mekanismoak ditu.
- Urandelak 24 metro ditu luzeran eta 1,75 metro zabaleran. 1,65 metroko sakonera du. Urandelaren hondoak, gaur egun, harria eta, tarte batzuetan, zementua du. Hormak harlanduzkoak dira eta bi gainezkabide ditu: bata albokoa eta bestea aurrez aurrekoa.
- Tunelak kanoi-ganga beheratua du, eta burdinolaren motore-egituraren zati bat hartzen duen korridore estu bat definitzen du. Bi pare arku ditu ardatzak ezartzeko, eta beste bat aurrealdean hustubide gisa. Aurrealdeak horma bikoitzean egiten du aurrera eta ura ibaira bideratzen du.
- Zubia, Barbadun ibaia zeharkatu eta multzorako sarrera gisa erabiltzen zen. Hasiera batean bi arku zituen, eta orain bat besterik ez da mantentzen, bestea hormigoizko lauza batekin ordezkatu da. Zutoinak kalitate handiko hareharrizko harlanduzkoak dira arkuak hasten diren lekuraino, hortik gora kalitatea aldatu egiten da. Itxuraz goialde guztia beste garai batekoa da. Zubi-branka triangeluarra da eta ezproia oktogonala.
Irudi galeria
aldatuErreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- ↑ «El Pobaleko Burdinola Museoa - Bizkaia.eus» web.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-25).
- ↑ «EL POBAL BURDINOLA» Petronor (Noiz kontsultatua: 2020-07-25).
Kanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |