Anaerobio
Anaerobio izena oxigenorik gabe bizi eta gara daitezkeen izaki guztiei aplikatzen zaie, eta baita oxigeno barik garatzen diren prozesu biokimiko guztiei ere.
Bizidun anaerobio gehien-gehienak bakterio eta legamien artean besterik ez dira aurkitzen.
Anaerobioak izan ziren Lurrean agertu ziren lehenengo bizidunak, orain dela 3.000 milioi urte inguru. Lur planetako hasierako atmosferak ez zuen oxigenorik, eta giro hartan anaerobioak soilik bizi zitezkeen.
Bi anaerobio mota daude: anaerobio hertsiak eta anaerobio fakultatiboak. Lehenengoek intolerantzia osoa diote oxigenoari, oxigenoaren aurrean hiltzen baitira. Bigarrenak, berriz, gai dira oxigenoarekin ala oxigenorik gabe bizitzeko.
Bizidun anaerobioek bi metabolismo mota izan dezakete:
- hartzidura: oxigenorik gabeko prozesu honetan glukosaren oxidazioan agertzen den azken produktua molekula organikoa da.
- Arnasketa anaerobioa: glukosa oxidatzeko bide metaboliko honetan elektroien azken hartzailea ez da oxigenoa, molekula inorganiko bat baizik.