Kixki ta Mixki ta Kaxkamelon

Kixki ta Mixki ta Kaxkamelon euskaraz aritzeko sortu zen lehenengo pailazo taldea da. 1972ko martxoaren 25ean egin zuten lehen emanaldia Donostiako Parte Zaharreko Kresala elkartean. Gaur egun Txirri, Mirri eta Txiribiton izenarekin ezagutarazten dira.

Sorrera (1972-1977) aldatu

Xabier Otaegi, Jose Ignazio Ansorena eta Andoni Ezeiza Donostiako Parte Zaharreko Kresala elkartean euskara sustatzeko lanetan hasi ziren 1970eko hamarkada hasieran. Jolasak, lehiaketak, antzerkia, txokolatadak... antolatzen zituzten. Behin ordea, 1972an, umeentzat euskarazko ikuskizunik ez zegoela ikusi, eta hutsune hori betetzeko asmoz, pailazo taldea sortu zuten: Kixki, Mixki eta Kaxkamelon.[1]

'Kixki, Mixki eta Kaxkamelon'.

Pailazoak sortzerako garaian, eskema klasikoa erabili zuten: pailazo azkarra (Kixki), lehenengo inozo eta bihurria (Mixki) eta bigarren inozo eta lasaia (Kaxkamelon). Izenak asmatzeko berriz, Donostian haurrek zozketa egiteko erabiltzen zuten abesti batean oinarritu ziren:

Xabier Otaegik egiten zuen Kixkiren pertsonaia, Jose Ignazio Ansorenak Mixkirena eta Andoni Ezeizak Kaxkamelonena. Beraien lehenengo emanaldia 1972ko martxoaren 25ean eman zuten Donostiako Kresala elkartean, 18-19 urte zituztela.

Pako Etxebeste apaizgaiaren laguntzaz hasi ziren haurrak gozarazteko, pailazo lanetan. Pakok lehendik pailazo lanak egiten zituen, gaztelaniaz eta asko lagundu zien hasieran. Gidoi batzuk eman eta ideia ere eskaini zizkien.

1974ko urtarrilean Xabier Otaegi soldaduskara joan zen Afrikako Ceutara eta urtebetez, Pako Etxebestek bete zuen Kixkiren papera. Aurrerago, Xabier bueltatutakoan ere, noizean behin egin izan zituen Mixki eta Kaxkamelonen pertsonaiak laguntza behar zutenean. Xabier 1975eko martxoan itzuli zen soldaduskatik eta gogor segitu zuten berriro lanean. Geroz eta emankizun gehiagotarako deitzen zieten eta urte horretan 30 saio eskaini zituzten Euskal Herri osoan barrena.

1975ean, Herri Gogoa disketxearekin beraien lehenengo diskoa grabatu zuten: Kixki, Mixki ta Kaxkamelon. Argitaratu ordea, aurrerago, 1976an egin zen. Diskoak arrakasta izugarria izan zuen eta orduan egin zuten famatu hain ezaguna den Pintto-pintto abestia.

Urtetik urtera hobetzen (1977-1981) aldatu

1977tik 1981era bitarteko martxa antzekoa izan zen. Urtean behin ikuskizuna berritzen zuten, Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztu eta gero herriz herri zabaltzen zuten. Garai honetan, beste pailazoen esketxak imitatzeari utzi eta beraien gidoi propioak asmatzen hasi ziren. Saioak ere ugarituz joaten ziren urtetik urtera.

1982an hamar urte bete zituen pailazo taldeak eta ospatzeko saio berezia eskaini zuten apirilaren 4ean Donostiako Antzoki Zaharrean. Gainera, urte berean, bigarren diskoa kaleratu zuten Trikitraka Trikitron.

Taldearen krisia eta amaiera (1981-1984) aldatu

Hurrengo urteetan Xabier Otaegik eta Jose Ignazio Ansorenak Andoni Ezeizarekin zuten harremana hozten joan zen eta 1984ko urtarrilaren 20an beraien azkeneko saioa eman zuten Donostiako Antzoki Zaharrean. Aurerrago, beraen arteko erlazioa okertzen joan eta haserretu egin ziren. Ekainaren 6ko iluntzean, Xabier eta Jose Ignaziok Andoniri esan zioten ez zutela berarekin taldean jarraitu nahi eta honek uztea erabaki zuen.

Kixki, Mixki eta Kaxkamelonek 13 urte eman zituzten Euskal Herri osoan barrena beraien saioak eskaintzen. Lehenengo urte horietan guztietan zentimorik ere kobratu gabe ibili ziren. Saioetako gastuen dirua bakarrik eskatzen zuten, beraientzat irabazirik lortu gabe.

Ikusi aldatu

Kanpo estekak aldatu

  1. «Jose Ignazio Ansorena, 'Mirri'ri elkarrizketa» Euskonews.