Limburg (Herbehereak)
Limburg edo Linburgo[1] (ⓘ) hegoaldeenen dagoen Herbehereetako probintzia da. 2005ean 1.131.938 biztanle zituen eta bere hiriburua Maastricht da.
Bere kokapena dela eta aldaketa handiak jasan izan ditu azkeneko hamarkadetan. Lehen probintzia periferikoena zen eta gaur egun Europar Batasunaren eraikuntzan izan duen papera dela eta oso gune garrantzitsua da.
Historia
aldatuLimburgen izena Limbourg izeneko gaztelutik dator, Vesdre ibaiaren magalean kokatuta Ardenatan, gaur egun Belgikako Liejako probintzian. Bertan zetzan Limburgeko dukerriaren boterea. Boterea hala ere ez zen oso sakona eta horregatik berehala banatu zen Brabanteko dukerria, Julicheko dukerria eta Liejako apezpikutzan, Limburgeko Dukatua oraindik ere bazelarik. Zatiketa honetatik jaiotzen dira gaur egun arte iraun duten hizkuntzaren banaketak.
Mendeetan zehar Europako botere handiek konkistatu duten eskualdea izan da, bere balio estrategikoa dela eta. Erromatarrek, Espainia, Prusia, Habsburgoen Austria eta Frantzia igaro dira Limburgetik bere boterea ezarriz.
1673an Luis XIV.a Frantziakoak pertsonalki garatu zuen Maastrichten setioa. Bertan Charles d'Artagnanek bere bizia galdu zuen eta horregatik Alexandre Dumasen (aita) pertsonaia bilakatu zen Hiru Musketariak liburuan. Laurogei Urteko Gerran bataila handiak izan ziren hemen eta bertan Espainiarrek irabazi zuten. Limburgiar gehienek espainiarren alde egin zuten, katolikoak baitziren.
Napoleonen garaian botere handiek eskualde berbatu zuten Herbehereetako Erresuma Batuaren baitan 1815an. Maastricht izeneko probintzia eratu zen. William I.a Limburgekoak, lehenengo erregea probintzia honetan, antzinako izena berreskuratu zuen.
Katoliko eta frankofonoak ziren belgikarrak kalbinistak ziren herbeheretarrengandik bereiztu zirenean 1830eko Belgikako Iraultzan, probintzia ia osoa erori zen Belgikaren esku. 1839an sinatutako Londoneko Tratatuan probintzia bitan zatitu eta ekialdea Herbehereen esku eta mendebaldea Belgikaren esku geratu ziren, gaur egun arte iraun duen zatiketa.
Itun horretan ere Belgikak Luxenburgo irabazi zuen eta Prusiari Limburg eman zitzaion Maastricht eta Venlo hiriak kenduta. 1839 eta 1866 artean Alemaniar Konfederazioaren esku egon zen lurraldearen zati handiena.
1906ra arte Dukerri hitza erabili zuen eta gaur egun ere berezitasun bat badu, beste probintziatan Erreginaren Mandataria dena Limburgen Gobernadorea da.
Bigarren Mundu Gerran Limburgen zibil askok galdu zuten bizitza eta herri eta hiri asko guztiz apurtu ziren. 8.500 amerikar militar inguruk galdu zuten bizi ere eskualde honetan eta bertan dago hilerri handi bat. Ysselsteynen 31.000 alemaniar soldadu hil ziren.
1991an Europar Batasunak (garai hartan Europar Komunitatea) bere bilera egin zuen Maastrichten. Bertan tratatu bat idatzi zuten, Europar Batasunaren sorrera ahalbidetu zuena.
Hizkuntzak
aldatuLimburgek bere hizkuntza propioa du, Limburgera (nederlanderaz: Limburgs). 1997tik aurrera hizkuntza ofiziala da probintzian eta horregatik babesa jasotzen du. Hala ere ez Herbehereek ez Belgika edo Alemaniak ez dute hizkuntza ofizialtzat. Limburgera 1,6 milioi pertsonek hitz egiten dute bai Herbeheretan bai Belgikako Limburgen. Alemanian ere hiztunak daude. Limburgeraren dialekto ugari daude eta ia-ia herri edo hiri bakoitzak bere hitz egiteko era du. Maas (Meuse) herian frantziar ikutua dute eta Aachen hirian (Alemania) alemaniar eragina. Hizkuntzak zeltiar sustraiak ere baditu.
XX. mendean herritar askok euren hizkuntza eskoletan irakasteko lana egin izan dute, nederlandera baita bertan irakasten den hizkuntza bakarra. Hala ere hau ez da gertatuko herrialdeak ofizialtasuna aitortzen dion arte. Hizkuntza honetaz gain guztiek hitz egiten dute nederlandera eta askok frantsesa eta alemana ere hitz egiten dute. Nederlandar gehienek bezala ohikoa da ingelesa herritar askok menperatzea.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. (2008-05-30). 154. araua: Europako eskualde historiko-politiko nagusiak. .