Izaskun Zubizarreta Gerendiain
Izaskun Zubizarreta Gerendiain (Oiartzun, 1970eko irailaren 30a – Iruñea, 2024ko abuztuaren 5a) emagina lanbidez eta mendizalea pasioz. Goi mailako eskiatzailea, korrikalaria eta txirrindularia izan zen. Emaitzei erreparatuz gero, Euskal Herrian inoiz izan den mendiko eskiatzaile onena izan da, baina, lehiaren gainetik, mendia «osotasunean» maite zuen.
Izaskun Zubizarreta Gerendiain | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Izaskun Zubizarreta Guerendiain |
Jaiotza | Oiartzun, 1970eko irailaren 30a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Iruñea, 2024ko abuztuaren 5a (53 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea Bartzelonako Unibertsitatea Erizaintza emagin |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | mendi-zeharkako eskiatzailea, txirrindularia, lasterkaria eta emagina |
Bizitza
aldatuElizalde auzoan jaio zen, bost senideren artean bigarrena. Ama Pilar Gerendiain Orderiz, Oskotz herrikoa da eta aita Luis Zubizarreta Letamendi, Aretxabaletakoa. Biak izan ziren euskara galdutako belaunaldikoak, baina era berean, euskara berreskuratzea lortu zutenak. Ezkondu ondoren Oiartzunen bizitzen jarri ziren. Garbi zuten euren seme-alabek ikastolan ikasi behar zutela eta guztiak Haurtzaro ikastolan hezi zituzten. Izaskunek, beraz, lehen ikasketak Haurtzaron burutu zituen eta Orereta ikastolan BUP-COU.
1991ean lortu zuen erizaintza titulua eta Bartzelonara joan zen emagin espezialitatea burutzera 1996ean.
Osakidetzan erizain lanetan hiru urtez aritu ondoren, emagin lanarekin lotutako lanpostuak izan zituen. Zumarragako ospitaleko erditzeetan eman zituen zortzi urte eta Elizondoko plaza eskuratuta, Bortziriak, Malerreka eta Baztan eremuko anbulatorioetan, emakumeen aholkulari lanean jardun zuen. Bere egitekoa emakumeen sexualitatea, haurdunaldia eta edoskitze-prozesuarekin lotuta zegoen.[1][2] Emagintzak asko gogobete zuen, lanbidea bokazio bihurtzeraino.
2024ko abuztuaren 5ean gaixotasun baten ondorioz hil zen.[3]
Mendizaletasuna eta goi mailako kirolaria
aldatuIzaskunek bere burua mendizale modura definitzen zuen. Mendizale eta furgonetazalea. Hasieran Pirinioetako zenbait gailur garrantzitsu garatu zituen: Aneto, Aspe, Posets, Vignemale… batzuk oinez eta beste batzuk, berriz, eskiekin.
Gero, mendia gehiago ezagutzeaz gain ziurtasuna hartu eta beste gailur garrantzitsu batzuk igo zituen: Elbrus, Mont Blanc, Cervino, besteak beste, Europan; Kilimanjaro Afrikan, Aconcagua eta zenbait sumendi Hego Ameriketan, Lenin, Pamir mendikatean eta G8; Karakorumen, Pakistan.[4]
Mendizaletasunaren bueltan kirol modalitate desberdinak landu zituen, korrikalari, txirrindulari eta mendi eskiatzaile moduan.[5]
2006ean, 36 urte zituela kasualitatez hasi zen mendi eskian lehiatzen. Bere lehen lehiaketan 3. postua lortu zuen eta segidan sartu zen Espainiako Selekzioan. Hortik mundialetara egin zuen salto.
2008an izan zuen, emaitzei erreparatuta bederen, urterik onena. Munduko Kopako hainbat probatan lehiatu zen, eta hainbatetan igo zen podiumera. Cima d’Asta Skialp proban (Italia) bigarren izan ziren Sophie Dusutoir andorratarra eta biak; Andorrako Font Blancako proban hirugarren izan ziren; Tris Rotondoko proban, laugarren... Banaka, Dolomiti de Brentako proban (Italia) bosgarren izan zen, Aran ibarreko lasterketan zortzigarren... Urte berean, Munduko Txapelketan ere zazpigarren izan zen, bai banaka eta bai binaka, Emma Roca kataluniarrarekin batera.[6]
Bere ibilbide oparoan aipatzekoak dira hauek ere:
- 2011ko Espainiako Mendiko Eskiko Kopako txapelduna da, Emakumezkoen Senior eta Beteranoen kategorietan.[7]
- 2011ko 7. Camille Xtrem irabazi zuen.[8]
- 2013an, Euskal Herriko mendi eskiko txapelketa, Antxon Bandres II. Memoriala, irabazi zuen.[9]
- 2018an, Euskal Herria Mendi Erronka irabazi zuen.[10][11]
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Zein da ama izateko adin egokia?» IKASBIL.
- ↑ «Dokuteka: Zein da ama izateko adin egokia?» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2024-08-06).
- ↑ Alaine, Aranburu(e)ko. (2024-08-06). «Izaskun Zubizarreta mendizale oiartzuarra zendu da» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-08-06).
- ↑ Ikastola, Haurtzaro Ikastola. (2013). «Izaskun Zubizarreta munduko onenen artean» Txinpart (Donostia: Haurtzaro Ikastola) 56: 35. ISSN SS-129/2001 L.G.: SS-129/2001..
- ↑ «“Euskaldunok maldan gora hobeto moldatzen gara maldan behera baino”» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-08-06).
- ↑ «Izaskun Zubizarreta mendizalea hil da» Berria 2024-08-06 (Noiz kontsultatua: 2024-08-06).
- ↑ «Izaskun Zubizarretari buruzko berriak» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-08-06).
- ↑ «Camille gogorrenean Angel Arrieta laugarrena - Sakana» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2024-08-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) GOIZARIN. (2013-02-23). «Lide Leibar eta Izaskun Zubizarreta garaile Euskal Herriko mendi eskiko txapelketan» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-08-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) SER, Cadena. (2018-03-14). «Manuel Pérez e Izaskun Zubizarreta ganan el Campeonato de España de Esquí de Montaña» Cadena SER (Noiz kontsultatua: 2024-08-06).
- ↑ BASTEROBERRI. (2018-06-05). «Izaskun Zubizarreta garaile IV. EH Mendi Erronkan» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-08-06).