Kate ortosinpatiko

Kate ortosinpatikoa» orritik birbideratua)

Enbor sinpatikoa edo ganglionario-kate laterobertebrala bizkarrezurraren ezkerraldean eta eskuinaldean dagoen ganglio-katea da, garezurraren oinarritik uzkurnoraino doana [1]. Segmentu desberdinak ditu: zerbikala, torazikoa, lunbarra, sakroa eta uzkurnokoa.

Kate ortosinpatiko
Xehetasunak
Honen parteNerbio-sistema sinpatikoa
Identifikadoreak
Latineztruncus sympathicus
TAA14.3.01.002
FMA6258
Terminologia anatomikoa

Sarrera aldatu

Kate ortosinpatikoa sistema begetatiboaren (autonomo, biszeromotorearen) barruan kokatzen da. Sistema honen banaketa ezagutzea ezinbestekoa da kate edo enbor honen fisiologia hobeto ulertzeko.

Sistema honen funtzio nagusia arnas, digestio, gernu, ernal eta sistema kardiobaskularraren organoen funtzio inboluntarioa erregulatzea da. Kontuan hartu behar da,  organo horiek homeostasiaren eragile nagusiak direla, hau da, barne-ingurunearen ezaugarriak egonkor mantentzen dituzte.

Nerbio-sistema autonomoa bi zati nagusitan banatzen da: alde batetik, nerbio sistema sinpatikoa eta, bestetik, parasinpatikoa. Hauen funtzioak guztiz kontrakoak dira: sinpatikoak bihotz maiztasuna handitzen du, basokonstrikzioa eragiten du…; parasinpatikoak, aldiz, basodilatazioa eragiten du, maiztasuna jaisten du… Gainera, egoera desberdinetan aktibatzen dira: sinpatikoa estres egoeretan eta, parasinpatikoa, aldiz, egoera lasaiagoetan (digestioan, adibidez).

Sistema sinpatiko horren parte da kate ortosinpatikoa edo sinpatiko enborra.

Jatorri enbriologikoa aldatu

Garapenaren 5. astean eremu torazikoan dauden gandor neuraletatik garatzen diren zelula batzuk orno- muinaren aldeetara migratuko dute, eta aorta dortsalaren atzeko partean geldituko dira, ornomuinaren alboetan. Zelula hauek orno- muinaren edo bizkarrezurraren bi aldeetan gongoil sinpatikoen katea eratuko dute.

Kate ortosinpatikoaren orokortasunak aldatu

Definizioa: enbor sinpatikoz (kate sinpatikoa, kordoi ganglionarra), nerbio-zuntzez eta gongoilez osatutako kate luze bat da eta nerbio-sistema sinpatikoaren osagai garrantzitsua da[1].

Kokapena: bizkarrezurraren (eta orno gorputzen) bi aldeetan kokatzen da, beraz, bilaterala da. Hau da, eskuin zein ezkerrean agertzen da.

Ibilbidea: garezurraren oinarrian hasten eta uzkurnoraino doa. Beraz, bost zatitan banatzen da: iduneko zatia, torazikoa, gerrikoa, errainekoa eta uzkurnokoa.

Pasabideak: kate ortosinpatikoa bizkarrezur osoan kokatzen denez, hainbat egituretan pasabideak izango ditu, eremu batetik bestera pasatzeko.Hau da, toraxetik idunera, edo toraxetik abdomenera pasatzeko hainbat pasabide izango ditu, baina hiru dira nagusi [2]:

  • Toraxaren goiko irekigunea
  • Diafragmaren erdialdeko arku itxurako lotailuaren atzetik.
  • Ilion odol-hodi komunen atzetik eta hezur sakroaren aurretik                                  

Funtzioa: Sinpatiko enborrera T1-L2 bizkar mailetatik datozen gongoil aurreko zuntzak iristen dira eta kate honi esker, bi funtzio betetzen dira orokorrean

  • Gongoil osteko zuntz bilakatzea: Hau ez da beti gertatzen; hala ere, kate honetan dauden gongoiletan zuntz askoren 2. neurona dago.  
  • Bertatik sortzen diren zuntzak T1 mailara igotzea edo L2-raino jeistea ahalbidetzen du. Horrela, dagokien organoetara iritsi ahal izango dira.

Komunikazioa bizkarmuinarekin aldatu

Kate honen gongoilak eta bizkarrezur muinetik ateratzen diran nerbio espinalak haien artean konektatuta daude.

Bizkarmuinaren osaketa aldatu

Bizkarmuinaren osaerari dagokionez[3], T1-L2 mailan dagoen bizkar muinaren atal grisean hiru adar daude:

  • Atzeko adarra: zuntz motoreak ateratzen dira bertatik.  
  • Aurreko adarra: zuntz aferenteak ailegatzen dira bertara.
  • Alboko adarra (gure interesekoa): bertan sinpatikoaren lehenengo neurona kokatzen da eta bertatik gongoil aurreko zuntzak sortzen dira (neuronaren axoiak). Atal hau soilik T1-L2 mailan dago.

Adar komunikatzaileak aldatu

Enbor sinpatikoa bizkarrezur-muinarekin (bertatik ateratzen diren nerbio espinalekin) adar komunikatzaileen bidez konektatzen da: zuria eta grisa.

Adar komunikatzaile zuriak bizkarrezur-muinetik datozen sistema sinpatikoko gongoil aurreko zuntzak (gongoil aurreko neuronen axoiak) eramaten ditu bizkar nerbioetatik katearen gongoiletara. Axoi horiek estaltzen dituen mielinazko zorroak itxura zurixka ematen die, enborraren lotura horri izena ematen diona.

Adar komunikatzaile grisak gongoil aurreko zuntzak bertan dagoen bigarren neuronarekin sinapsia egitean sortzen diren gongoil osteko zuntzak (sistema sinpatikoko neurona postganglionarren axoiak) eramaten ditu bakoitzari dagokion organoan dituzten lotura neuroefektoreetara bideratzeko. Mielinarik ez dago.

Gongoil aurreko zuntzek hartzen dituzten bideak aldatu

Zuntz sinpatikoek (gongoil aurreko zuntzak) hiru bide desberdin har ditzakete[2]:

  1. Sinapsia egin bere maila berdinean dauden sinpatiko enborraren gongoiletako neurona sinpatikoekin.
  2. Gorantz edo beherantz jo dezakete katean zehar, eta sinapsia egin bere mailan ez dauden gongoiletan (ikusiko dugu hau zenbait bihotz nerbioetan). *Bi aukera hauetan sinapsia egiten denez gongoil osteko zuntzak aterako dira katetik.
  3. Kate sinpatikoaren barruan distantzia aldakorrak egin ditzakete, eta sinapsirik egin gabe,  bertatik atera. Orokorrean hauek abdomenaren erdiguneko gongoiletara abiatzen dira bertako neuronekin sinapsia egiteko. Gongoil horiek bakoitiak dira: gongoil zeliakoa, goiko eta beheko gongoil mesenterikoak...

Kate ortosinpatikoaren zatiak aldatu

KATE ORTOSINPATIKO ZERBIKALA aldatu

Kate ortosinpatiko zerbikala gongoil multzo batek osatutako kate bat da, kalibre irregularrekoa eta pixka bat laua, bizkarrezur zerbikalaren ezkerrean eta eskuinean kokatzen dena. Toraxeko paretaren sarreratik garezurraren oinarrira hedatzen da[4].

Lepoan kokatzen da, barneko eta sabeleko karotida arteriaren zorroaren atzetik, orno zerbikalen zeharkako apofisietara eta iduneko muskulu zuzen nagusiaren aurretik. Buruaren, lepoaren eta goiko gorputz-adarraren inerbazio sinpatikoaz arduratzen da.

Zehazki 4 gongoilez dago osatuta eta pertsona jakin batzuetan 3. Honakoak dira gongoil horiek[5]: iduneko goiko gongoila, iduneko erdiko gongoila,  orno gongoila eta idun-toraxetako gongoila. Kate hau hezur muineko lehenengo eta bigarren segmentu dortsaletatik ateratzen da. Honen jatorrizko zuntzak gongoil aurrekoak dira eta ondoren, aipatutako gongoiletan sinapsia egin ondoren, gongoil osteko zuntzak aterako dira dagozkien egiturak inerbatzeko.

Gongoil hauetara ez dira bakarrik ildunean sortutako zuntzak abiatzen, toraxiko batzuek ere bai. Torax mailatik irtetzen diren gongoil aurreko zuntzak aurreko errotik igaro eta bizkar nerbiora iritsiko dira eta bertan torax mailako gongoil sinpatikoetara iristen dira adar komunikatzaile zuria erabiliz. Hauetako batzuk bertan sinapsia egingo duten arren, beste batzuk ez dute sinapsirik burutuko. Azken hauek aipatutako idun gongoiletara bideratuko dira. Gongoil horietan sinapsia gertatuko da, bertan egongo baita bigarren neurona. Sinapsi horren ostean, gongoil osteko zuntzak abiatuko dira aipatutako egiturak inerbatzera.

Iduneko goiko gongoila aldatu

Kate honetako gongoil luzeena da eta C1 eta C3 ornoen artean dago kokatuta. Hona gongoil aurreko zuntzak iristean, sinapsia egin ondoren lehenengo lau nerbio zerbikalentzako gongoil osteko zuntzak aterako dira (C1-C4). Hauek idun plexuaren inerbaziora zabaltzen dira. Plexu horrek larruazala sinpatikoki inerbatzeaz gain (odol-hodiak, muskuluak…), lepoko muskulu sakonak ere inerbatzen ditu sinpatikoki.

Gainera, iduneko goiko gongoilak sinu karotideorako eta korpuskulurako adar bat ematen du hauen inerbazio sinpatikorako: ilduneko goiko bihotz nerbioa. Gainera, listu-gongoiletarantz bideratzen da. Masailezur azpiko gongoilera bideratzen da nerbio glosofaringeoaren bidez eta egitura horiek inerbatzen ditu.

Barne karotidarekin elkartzen den nerbio bat ere sortzen du. Barneko nerbio karotideo hau burezurrerantz igotzen da eta bertako hainbat egitura inerbatzen ditu. Gainera, goiko tiroide-arteriaren luzeran zehar plexu bat sortzen du inerbazio sinpatikoa tiroide gongoiletara bideratzeko.

Amaitzeko, goiko idun gongoil hau azken lau bikote kranealekin komunikatuta dago.

ilduneko erdiko gongoila aldatu

Gongoil hau karotida komunaren eta lepoko muskulu luzearen artean kokatzen da, beheko tiroide arteriaren arkuaren gainean. Seigarren orno zerbikalaren aurrekaldean kokatzen da zehazki, C6 mailan beraz.

Iduneko erdiko gongoilak laugarrenetik seigarrenera bitarteko nerbio zerbikalentzako gongoil osteko zuntzak emango ditu (C4-C6). Gainera, bihotz plexua osatuko duen adar bat ere emango du: iduneko erdiko bihotz-nerbio sinpatikoa. Amaitzeko, beheko tiroide arteriaren luzeran doan adar bat ere ematen du. Honek inerbazio sinpatikoa tiroide gongoilera bideratzen lagunduko du.

Orno gongoila aldatu

Gongoil honen izena, lepauztai azpiko arteriaren adarra den, orno arteriarekin duen komunikazioaren ondorio da.Honek emango dituen gongoil osteko zuntzek C6 inerbatzen lagunduko dute. Hau plexu brakialaren parte denez, gongoil honek plexu brakialaren inerbazioan parte hartzen duela esan daiteke.

Horrez gain, orno arteriaren luzeran zehar sortzen den plexu bat dago: orno plexua. Orno gongoilak plexu honetara bideratutako adarrak ematen ditu baina ez du plexu hau osatzen. Bestalde, gongoil honetatik eratorritako egiturarik garrantzitsuena lepauztai azpiko euskarria da. Iduneko erdiko gongoila ez bezala, beheko tiroide arteriaren arkuaren behekaldean kokatzen da, orno arteriaren aurrean eta C7 mailan.

Hainbatetan aipatutako azken bi gongoilak, iduneko erdiko gongoila eta orno gongoila, bateratuta daude. Baina normalean banatuta mantentzen dira, bi zuntz-lokarriz lotuta.

ildun beheko gongoila (izar itxurako gongoila) aldatu

Hau beheko idun gongoilaren eta lehenengo gongoil dortsalaren batura da eta hainbat adar ematen ditu.

  • Alde batetik, C7, C8 eta lehenengo dortsalarentzako gongoil osteko zuntzak ematen ditu. Beraz, gongoil hau izango da plexu brakialaren inerbazio nagusia osatuko duen egitura.
  • Bestetik, orno-plexua eta ondorengo orno-nerbioa osatuko ditu. Aipatu bezala, orno gongoilak plexu honetara bideratutako adarrak ematen ditu baina hau osatzen duen gongoila idun-toraxetakoa izango da.

Amaitzeko, gongoil honek ere emango ditu bihotz plexua osatuko duten adar batzuk: iduneko beheko bihotz-nerbio sinpatikoak.

Lehenengo saihetsaren lepoaren aurretik eta orno-arteriaren eta lepauztai azpiko arteriaren lehenengo zatiaren atzealdetik bideratzen da.

           

KATE ORTOSINPATIKO TORAZIKOA aldatu

Kate ortosinpatiko torazikoa, bizkarrezur dortsalaren eskuinean eta ezkerrean kokatzen den enbor sinpatikoaren atala da, goiko gorputz adarren, barrunbe torazikoko erraien eta barrunbe abdominalaren organoen inerbazio sinpatikoaz arduratzen dena.

Ibilbideari begira, enbor sinpatikoaren zatia da, toraxeko hormaren sarreratik diafragma-muskuluaren zutabeetara hedatzen dena. Faszia endotorazikoak eta pleura parietalak estali egiten dituzte.

Osaerari dagokionez, haien artean elkartutako gongoilez osatuta dago[6]. Saihets-buruen aurrean kokatzen dira eta zonalde kaudal eta kranealeneetan orno-gorputzetatik hurbilago kokatzen dira. Kate sinpatiko torazikoa 10-12  gongoileko kate bikoitia da zeintzuk bizkarrezurraren ezkerraldean eta eskuinaldean kokatzen diren. 10 edo 12 goingoil izatea lehenak azken zerbikalarekin (gongoil izartua) eta azkenak lehenengo abdominalarekin egiten dituen fusioen araberakoa izango da. Haren jarraipena gerriko kate ortosinpatikoa izango da, diafragmaren erdialdeko lotailu arkeatuaren atzetik igaro ostean. Gongoilak txikiak dira, handienak lehengoa eta azkenengoa izanik.

Harremanak aldatu

  • Alde medialean: gongoilak bizkarrezurraren ornoarteko diskoen mailan kokatzen dira.
  • Alde lateralean: espazio interkostalak, arteria eta zain interkostalak.

Anatomia funtzionala aldatu

  • Adar komunikatzaile interkostalak: zuntz begetatiboak nerbio interkostalei ematen dizkie, funtzio basomotoreak, pilomotoreak eta izerditsuak ziurtatuz.
  • Sorta baskularrak: Goiko aldean goraka doazen zuntzak ematen ditu.
  • Erraietako adarretatik:
    • Plexu zeliakoari gongoil aurreko zuntzak ematen dizkio.
    • Giltzurrun gaineko guruinari gongoil aurreko zuntzak diafragmaren erdialdeko lotailu arkeatuaren atzetik.

Loturak aldatu

Toraxeko kateko gongoil bakoitzak bere toraxeko nerbio errakideotik datorren gongoil aurreko adar zuri bat jasotzen du, zeinak hezur muinetik datozen sistema sinpatikoko gongoil aurreko neuronen axoiak bideratzen ditu. Gongoiletik adar komunikatzaile grisa sortzen da, eta honek sistema sinpatikoko gongoil osteko neuronen axoiak inerbatuko duen organora bideratuko ditu. Modu honetan adar komunikatzaile grisak nerbio errakideo torazikoei emango dizkie.

Kontuan hartu behar da, toraxeko nerbio errakideo bakoitzak bi sorta komunikatzaile baino gehiago jaso ditzakeela eskualde honetan. Adar komunikatzaile zuriek nerbio errakideo torazikoarekin bat egiten dute, grisak baino posizio urrunago batean. Batzuetan, adar zuri bat eta gris bat elkartu egin daitezke, modu honetan komunikatzaile mistoa osatuz.

Nerbioak aldatu

Kateko gongoiletatik sorta peribaskularrak sortzen dira, zeintzuk, plexu peribaskular aortotorazikoa osatuko duten.

Gongoiletatik nerbio esplaknikoak sortzen dira, hauen artean:

  • Birika-bihotzetako nerbio esplaknikoak: barrunbe torazikoko erraiak inerbatzen dituzten plexu terminalak osatzen dituzte; bihotzekoa, hestegorrikoa, biriketakoa…. Bihotz maiztasuna handitzea eta bronkodilatazioa eragiten dute besteak beste.
  • Beheko nerbio esplakniko toraxikoak: hauek nerbio esplakniko nagusia (T5-T9), txikia (T10-T11) eta txikiena dira (T12).  Orokorrean, plexu solarreko gongoiletan egingo dute sinapsia barrunbe abdominaleko organoak inerbatuko dituzten plexu terminalak sortuko dituzte; plexu zeliakoa, plexu intermesenterikoa eta giltzurrun plexua. Modu horretan inerbatuko dituzten organo aipagarrienak: ureterren goiko aldea, hestea, gibela, urdaila eta hestegorria (azken hirurak soilik n. esplakniko nagusi bidez), giltzurrunak… Gainera, azpil barrunbean obulutegi eta gizonezkoen zeinbait ernalkinen inerbazioa ere egiten dute.

GERRIKO KATE ORTOSINPATIKO (Lunbarra) aldatu

Enbor sinpatiko lunbarra edo kate sinpatiko lunbarra (alboko gongoil katea ere deitua), bizkarrezurraren zati  lunbarraren ezker eta eskuin aldean dagoen enbor sinpatikoaren zatia da. Ikusten denez, katea, lehenik, alboetan jartzen da, eta, azkenik, orno lunbarretako gorputzen aurrean jartzen da[6].

Ibilbidea aldatu

Diafragmaren zutabeen altueran sortu eta errain-gerriko giltzaduran amaitzen da.

Harremanak aldatu

Esan ohi da peritoneo atzeko espazio birtual batean kokatzen dela. Honek hainbat erlazio ditu:

  • Psoas muskuluarekin erlazioa: gihar honek bereizten edo banatzen du kate sinpatikoa orno lunbarretako zeharkako (saihets) apofisitik eta nerbio errakideo lunbarretatik.
  • Peritoneo atzeko odol-hodiak eta organoak: bere aurretik kokatzen dira. Aurre-eskuinean beheko kaba zaina, aurre-ezkerrean aorta abdominala, goitik giltzurrun erroa eta behetik ilion dol-hodiekin erlazionatzen da.
  • Orno lunbarretako zeharkako apofisien eta gongoilen arteko distantzia 4-5 cm-koa da eta nahiko konstantea da.

Gongoilak aldatu

4-5 gongoil lunbarrez osatuta, 3-5 mm-ko zabalera eta 10-15 mm-ko luzera dutenak, forma fusiformekoak izan ohi direnak. Baina metameria ez da oso argia egia esan, normalean ganglioak fusionatzen direlako.

Nerbioak aldatu

Kate honetatik gerriko nerbio esplaknikoak ateratzen dira. Nerbio esplakniko lunbarrak lau-hiru nerbio esplakniko abdominopelbikoak dira eta bi motatako zuntzak dituzte:

  • Zuntz eferenteak (gongoil aurreko zuntzak, L1-L2 bizkar mailetik sortzen direnak):  Hauek gongoil preaortikoetan egingo dute sinapsia gongoil osteko zuntzak eratuz (mesenterio arteko plexuko beheko mesenterio gongoilarekin batez ere eta batzuetan embor zeliako edo goiko hipogastrio plexuaren gongoiletan), modu honetan abdomenaren hainbat organoen inerbazioa egingo dute.
  • Zuntz aferenteak (sentikorrak): erraietako sentipena jasotzen dute.


Nerbio bakoitzak bere berezitasunak ditu eta ibilbide desberdina burutzen du:

  • Lehenengo nerbio esplaknikoa: nerbio hau L1 maileko gongoil sinpatikotik sortu egiten da.
  • Bigarren nerbio esplaknikoa:  L2 gongoil sinpatikotik sortu egiten da. 

Bi nerbio hauen gongoil aurreko zuntzak (eferenteak) gongoil desberdinetara doaz, adibide ohikoenak:

  1. Mesenterio arteko plexura abiatzen da bertan sinapsia egiteko (beheko mesenterio gongoiletara). Bertatik ateratzen diren gongoil osteko zuntzak maskuri, uretra, ureter, beste azpileko erraien edota hesteen inerbazioa (nerbio sistema enterikoara ailegatuz) egingo dute.
  2. Giltzurrun gongoilera: giltzurruna inerbatzeko,
  3. Enbor zeliakoko gongoilak: batez ere heste lodia eta heste mehea inerbatu.
  4. Beheko mesenterio plexuko gongoilak: gizon eta emakumeen barneko zenbait ernalkin inerbatzeko.

Banaketa hau nahiko orokorra da, hau da, egia esan errai gehienetara hel daiteke eta ibilbide desberdinak egin.

  • Hirugarren eta laugarren nerbio esplaknikoak: L3 gongoiletik sortu (4.-etik ere egotekotan). Hauek batez ere, mesenterio arteko plexura, beheko hipogastrio plexura eta uzkiko plexura abiatuko dira. Eta hesteen inerbazioan ere parte hartuko dute.

ERRAINEKO KATE ORTOSINPATIKOA aldatu

 
Hildakoan erraineko kate ortosinpatikoa.

Erraineko kate ortosinpatikoa hezur sakroaren aurreko aurpegira lotuta jaisten den enbor sinpatikoaren atala da, ondestearen atzetik eta zulo sakroen aurretik igarotzen dena.  Errainetako kate ortosinpatikoa beheko gorputz adarren inerbazio sinpatikoaz arduratzen da batez ere, baina baita pelbiseko inerbazio sinpatikoaz ere[7].

Zehazki, 4 edo 5 gongoilez osatutako kate bat da giltzadura lunbosakrotik uzkurnoaren oinarrira hedatzen dena, non kateak batzen diren eta gongoil bakoitia edo Walterren gongoila sortzen duten. Erraineko gongoilak erraineko ornoen mailan daude. Erraineko kate ortosinpatikoa gerriko kate ortosinpatikoaren jarraipena da.

Harremanak aldatu

  • Atzetik: sakroaren aurreko aurpegiarekin eta muskulu piramidalaren lotuneekin.
  • Aurreko zulo sakroen alde medialetik dago eta alde medialean erdiko arteria sakrarekin dago harremanetan.
  • Aurretik: ondestearekin.
  • Albotik: plexu sakroaren erroekin eta alboko arteria sakroarekin.

Adarrak aldatu

  • Adar komunikatzaile grisak ditu nerbio espinal sakroekin eta uzkurnokoekin, baina ez ditu adar komunikatzaile txuriak.
  • Adar oseoak, muskularrak edo baskularrak ematen ditu, hurbileko organoetara doazenak.
  • Errai adarrak ematen ditu, zeinaren zuntzak beheko hipogastrio plexutik pasatzen diren pelbiseko (errain hezur aldeko) nerbio esplaknikoen bidez.

Anatomia funtzionala aldatu

  • Erraineko kate ortosinpatikoak plexu sakroan sortutako nerbio ziatikoaren zuntzak jarraitzen ditu, eta plexu sakroko nerbioen inerbazio sinpatikoaz arduratzen diren gongoil osteko zuntzak emateaz arduratzen da eta beheko gorputz adarren inerbazio sinpatikoaz arduratzen da gerriko kate ortosinpatikoarekin batera. Inerbatzen dituzten egitura batzuk: ureterren beheko aldea edo maskuria adibidez. Zuntz sinpatiko hauek basomotoreak, izerdi-guruinak aktibatzen dituen zuntzak, etab dira.

Bestalde, aipatzekoa da erraineko kate ortosinpatikoa ez dela diana terapeutiko bezala erabiltzen. Izan ere, kate hau anestesiatzeko gerriko katearen blokeo anestesikoa egin beharko litzateke. Hau ulertzeko, lehen aipatu bezala, garrantzitsua da jakitea beheko gorputza adarraren inerbazio sinpatikoaz gerriko kate ortosinpatikoa eta erraineko kate ortosinpatikoa arduratzen direla, ez batek soilik. Horregatik, gerriko katea anestesiatzean errainekoa ere anestesiatzen da.

UZKORNOKO KATE ORTOSINPATIKOA aldatu

Uzkurnoko kate ortosinpatikoa gongoil bakar batez osatua dago (horregatik, gongoil bakoitia deitzen zaio), Walterren gongoila bezala ezagutzen dena [8] eta uzkurno-sakroetako lotunean dagoena. Enbor sinpatikoaren alde kaudalenean kokatzen da eta bi kate ortosinpatiko sakroen batura adierazten du, baina aditu batzuen arabera hau ez da horrela gertatzen. Gongoil hau perineoaren, ondestearen zati distalaren, uzkiaren, bukaerazko uretraren, bulbaren eta baginaren heren distalaren inerbazioaren parte da. Bestalde, bere tamaina eta forma aldakorrak dira, itxura obala du gehienetan, baina U itxura ere izan dezake.

Walterren gongoila peritoneo kanpokoa da, atzekoa, zehazki eta pelbisaren faszia parietalaren gainean kokatzen da. Hau ere, erraineko kateko gongoilak bezala, ondestearen atzean kokatzen da.

Kasu honetan, Walterren gongoila da, zuzenean, diana terapeutikoa organo pelbiko genital eta zonalde perianalaren denerbazioa sinpatikoa lortu nahi denean.

Taula honek errai nerbio gehienen laburpena adierazten du:

Nerbio esplaknikoak Zuntz mota Sistema Jatorria Amaiera
Nerbio esplakniko kardiopulmonarrak Gongoil osteko zuntzak Nerbio sistema autonomo sinpatikoa Kate sinpatiko zerbikala eta goiko torazikoa Torax barrunbea (diafragmaren hasi baino lehen)
Nerbio esplakniko abdominopelbikoak 1.- Beheko torazikoak

a) Nerbio esplakniko nagusia

b) Nerbio esplakniko txikia

c) Nerbio esplakniko txikiena

Gongoil aurreko zuntzak Nerbio sistema autonomo sinpatikoa Beheko kate sinpatiko torazikoa

a) T5-T9 (T10) mailak

a) T10-T11 mailak

a) T12 maila

Barrunbe abdominala eta pelbikoa

(orno aurreko gongoiletarantz, errai eta giltzurrun gaineko guruinak inerbatzen dituztenak, diafragmaren azpitik)

a) Plexu zeliakoaren gongoilak

b) Plexu aortikoabdominalaren gongoilak

c) Goiko plexu hipogastrikoaren gongoilak

2.- Gerrikoak Gerriko kate sinpatikoa Beheko plexu mesenterikoko gongoilak, mesenterio arteko gongoilak eta goiko eta beheko plexu hipogastrikoaren gongoilak
3.- Errain hezurrekoak Erraineko kate sinpatikoa Errain-hezur aurreko gongoilak

Inerbazio sinpatikoaren ikuspegi orokorra aldatu

Esan bezala, kate ortosinpatikoaren maila desberdinetatik nerbio ugari atera egingo dira bakoitzari dagozkion erraien inerbazioa egiteko. Laburpen moduan, zenbait errien inerbazioa nola ematen den aztertzea komenigarria da idea global bat izateko:

  • Birika: T1-T5 zuntz sinpatikoak
  • Bihotza: ilduneko gongoiletatik (goiko, erdiko eta beheko) ateratazen diren gongoil osteko zuntzek (bihotz-nerbioa) edo 3-4 gongoil toraxikoetatik ateratzen diren gongoil osteko zuntzak (toraxeko bihotz adarrak).
  • Gibela eta urdaila: nerbio esplakniko nagusiko zuntzek egingo dute (sinapsia gongoil zeliakoetan egin).
  • Hestea:  T9-L2 mailetatik ateratako zuntzak toraxeko nerbio esplakniko nagusi, txiki eta txikienetik eta 1. eta 2.gerriko nerbio esplaknikoetatik bideratzen dira→ aorta giltzurrunetako gongoilera eta beheko eta goiko mesenterio gongoilera.
  • Giltzurruna: Nerbio esplakniko txikitik eta txikienetik (T10 eta L1) emango da inerbazioa eta baita lehenengo gerriko nerbio esplaknikotik.

Neuropatia autonomikoak aldatu

Neuropatia autonomikoak gorputz-funtzio inboluntarioak kontrolatzen dituzten nerbioak kaltetzen direnean gertatzen dira. Honek, presio arterialean, tenperaturaren kontrolean, digestioan, maskuriaren funtzioan eta sexu-funtzioan izan dezake eragina[9].

Nerbio-kalteak garunaren eta nerbio-sistema autonomoaren beste organo edo eremu batzuen artean bidalitako mezuak eragozten ditu; hala nola, bihotza, odol-hodiak eta izerdi-guruinak.

Nahiz eta neuropatia autonomikoen kausarik ohikoena diabetesa izan, beste nahaste batzuek, infekzio batek edota sendagaiek ere eragin dezakete nerbio-kaltea. Sintomak eta tratamendua kaltetutako nerbioen araberakoa izango da.

Erreferentziak aldatu

  1. a b «GANGLIOS DEL GRUPO VERTEBRAL O TRONCO SIMPÁTICO | Dolopedia» dolopedia.com (dolopedia) (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  2. a b Principios de neurociencia, Vías visceromotoras. «Shibboleth Authentication Request» login.ehu.idm.oclc.org (elseiver): 430-441. ISBN ISBN-108491133429. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  3. Medula osea. wikipedia.
  4. «Cadena simpático cervical o tronco simpático cervical» Dolopedia (dolopedia) (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  5. 🥇 CADENA SIMPÁTICA CERVICAL. Fácil, Rápida y Sencilla. (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  6. a b «Cadena simpático torácica o tronco simpático torácico» Dolopedia (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  7. «Ganglio impar o ganglio de Walther» Dolopedia (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  8. «Cadena simpática sacra o pelviana» Dolopedia (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  9. «Neuropatía autonómica - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu