Ireki menu nagusia

Jose Sagarna Uriarte (Zeanuri, Bizkaia, 1911ko azaroaren 11- Larruskain, Xemein, Bizkaia, 1936ko urriaren 20a) Erromatar Eliza Katolikoko abadea izan zen, Gerra Zibilean frankistek eraila.

Jose Sagarna
Bizitza
Jaiotza Zeanuri1911ko azaroaren 11
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Larruskain1936ko urriaren 20a (24 urte)
Heriotza modua : fusilamendua
Jarduerak
Jarduerak apaiza

BizitzaAldatu

Zeanurin jaio eta bertan eman zuen lehen meza 1935ean. Egun berean, udalez Xemeingoa baina elizaz Berriatuakoa den Larruskain parrokiako ardura eman zioten. Auzoko baserritar gehienen begietara, Sagarna abade jatorra zen, gaixoak eta pertsona nagusiak bisitatzeaz eta umeei dotrina emateaz arduratzen zena. Manuel Altzibararetxuluaga auzoko jauntxoa, aldiz, ez zegoen gustura berarekin, Sagarnak ez baitzuen bere pribilejiozko eskubideak mantentzeko asmorik. Besteak beste, ez zuen Altzibararetxuluagaren etxean bizi nahi, ezta bere loba sakristau izendatu ere. Gainera, lekukoen arabera, ezkontzaz kanpoko harremanen kontra hitz egin ohi zuen sermoietan (Altzibararetxuluaga berak horrelako harremanen bat omen zuen auzoko irakaslearekin).

Handik gutxira, 1936an, Berriatuako parrokiaren ardura eman zioten, eta Joseba Andoni Urresti abade ordarroarra izendatu zuten Larruskaingo parroko. Gerra Zibila lehertzean, baina, Urrestik alde egin zuen Larruskaindik; Sagarnak ere ihes egiteko asmoa zeukan, baina ez zuen lortu. Ondorioz, Larruskaingo parrokia arduradun gabe zegoenez, bertara itzuli zen, 1936ko urriaren 17an, ezer gertatuko ez zitzaion ustetan.

Urriaren 19an atxilotu zuten, eta frankisten aginte postura (Mandiola Goikoa baserrira) eraman zuten, Molina komandantearen aurrera. Bertan agertu zen Altzibararetxuluaga ere; izan ere, berak salatu zuen Sagarna, abertzalea zelakoan (mendeku hutsa izan bazen ere). Urriaren 20an Amulategi baserriaren ondora eraman zuten, Larruskaingo elizara begira hil zezaten eskatu zielako. Bertan tirokatu eta, manta batean bilduta, Larruskaingo hilerrira eraman zuten bertan lurperatzeko.

Hil ostekoakAldatu

Hil ondoko hurrengo egunean, obus bat bota zuten errepublikarrek eta Mandiola Goikoa baserria jo zuen. Molina komandantea harrapatu eta zauritu egin zen. Azpeitiko ospitalera zeramatela hil zen.

Jose Sagarna hil zuten tokian zurezko makila bat jarri zuten auzotarrek, hildako abadearen oroitza gordetzeko. Halaxe mantendu zuten 40 urtez baino gehiagoz.

1958ko ekainaren 19an, ekaitzak heriotza tokitik gertu zegoen sagar arbola bat bota zuen. Urte bereko azaroan, baina, inork jakin gabe, zuhaitza berriz tente jarri zela esan zuten ingurukoek. Orduan Sagarnaren mirari bat zelakoan, inguruko herrietatik erromes etortzen hasi ziren hainbat pertsona. Garaiko agintari frankistek isunak ezarri zizkieten bertara zihoazenei. Handik aste batzuetara, sagar arbola berez erori zen.

1988an, Markina-Xemeingo udalak harrizko gurutze bat jarri zuen zurezko makila egon zen lekuan.

Kanpo estekakAldatu