B taldearen bitaminak
B taldearen bitaminak bitamina-multzo batek osatzen du. Hasieran B bitamina bakarra zegoela uste arren, gero antzeko funtzioak eta ezaugarriak zituzten bitaminak zeudela egiaztatu zen. Talde honetan 8 bitamina daude, zenbaki desberdinekin izendatzen direnak.
Talde honetako bitamina guztiak hidrosolugarriak dira. Hori dela eta, ez dira gorputzean pilatzen.
B konplexua honako bitamina hauek osatzen dute:
- B1 bitamina, tiamina izenez ezagutua. Ugaria da zereal, arroz eta lekaleetan. Nerbio-bulkadetan funtsezko zeregina betetzen du. Haren gabeziak beriberi izeneko nerbio-gaitza eragiten du.
- B2 bitamina, erriboflabina izenez ezagutua. Ugaria da elikagai askotan, besteak beste legamietan, esnean, arrainetan, arrautzetan, esnekietan, etab. FAD eta FMN koentzimen osaketan parte hartzen du. Koentzima horiek eginkizun garrantzitsua burutzen dute hainbat bide metabolikotan: Krebs zikloan eta arnas katean, esaterako, baina baita lipidoen beta oxidazioan eta proteinen katabolismoan ere. Haren gabeziak anemia, ahoko ultzerak eta azaleko lehortasun eta ezkatatzea sortzen du.
- B3 bitamina, niazina edo PP bitamina izenez ezagutua. Ugaria da landare zein animali-janarietan: legamietan, onddoetan, frutan, lekaleetan, esnean, okelan eta gibelean. NAD eta NADP koentzimen aitzindaria da, beraz zeregin garrantzitsua betetzen du prozesu katabolikoetan. Haren gabeziak pelagra izeneko gaitza sortzen du.
- B5 bitamina, azido pantoteniko izenez ezagutua, A koentzimaren sorreran parte hartzen duena. A koentzima garrantzi handiko molekula da, hamaika prozesu metabolikotan parte hartzen duena. Bitamina honen gabeziak, beraz, ondorio kaltegarri anitz eragiten ditu.
- B6 bitamina, piridoxina izenekoa. Elikagai askotan dago, batez ere legamietan eta gibelean. Aminoazidoen metabolismoan parte hartzen du, amino taldeen transferentzietan. Haren gabeziak azaleko gaitzak, anemia eta nerbioetako arazoak sortzen ditu.
- B8 bitamina, biotina izenez ezagutua.
- B9 bitamina, azido foliko izenekoa. Ugaria da espinaketan, frutan, azenarioetan, gibelean, okelan eta arrainetan. Funtsezkoa da nerbio-sistemaren funtzionamendu zuzenerako, eta parte hartzen du eritropoiesian.
- B12 bitamina, kobalamina izenez ezagutua. Ugaria da arrautzetan eta gibelean, eta esnekietan, okelan eta arrainetan. Hazkuntza-prozesuetan parte hartzen du eta baita eritrozitoen sorrera-prozesuan (eritropoiesian) ere. Haren gabeziak anemia kaltegarri izeneko gaixotasuna sortzen du, globulu gorrien eraketan akatsak eragiten dituena.