Basidiomycota

Fungi erreinuko zenbait onddoz esaten da. Ugalketa sexualerako esporak basidio deritzen egituretan eratzen dira, eta basidioak basidiokarpo izeneko fruitu-gorputz handitan. Ugalketa asexuala ere badute.

Basidiomycota filumak, Ascomycota filumarekin batera, Dikarya azpierreinua osatzen du. Azpierreinu honetan "goi onddo" deitu izan direnak bildu dira. Talde honen baitan perretxikoak, astaputzak, poliporoak, boletoak, kantareloak, lizunak, legamiak eta beste hainbat onddo-mota daude. Funtsean, basidiomikotoak hifez osaturiko onddo harizpidunak dira (legamiak salbu), eta modu sexualean ugaltzen dira, borra formako muturra daukaten zelula espezializatuak, basidio izenekoak, eratuz. Basidioek meiosian espezializatutako kanpo-esporak, basidiospora deritzenak, ekoizten dituzte. Normalean lau basidiospora sortzen dituzte. Haatik, zenbait kasutan basidiomikotoak modu asexualean ugaltzen dira. Azken hauek filum honetan sailkatuak izateko hainbat arrazoi daude, hala nola egitura anatomiko berezien eraketa edo zelula-hormaren osagaien antzekotasuna, baina gaur egun irizpide nagusia ADN sekuentziatzeen bidez egindako analisi molekular filogenetikoak dira.

Basidiomycota
Ernst Haeckel-en Kunstformen der Natur liburuko basidiomizeto irudia
Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
Dibisioa Basidiomycota
R.T. Moore, 1980[1]
Azpifilumak/Klaseak

Sailkapena

aldatu

67 mikologoz osaturiko koalizio batek azken uneko sailkapen bat proposatu zuen 2007an[2]. Basidiomycota barruan 3 azpifilum onartu ziren (Pucciniomycotina, Ustilaginomycotina eta Agaricomycotina) eta klase mailako beste 2 taxon (Wallemiomycetes eta Entorrhizomycetes) hortik kanpo. Sailkapen berri honek aurretik existitzen ziren talde taxonomikoak berrantolatzea suposatu zuen.

Lehen basidiomikotoen taldea bi klasetan banatzen zen, Homobasidiomycetes klasea (perretxikoak barne hartzen zituena), eta Heterobasidiomycetes klasea (onddo gelatinakarak, herdoil-onddoak, lizunak). Hori baino lehenago, Basidiomycota osoari Basidiomycetes deitzen zitzaion, 1959an Ascomycetes-en pareko gisa sortu zen klase-izen orain baliogabea. Oraindik ere hainbatek basidiomizete eta askomizete terminoak erabiltzen dituzte Basidiomycota eta Ascomycota taldeez hitz egiteko.

Agaricomycotina taldean lehengo hainbat talde bildu dira: Hymenomycetes taldea (himenioa eratzen duten basidiomikotoak barne hartzen zituen klase zahar bat), Gasteromycetes taldea (himenioa eratzen ez duten eta esporak fruitu-gorputzetan eratzen dituzten espezieak barne hartzen zituen beste klase zaharkitu bat), eta onddo gelatinakara gehienak.

Ustilaginomycotina taldean lehengo ilinti gehienak eta Exobasidiales taldekoak sartu dira.

Pucciniomycotina taldean honako hauek daude: herdoil-onddoak, intsektuen bizkarroi edo sinbionte diren Septobasidium taldekoak, lizunen multzoko talde zahar bat (Microbotryomycetes-en barrukoak), eta bakanak, bitxiak edo gutxitan aurkitzen diren beste onddo batzuk, gehienak landareen bizkarroiak.

Bi klase, Wallemiomycetes eta Entorrhizomycetes, ezin izan dira azpifilum batean sailkatu.

Erreferentziak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Basidiomycota  
  1. Moore, R.T. (1980) "Taxonomic proposals for the classification of marine yeasts and other yeast-like fungi including the smuts" Bot. Mar. 23, 371
  2. Hibbett, D.S., et al. (2007ko martxoa) "A higher level phylogenetic classification of the Fungi" Mycol. Res. 111 5:(509-547) doi=doi:10.1016/j.mycres.2007.03.004