José Rodríguez-Medel
José Rodríguez-Medel Briones (Siruela, Badajoz, 1888ko abenduaren 9a – Iruñea, 1936ko uztailaren 18a) Nafarroako Guardia Zibilaren komandantea izan zen Espainiako Bigarren Errepublikan. 1936ko uztailaren 18an hil zuten, Mola jeneralaren tropa matxinatuei aurre egiteko guardiak antolatzen saiatu zenean.
José Rodríguez-Medel | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Siruela, 1888ko abenduaren 9a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Iruñea, 1936ko uztailaren 18a (47 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | militarra |
Zerbitzu militarra | |
Gradua | komandante |
Parte hartutako gatazkak | Espainiako Gerra Zibila |
Biografia
aldatuBizitza pertsonala eta militarra
aldatuJosé Rodríguez-Medel armadari lotutako familia batean sortu zen, aita militarra baitzuen. Ikasketen amaieran lotinat maila lortu zuen. Akademia militarrean Emilio Mola ikaskide izan zuen.[1]
Bigarren Errepublikaren aurretik
aldatuGuardia Zibileko ofizial gisa iritsi zen Iruñera 1908an, 20 urte zituela, nahiz eta Madrilera joateko behin eta berriz eskatu. Iruñean ezagutu zuen bere emaztea eta zazpi seme-alaben ama izango zena, Lucía Carmona iruñarra, harekin ezkondu zen 1911ko irailaren 21ean, garai hartako diziplina militarreko araubideak ezkongabe egotera behartzen zuen aldia iragan ondoren.[1] Zazpi seme-alaba izan zituzten.[2]
Florencio Alfarorekin adiskidetasun handia izan zuen; denboraren poderioz, hura zinegotzi izatera iritsi zen Iruñeko Udalean.
Granadara joan zen familiarekin, lan zibil batera, diru gehiago irabazteko asmoz; Ingeniari mekanikoaren titulua lortu zuelarik, matematika iraakasle gisa aritu zen lanean.[3] 1917an, Espainiako Berrezarkuntza sistemaren lehen haustura gertatu zenean, Defentsako Batzar Militarrak sortu ziren. Rodríguez-Medelek soldatarik gabeko eszedentzia egoera baliatu zuen, era horretan maila militarrari eusten baitzion, baina, aldi berean, bere familia ugariarentzat diru sarrera handiagoak emango zizkion lan zibilean jardun baitzezakeen.
1933an itzuli zen Guardia Zibilera, komandante gisa; Madril eta Iruñeko destinoak eskatu zituen. Madrilera bidali zuten, Federico Santiago brigadako jeneralaren agindupean landa laguntzaile gisa, harik eta hura mailaz igo zuten arte. Orduan, posturik gabe gelditu zen, José Sanjurjo jeneralak De La Lama komandantea izendatu baitzuen zeregin hartan. Horrela, Sebastian Pozas jeneralaren aginduen zain gelditu zen, destino berri bat eman arte.
Bitartean, Nafarroan, sektore errepublikanoak mehatxupean sentitzen ziren, Varela jeneralak antolatutako ikurren eta milizia armatuen erakustaldien aurrean. Diario de Navarrak 1936ko apirilean Madrilen Errepublikaren bosgarren urteurrena ospatzeko desfilean eta beste ekitaldi batzuetan izandako gertakariak jasotzen zituen (Guardia Zibileko lotinantorde Anastasio de los Reyes-en ehorzketan gertatutako gorabeherak eta Casares Quirogaren presidentearekin elkarrizketatzera joan ziren Guardia Zibilen buru eta ofizialen atxiloketa).[4]
Iruñera
aldatuManuel Azañaren gobernuak Iruñera eraman zuen Emilio Mola jenerala, zigor gisa. Han, matxinada militarra prestatzeko falangistekin eta karlistekin konspiratzen jarraitu zuen, militarren buruzagitza inoiz albo batera utzi gabe. Mola jeneralak ez zuen monarkiaren berrezarpenik aurreikusten, baizik eta eskuindarren errepublika autoritarioa berrezartzea, aztarna liberal batzuekin.[5] Horrela, Estatuko Segurtasuneko zuzendaria Iruñera joan zen, Errepublikako lehendakariaren ebazpen batekin batera. Ebazpen horrek Guardia Zibileko zortzi buru beste horrenbesteko destinotan izendatzea erabaki zuen, horien artean José Rodríguez-Medel Nafarroako Guardia Zibilaren komandantziaren arduradun izendatzea. Familiari agur esan zion egun batzuetarako.[6] Horrela, 1936ko ekainaren 8an iritsi zen Iruñera Rodríguez-Medel, guardia zibilaren komandante gisa.[3]
Mola jeneralak ezaguna zuen Rodríguez-Medel, Infanteriako Akademian elkar ezagutu baitzuten; izendapen hori oztopotzat jotzen zuen, noski, bere matxinada planetarako. Izan ere, Rodríguez-Medelek begirunezko diosala aurkeztua zien, izendatu orduko, Nafarroako gobernadoreari eta Iruñeko alkate Tomás Matari, baina ez Mola buru zuen agintaritza militarrari. Irain pertsonaltzat hartu zuen Molak, eta bere bulegora etortzeko deitu zion Rodríguez-Medeli. Guardia Zibilaren uniformearekin joan zen komandantea; jeneralak esan zion ezpata bulegotik kanpo utzi behar zuela, baina hark erantzun zion jantzi ofizialari zegokion ezpatarik gabe ez zela sartuko, han baitzegoen Guardia Zibilaren komandantziako buru Nafarroan zegokion karguaz.[7]
Casares Quirogak konspirazio militarraren berri eman ziolarik Ministroen Kontseiluari, eta Errepublikak erantzun bat prestatzeko astirik gabe, Iruñean milizia erreketeen buruak Komandantzia militarrera joan ziren, matxinadaren aldeko aginte postua bertan ezartzeko. Orduan, Guardia Zibileko ikuskatzaile nagusiak, Santiago Pozas jeneralak, Rodríguez-Medeli agindu zion bere gizonekin defentsa lerro bat antolatzeko Tafallan, Nafarroa hegoaldetik etor zitezkeen tropa matxinoei aurre egin ahal izateko.[8]
Heriotza
aldatuAzken orduan, Emilio Mola negoziatzen saiatu zen Rodríguez-Medelekin, baina honek, gobernuari leial izanik, eskaintza baztertu egin zuen. Elkarrizketa hau izan zuten telefonoz, 1936ko uztailaren 18an:[9]
« | Molak telefonoz galdetu zion:
— Orduan, zuretzat ez da batere garrantzitsua Espainiako salbamendua? Zer egingo zenuke komunismoa ezarriko balitz? — Nire betebeharrari aurre egitea -erantzun zuen Medelek. — Eta zein betebehar izango zenuke? — Eratutako boterearen aginduak betetzea. — Bada, orduan, eutsi beharko diezu ondorioei. |
» |
Rodríguez-Medel probintziako gobernadore zibilarekin bildu ondoren, Guardia Zibileko ikuskatzaile nagusi Pozas jeneralaren agindu zehatz bat jaso zuen: guardia zibilaren indarrak batu eta Tafallan ezarri nahi zituen; horretarako, bere guardia zibilen, eraso guardien eta langileen erakundeen laguntza izan behar zuen, batez ere probintziaren hegoaldean, Nafarroa hegotik babestu ahal izateko.[10] Rodríguez-Medel komandantziara iritsi zenean, agindua eman zuen guardia guztiak prest egon zitezen, komandantzia Tafallara eramateko. Iluntzeko 20:00ak ziren, guardia zibilak ilaratan zeudela, sutsu mintzatu zitzaien:
« | Espero dut denak nire atzetik etortzeko prest egongo zaretela. Ez dut zertan esan nora goazen, ezta zertara ere; militarrak behartuta daude buruzagiei jarraitzera, besterik gabe. Esan dezakedan gauza bakarra da ahalegin gorena egin behar dela, gobernuak behar duen mailakoa. | » |
Hitzaldiaren amaieran, «Viva la República» ozen bat oihukatu zuen. Isiltasuna nagusitu zen, eta berriro ere «Viva la República» errepikatu zuenean,«Viva España» batez erantzun zioten guardia zibilek.
Rodríguez Medel komandantziatik Ansoleaga kalera irten zen, han zegoen zutabearen buru egitera. Bidean, matxinatutako guardia zibil batek atzetik tiro egin eta erail zuen.[11]
Bertsio ofiziala matxinatuen aldeko Guardia Zibilaren kapitain baten hitzetan oinarritu zen:[12] Rodríguez-Medelek guardia zibilak komandantziatik atera nahi izan zituenean, Armadari aurre egiteko, guardia zibilek uko egin zioten aginduari; orduan Rodríguez-Medelek pistola atera eta guardia zibil bat zauritu omen zuen, eta erasoaren aurka egin ziotenean hil omen zen. Alabaina, bertsio hori ez dator bat lekuko batek azaldutakoarekin.
Frogatuta dago Rodríguez-Medelek bi tiro jaso zituela bizkarrean, Iruñeko Epaitegiko ofizialak fede eman zuen bezala. Epaitegiak gorpua altxatzen parte hartu zuen eta familiak urte luzez gordeta edukitako komandantearen jakaren zuloetatik hala egiazta daiteke. Horrek berresten du erailketa bat izan zela, inolako liskarrik izan gabe.[13]
Ziurtasunik ez dago nor izan ote zen Rodríguez-Medel komandantearen hiltzailea.
Hilketaren ondoren, Beorlegui koronelak egoera kontrolpean hartuta, Martínez-Friera eta Fresno Urzaiz ofizialak atxilotu zituen, komandantziaren bigarren mailako agintariak, matxinada frankistaren aurka agertu baitziren..
Matxinatuak hilketa ezkutatzen saiatu ziren; uztailaren 19ko Diario de Navarra egunkariaren azalean komandantearen heriotzaren aipamen txiki bat argitaratu zen: «Kuartelean gertatutako zoritxarreko istripu baten ondorioz, izateari utzi zion», eufemismoaz jantzi zuen erailketa.
Irratiko uhinen ondorioz iritsi zitzaion familiari heriotzaren berri. Emaztea eta alaba bat Iruñera joan ziren gorpua jasotzera, baina militarrek hilobi komun bat baino ez zieten eskaini. Iruñeko familia baten hilobian ehorzteko baimena lortu zuten, baina inolako idazkunik ipini gabe.[14]
Gerra zibila amaitu eta urte batzuk geroago, 1944an,Rodríguez-Medelen alargunak heriotzaren ziurtagiri bat eskatu zion Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, bizi aseguruaren kalte-ordaina eskuratu ahal izateko, non agertu behar baitzen, argi eta garbi, gerraren ondorioz gertatutako heriotza zela. Zuzendaritza Nagusiak 1944ko uztailaren 7an erantzun zion ezin zela halako ziurtagiririk egin, Rodríguez-Medelen heriotza gertatu baitzen «gure Altxamendu Aintzagarriaren oinarrien aurka agertzeagatik».[15]
Errepresioa buru errepublikanoen aurka
aldatuMatxinada militarra izan eta aste batzuetara, Ricardo Fresno Urzaiz Guardia Zibilaren kapitaina ere erail zuten;[16] Rodríguez-Medelen laguntzaile hurkoa izan zen.
Iruñeko Guardia Zibileko komandantziako beste ofizial batzuk ohorezko epaitegietara eraman zituzten, hala nola Lucinio Cervantes Iñigo lotinanta, Domingo Auría kapitain matxinatuari laguntza ez emateagatik.[17]
Pablo Ardanaz Iruñeko komandantziako guardia zibila, berriz, gerra kontseilu batean epaitu eta heriotza zigorra ezarri zioten; 1936ko urriaren 31n fusilatu zuten Iruñeko Zitadelan.[18]
Lehen biktima?
aldatuRodríguez-Medel Penintsulan gerra zibilaren lehen biktima izan zela esan bada ere, uztailaren 18ko arratsaldeko hiruretan Queipo de Llano jeneralak gerra egoera aldarrikatu zuenean Sevillan, berehala liskarrak izan ziren matxinatutako indar militarren eta eraso guardien artean, baita artilleriako sutearekin ere. Han gertatu ziren lehen hildakoak.[19]
Hori hala izanik ere, gerra ekintzak albo batera utzita, matxinatu frankistek penintsulan eraildako lehena Rodríguez-Medel izan zela esan daiteke.
Bibliografia
aldatu- Gonzalo Jar Couselo (1991) «La Guardia Civil en Navarra (18-07-1936)». Prícipe de Viana, 192. zk., 281-323. or. ISSN 0032-8472.
- Isabel De Andrés (1997) «José Rodríguez-Medel (1908-1936)». Estudios de Ciencias Sociales (10), 89-99. or. ISSN 1131-6632.
- Mikel Donazar Jaunsaras (2008) «El jefe de la Guardia Civil en Navarra fue asesinado por "oponerse a nuestro glorioso alzamiento"» in Hermes: pentsamendu eta historia aldizkaria, 26. zk., 68-75. or. ISSN 1578-0058.
- Edmundo de Fayanas Escuer (2020) «El asesinato del Comandante de la Guardia Civil, José Rodríguez-Medel Briones, pamplona, 1936».
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b (Gaztelaniaz) Nuevatribuna. «El asesinato del Comandante de la Guardia Civil, José Rodríguez-Medel Briones, pamplona, 1936» Nuevatribuna (Noiz kontsultatua: 2021-10-13).
- ↑ Donazar (2008), 68. or.
- ↑ a b Donazar (2008), 70. or.
- ↑ Jar (1991), 284-287. or.
- ↑ Errepublikako gobernuak Mola Iruñera bidaltzeko azaldu zituen argudioak eta itxaropenak okerrak izan ziren, orobat, Nafarroako errekete eta eskuindarren sareekin bat egin baitzuen. Ikus Jar (1991), 282. or.
- ↑ Gonzalo Jar-en iritziz, Rodriguez-Medelengan Errepublikako gobernuarekiko fideltasuna alderdikeria edo ideologia ororen gainetik dago: Iruñean izan zitzakeen arriskuez jabeturik, horregatik utzi zuen familia Madrilen. Ikus Jar (1991), 288. or.
- ↑ Donazar (2008), 71. or.
- ↑ Donazar (2008), 72. or.
- ↑ Jar (1991), 303-305. or.
- ↑ Jar (1991), 305-307. or.
- ↑ Ikus Jar (1991), 308. or. Dena dela, ikerlariak dioenez (307. or.), Rodríguez-Medelen erailketaren aurreko uneei buruz oso iturri gutxi dagoenez, xehetasunak tentuz hartu behar dira.
- ↑ Domingo Auria kapitainak egindako aitorpen bat izan zen Rodríguez-Medelen erailketaren bertsio ofizialaren oinarri. Ikus Jar (1991), 309. or.
- ↑ Jar (1991), 310. or.
- ↑ Donazar (2008), 73. or.
- ↑ Ikus Donazar (2008), 73. or. Horrek gezurtatzen du 1936an zabaldutako bertsio ofiziala.
- ↑ Jar (1991), 320-321. or.
- ↑ Jar (1991), 312-322. or.
- ↑ Donazar (2008), 74. or.
- ↑ Ikus Antonio Alonso Baño «Les premières victimes du soulèvement de 1936 furent les chefs de l'armée» in Le Monde, 1971-07-20.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Fernando Mikelarena «La trama civil derechista y el asesinato de Rodríguez-Medel».
- Jose Luis Pitarch «Rodríguez-Medel, un guardia civil con honor» (Ahaztuak 1936-1977).
- Bideoa EITB «Rodríguez-Medel, el primero de la lista».