Ipuru

Juniperus» orritik birbideratua)

Juniperus generoa, munduan oso zabaldurik dagoen zuhaitzen eta zuhaixken barnean sartzen den eta Cupressaceae familiaren parte den generoa da. Besteak beste ezagunak diren ipurua (gazteetan garatzen duten arantzadun hosto-geruza hil arte mantentzen dutenak) eta sabina (arantzadun hosto-geruza soilik lehenengo urteetan mantentzen dutenak) espezieak barne hartzen ditu.

Ipuru
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
KlaseaPinopsida
OrdenaPinales
FamiliaCupressaceae
SubfamiliaCupressoideae
Generoa Juniperus
Azpibanaketa
Ikusi testua

Hainbat ikuspuntu taxonomiko daude ipuruak sailkatzerakoan, baina oro har 50-70 ipuru-espezie daudela esan daiteke. Ipar Hemisferioan bizi dira, Artikotik Afrika tropikaleraino eta Erdialdeko Amerikako mendietaraino.

Generoko espezieen artean bi dira jateko onak diren bakarrak: ipar-ipurua (Juniperus communis) eta hego-ipurua (Juniperus oxycedrus). Gainera, ipar-ipurua gin edari alkoholduna egiteko erabiltzen da, beste osagaien artean.

Deskribapena aldatu

 
Juniperus chinensis espeziearen adarrak, hosto azikular gazteekin (ezkerrean) eta hosto ezkatara helduekin eta kono ar heldugabeekin (eskubian).

Tamainan eta forman aldakorrak diren zuhaitz edo zuhaixka monoiko edo dioiko erretxinadunak dira. Hosto iraunkorreko landareak dira, eta hosto azikularrak edo ezkata formakoak dituzte, dekusatuak edo ternatuak izan daitezkeenak. Gaztaroko hostoak azikularrak dira beti eta adinekoak azikularrak eta ternatuak edo ezkata formakoak[1].

 
Juniperus oxycedrus espeziearen hosto eta galbuluak.

Landare gazteek hosto arantzatsuak (azikularrak) edukitzen dituzte animalia belarjaleen aurkako babes mekanismo gisa. Espezie batzuetan hosto hauek heldutasunean ere mantentzen dira, egitura osoan edo soilik belarjaleak heltzen diren guneetan.

Kono emea da ernalketa gertatu aurretiko egitura sexual emea eta 3-8 ezkataz osaturik dago. Urtean behin edo bi urtez behin heltzen da eta galbulua izeneko baia-formako egitura mamitsua da. Galbuluak forma oboide edo biribildua eduki dezake eta axilarra edo terminala izan daiteke. Galbulu bakoitzak 1-12 hazi luzanga edo oboideak eta angelutsuak edo biribilduak ditu. Galbuluak gaztetan berdexkak izan ohi dira eta arre-gorrixkak edo beltz-urdinxkak heldutakoan.

Kono arrak axilarrak edo terminalak izan daitezke, 5-20 ezkata peltatuz edo subpeltatuz osatuak eta barnealdean 3-7 polen zakurekin.[2]

Espezieak aldatu

Genero honen espezie-kopurua ez dago argi, 50-70 espezie inguru daudela estimatzen da.

Hauek dira espezie nagusiak

Euskal Herrian topatzen diren espezieak aldatu

  •  
    Juniperus oxycedrus
    Juniperus oxycedrus - Hego-ipurua - Hego orrea: 10 m-ko altuerainoko zuhaixka edo zuhaitz txiki dioikoa. Ale gazteak oinetik hasita daude adarkatuak, baina ale urtetsuetan enborraren behealdeak adarrak galtzen ditu. Hostoak hirunaka bertiizilatuak, gaztetan erikoideak dira, eta adinekoak azikularrak; bi estoma zerrenda zuri gainaldean dituztelarik. Landare arretan konoak hostoen galtzarbean bakarka kokatzen dira, forma biribila dute eta kolore horixka edo gorrixka. Oin emeetan kono bakarti biribilduak agertzen dira. Galbuluak gaztetan berdexkak dira eta arre-gorrixkak heltzean. Bere banaketa area Mediterraneo inguruko lurraldeetara mugatzen da, mendi hegal lehor eta harritsuak kolonizatzen ditu, edozein lurzorutan. Gure herriko eskualde mediterraneoan bi subespezie agertzen dira: oxycedrus eta badia. Ebanisterian oso estimatua den egur gorrixka du eta destilazio lehorrrez ezaugarri antiseptiko eta bulnerarioak dituen miera edo orre-olioa lortzen da bertatik.[1][2]
  •  
    Juniperus communis
    Juniperus communis - Ipar-ipurua - Ipar orrea: 15 m-rainoko zuhaitz izatera irits daitekeen zuhaixka betiberdea da. Hostoak hirunako bertiziloetan kokatzen dira, gazteak erikoideak eta adinekoak azikular zurrun eta ziztatzaileak dira; gainaldean estoma zerrenda zuri bat dute, eta sarritan argizari geruza zuri-urdinxka batez estalita azaltzen dira. Landare dioikoa da, oin arretan kono bakarti eta horixkak hosto galtzarbetan kokatzen dira. Oin emeetako konoak gaztetan berde argiak dira eta heltzean beltz urdinxkak. Lurzoru mota guztietan ongi moldatzen da, Euskal Herrian erdi eta goi-mendi lurraldeetako landare bat da, eta hiru subespezietan banatuta dago: communis, hemisphaerica eta alpina.[2]
  •  
    Juniperus sabina
    Juniperus sabina - Miter arrunta: Adarrak zoru gainean etzanda dituelarik, metrotik gora hazten ez den zuhaixka da. Hostoak ezkata formakoak, dekusatuak eta zertxobait gilatuak dira; bizkarraldean erretxin guruin bat dutelarik, igurtzean usain bizia zabaltzen duena. Kono arrak eta emeak oin desberdinetan kokatzen dira (dioikoa); arrak adasken puntetan oso ugariak dira. Kono emeek galbuluak ematen dituzte, gaztetan berde argiak dira eta heltzean beltz urdinxkak. Gure herrian, Pirinioetan soilik agertzen den landarea da. Sendabelar gisa erabili izan da bere ezaugarri emenagogo eta arbotiboak direla eta; hala ere, landare toxikoa da eta dosi txikietan heriotza ekar dezake.[2]
  •  
    Juniperus thurifera
    Juniperus thurifera - Intzentsu-sabina: Kolore berde iluneko adaburu trinkoa duen 4-12m bitarteko zuhaitza da. Sustrai sakon eta hedatuz osatutako sustrai sistema du. Landare dioikoa da; oin arrek kono oboideak edo luzangangak ematen dituzte adasken puntetan. Oin emeetako konoak albo-adaska laburren muturrean kokatzen dira. Gure herrian, Nafarroan ale gutxi batzuk topa daitezke. Bere egurra oso aromatikoa da, intzentsua eskuratzeko erabilia izan da, baina bere hazkunde motela eta ugalketa zaila direla eta ez da basogintzan erabili.[2]
  •  
    Juniperus phoenicea
    Juniperus phoenicea, subsp. phoenicea - Miter feniziarra: 3-5 m-ko zuhaixka etzana edo 8 m arteko zuhaitz txikia izan daiteke. Adaburu biribildu oso trinkoa du, hosto ugariz estalitako adaska leunez osatua. Oinetik adarkatzen da eta harrietan irmoki errotzeko balio dion sustrai sistema indartsua du. Landare monoikoa da; kono arrak adasken puntetan azaltzen dira eta oboideak edo luzangak dira; emeak biribilduak dira, albo-adar laburren puntan ezarriak. Galbuluak gaztetan horixkak dira eta heldutasunean gorri ilunak. Mediterraneo inguratzen duten herrialdeetan bizi da. Euskal Herrian, ebro haranean gora igotzen da, Nafarroa eta Arabako hegoaldeko erdian hedatuz. Egurra zurgintzan eta ebanisterian estimatua den arren, gutxitan topatzen dira behar adinako tamainara iristen diren arbolak.[2]

Ekologia aldatu

Genero honetako espezieak ingurugiro desberdinetan (tenperatura desberdinetan, giro heze/lehorretan, altitude baxu/altuetan) garatu daiteezken zuhaitzak edo zuhaixkak dira.

Lahaul bailarako espezieak adibidez, ingurune lehor, arritsu eta lokaztuan bizi eta garatzen dira. Bertako baserritarrek zenbait gauzetarako erabiltzen dituzte espezie hauek, beraien hostoetan eta egurrean batez ere onuragarriak diren hainbat ezaugarri aurkitzen direlako[3].

Mendebaldeko Juniperusa izenez ezagutzen den Juniperus occidentalis espeziea, altitude altuko (800m-3000m) baso zabaletan garatzen da. Hedadura handia hartzeko joera izaten duenez, prezipitazio egunetan, urarekin kontaktu handia mantentzen duen zuhaitza da[4]. Hau kontuan hartuta eta jakinik hazten den ingurunean ez direla suteak gertatzen eta abereen presentzirik ez dagoela, espezie honen garapena eta ugalketa ezin hobea izaten da, modu honetan baso horien jabetza hartzen duelarik. “Inbasio” honek gainerako izakiei kalteak ekartzen dizkie; zurezko espezie asko, sagebrush eta aspen esaterako eta baita landare bedarkara nahikotxo kalteturik ateratzen dira, espezie honen loraldi masiboengatik. Horrenbestez, izaki kaltetu hauek ugalketa tasa murriztu egiten dute, haien ale kopuruak desagertzen direlarik. Hau guztia dela eta, inguruan bizi diren baserritarrek moztu edo lekuz aldatzen dituzte, inguruneari ahalik eta kalte gutxiena sortarazteko helburuarekin. Hala ere, esan beharra dago, inguru horretako animali ugaztun txikiei kalte egiten dietela mozketa hauek, babesleku giza erabiltzen dituzten zuhaitzak direlako[5][6].

Landaketa eta erabilerak aldatu

Ipuruaren galbuluek sukaldaritzan erabilera ugari dituzte. Haragiz osaturiko plater ugarietan erabili ohi izan da espezia gisa. Hala ere, erabilera garrantzitsuena ginebraren lurringarri gisa erabiltzearena da. Aipagarria da alkoholdun edari honen izena ipurutik datorrela, herberehetarrez genever izena hartzen baitu landare honek.

Historiaurreko herri asko ipuru basoen inguruan bizi ziren hauek eskaintzen zituzten elikagai, erregai eta lanabesak egin ahal izateko baliabideengatik. Genero honetako espezie ugari, Juniperus chinensis-en kasuan bezala, paisajismo zein baratzegintzan oso erabiliak izan dira. Hortaz gain, bonsai gisa ere oso erabiliak izan dira.

Marokon, Juniperus phoenicea zopa katiluetan erabilia da. Era honetan, urak zapore gozoa hartu eta hortzendako onurak ekartzen omen baititu.

Amerindiarrek ere erabilera anitzak eman dizkiote ipuruari. Diabetesa tratatzeko erabiltzen zuten landare hau. Saguetan egin diren ikerketa askok diotenez, diabetes estreptozocina (STZ) gaixotasunaren garapena atzeratu dezake ipuruak.[7] Navajoek ipurua emakumezkoen kontrazepziorako erabiltzen zuten.[8] XVII. mendeko Nicholas Culpeper mediku herboristak galbuluak asmaren sintomak arindu eta haurdunaldiak aurreratzeko erabili izan zituen.[9]

Ikerketa batzuen arabera, Juniperus generoko landare batzuetatik ateratako metanolak ezaugarri antimikrobianoak ditu, Acinetobacter, Staphylococcus eta Bacillus generoen hazkuntza inhibi dezakeelarik.[10]

Erabilera guzti hauetaz gain, ipuruen galbuluen destilazio bidez esentzia-olioak egin daitezke, hauek onura ugari ekar ditzaketelarik: hilekoaren zikloa erregulatu, arazo digestiboak arindu, etab.

Erabilera asko izan ditzakeen arren, kontu handiz erabili beharreko landare bat da kontraindikazio ugari izan ditzake-eta.

Alergia eragileak aldatu

Udaberrian, eremu lehorretako espezieek batez ere, polen kantitate handia askatzen dute kanpo mediora eta airearen bitartez, zuzenean eta erraztasunez iritsi daiteke gizakion biriketara. Beste zuhaitz askoren polenak moduan, Juniperus-aren polena alergien eragilea da gaur egun.

Normalean Juniperus espezien polenak, Cupressus espezien polenak eragiten dituen kalte berdinak eragiten ditu gure gorputzean, antzeko alergenoak baitituzte biek ala biek eta hortaz, gure immunitate sistemak modu berdinean erantzuten du bi kasuetan[11].

Polen honek beste alergia guztien antzerako kalteak ekartzen dizkio gure gorputzari; batez ere, etengabeko doministikuak eta sudurreko zein larruazaleko narritadurak sortzen ditu, antihistaminikoekin ondo tratatu daitezkeen kalteak hain zuzen ere.

Normala den moduan, ale arrak askoz ere alergenikoagoak dira, hauek baitira polena ekoizteaz arduratzen direnak, baina, hala ere, esan beharra dago, nahiz eta beste maila bateko kalteak sortu, emeak ere alergenikoak direla, polena harrapatzen baitute ugalketa sexuala burutzeko[11].

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Flora Iberica. Plantas vasculares de la Península Ibérica e Islas Baleares» www.floraiberica.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  2. a b c d e f I., Aizpuru,. (2010). Euskal herriko zuhaitz eta zuhaixken gida. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco ISBN 9788445730515. PMC 868798162. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  3. (Ingelesez) Rawat, Yashwant S.; Everson, Colin S.. (2012-10). «Ecological status and uses of juniper species in the cold desert environment of the Lahaul valley, North-western Himalaya, India» Journal of Mountain Science 9 (5): 676–686.  doi:10.1007/s11629-012-2274-0. ISSN 1672-6316. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  4. Chambers, Jeanne C.; Vander Wall, Stephen B.; Schupp, Eugene W.. (1999-01). «Seed and seedling ecology of piñon and juniper species in the pygmy woodlands of western North America» The Botanical Review 65 (1): 1–38.  doi:10.1007/bf02856556. ISSN 0006-8101. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  5. (Ingelesez) Bombaci, Sara; Pejchar, Liba. (2016-4). «Consequences of pinyon and juniper woodland reduction for wildlife in North America» Forest Ecology and Management 365: 34–50.  doi:10.1016/j.foreco.2016.01.018. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  6. (Ingelesez) Gallo, Travis; Stinson, Lani T.; Pejchar, Liba. (2016-10). «Pinyon-juniper removal has long-term effects on mammals» Forest Ecology and Management 377: 93–100.  doi:10.1016/j.foreco.2016.06.029. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).
  7. (Ingelesez) Swanston-Flatt, S. K.; Day, C.; Bailey, C. J.; Flatt, P. R.. (1990-8). «Traditional plant treatments for diabetes. Studies in normal and streptozotocin diabetic mice» Diabetologia 33 (8): 462–464.  doi:10.1007/BF00405106. ISSN 0012-186X. (Noiz kontsultatua: 2019-03-18).
  8. L., Tilford, Gregory. (1997). Edible and medicinal plants of the West. Mountain Press Pub ISBN 0878423591. PMC 36307825. (Noiz kontsultatua: 2019-03-18).
  9. 1616-1654., Culpeper, Nicholas, (1985) Culpeper's complete herbal. Omega ISBN 1850070261 PMC 60106052 .
  10. «ScienceDirect» www.sciencedirect.com  doi:10.1016/s0378-8741(03)00006-0. (Noiz kontsultatua: 2019-03-18).
  11. a b Leo., Ogren, Thomas. The allergy-fighting garden : stop asthma and allergies with smart landscaping. (First edition. argitaraldia) ISBN 9781607744917. PMC 883207189. (Noiz kontsultatua: 2019-03-17).

Kanpo estekak aldatu